Herriarentzako izango den sagardoa
Oiartzuar talde batek sagardoa egiteko prozesua hasi berri du. Bi helburu izango dituzte. Alde batetik, herriko eragileentzako sagardoa ekoiztea. Bestetik, haur eta gazteek ikas dezaten nola egiten den sagardoa.
Eguraldi ona lagun zutela, 40 bat lagun Done Eztebe plazan elkartu ziren pasa den igandean. Baserri bateko sagasti batera joan ziren. Sagarra biltzera animatu zirenak haur, gazte eta helduak izan ziren. Helburuak: Oiartzunentzako izango den herri sagardoa egiten hastea, eta haurrek prozesua ezagutzea.
Jexux Aduriz Katxondo da sustatzaileetako bat. 2018ko Sagardo Eguna bukatu bezain pronto hasi ziren herriko sagardoarena planteatzen, festak aurten 30 ekitaldi bete dituelako. Oiartzuar boskote bat mahai baten bueltan eseri zen, eta pentsatzen hasi ziren ea zer pauso eman behar zuten. Handik eta hemendik, lortu zituzten lehengaiak eta baliabideak, eta 2019rako sagardoa prestatu zuten, proba moduan.
2020rako sagardoa prestatzen pasa den asteburuan hasi ziren, nahiz eta Adurizek berak onartu duenez, jarduera asko elkartu ziren. Alde batetik, Girizia mendi taldearen irteera. Bestetik, Gurutzeko festak. Auzo horretako ospakizunek astelehenera arte atzeratu zuten sagarra jotzea, matxaka dagoen baserria bertan baitago. «Dena ezin da harrapatu», baietsi du Adurizek.
Igandekoari dagokionez, lehendabizi, zortzikote bat elkartu zen, eta lehen sagarrak biltzen hasi ziren. Hala azaldu du Adurizek: «Beste sagasti bat bagenuen, baina umeentzako eta abar nahiko traketsa zen, eta goiz-goizetik hasi ginen gu geu sagarra biltzen. Sagar dezente bildu genuen han». Beste sagastia haurrak erraz ibiltzeko modukoa zen. Saio polit bat egin ondoren, hamaiketakoarekin gozatzeko aukera izan zuten. Sagardoarekin, noski.
Herriak aprobetxatzeko
Igandean hasi zen prozesua, modu solidoan; eta modu likidoan bukatuko du. Abendu-urtarrilean iritsiko da sagardoa, eguraldiaren arabera. «Egun», esan du Adurizek, «sagardotegi handietan, martxorako egin nahi badute, egiten dute, hotzak-eta kontrolatuta dituztelako».
Hala ere, hori ez da izango Oiartzungo herri sagardoak hartuko duen bidea. Oiartzuar taldeak bide zaharra hartu nahi du, garai batekoa: «Guk, garai bateko ohiturak jarraituz, barrikak modu horretan bete nahi ditugu, natural-natural, ezer sartu gabe». Hego haizeak jotzen badu, sagardoa lehenago ateratzen dela jakinarazi du.
Inolako helburu komertzialik gabe sortutako sagardoa da oiartzuar taldeak egingo duena; herriko sagardoa herritarrentzako. Pasa den xanistebanetako Arkume Egunean 700 botila atera zituzten. «Orduan, gazteek ez ziguten eskatu, aukeran gutxi samar egin genuelako, baina datorren urterako… zer egin Oiartzunen, horretara eramango dugu sagardoa», zehaztu du. Aurten, baina, sagar asko dago, eta kupelez gain, barrikak ere beteko dituzte. «Edozer gauza antolatzen badu gaztetxeak, edo edozein gazte taldek, barrika emango diegu. Aurtengoarekin aukera daukagu, eta hori egiten ari gara».
Igandean ateratakoarekin, 750 litro sagardo egingo dituztela kalkulatu zuten, eta gehiago bilduko dutenez, 50na litroko lau barrika beteko dituztela. «Barrika txikia denez, sagardoa lehenagotik etortzen da, eta barrikoteak egiteko ongi etortzen da. Gazteei aukera eman nahi diegu, ordaintzen egon beharrean guri eskatu eta eramango diegu».
Sagardoa iluna da, berehala belzten den horietakoa, garai batekoa bezalakoa
Beste herrietako eragileek horren berri balute galdetzerakoan, Adurizek esan du ez duela dei efektuaren beldurrik: «Baldin badago, ez da txarra izango. Oreretakoekin kristoren harremana daukat, eta Oreretako talde bat etortzen bazaigu sagardo eske, ‘aiba hi, har ezak!’. Sagardoa baldin badago, behintzat, horretarako dago: zabaltzeko».
Sagardo iluna
Sagardoaren ezaugarriei dagokienez, xanistebanetan oraindik egiteke zegoen sagardoa. Orain omen da sagardoa dastatzeko momenturik egokiena. «Igandean probatu genuen, eta jendea txoratuta zegoen, ona zegoelako. Ez da nik esaten dudalako. Gustu ona du, eta kolorea ilunagoa da, beste garai batekoa.
Botila irekitzen baduzu, segituan belzten den horietakoa da». Edadetuek sagardoa ikusi dutenean, sagardo ilunaren nostalgia puntua sartu zaie, eta ea zenbatetan saltzen duten galdetu izan diete. «Esaten diegu ez dela saltzeko. Etorri herrian dagoen garaian, eta probatu», gaineratu du Adurizek.
Jakin-mina sagardo ilunagoa ezagutu duten aiton-amonei nostalgia piztu zaielako, eta haurrek prozesua nolakoa den ezagutu nahi dutelako. Datorren zita urriaren 5ean jarriko dute, 09:00etan, Oiartzungo plazan. Asteburu honetarako gelditu nahi zuten, baina arazo txiki batzuk direla eta, ez da hala izango.
Geratu diren egun horretan, lehendabizi sagarrak biltzera joango dira, eta ondoren bakoitza bere etxera —edo nahi duen tokira— joango da bazkaltzera. Atseden pixka baten ondoren, baserri batera bueltatuko dira, sagarra jotzera.
Adurizek esaten du igandeko saioan haurrek galdetzen zutela ea noiz edango zuten zizarra. Orain badakite. Egindako lanaren sari bikaina izango da.