Ander Lizarraldek eskura du final laurdenetara pasatzea
Zumaiako saioan hirugarren izan da bertsolari oiartzuarra. Hurrengo fasera pasatuko diren hamazazpi bertsolarietatik laugarren dago sailkapenean, oraingoz.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren saioa egin zuten atzo arratsaldean Zumaiako Aita Mari zineman, sarrera guztiak agortuta zirela. Oholtza gainera sei bertsolari igo ziren: Ander Lizarralde oiartzuarra, Unai Muñoa, Jokin Bergara, Iñigo Gorostarzu, Beñat Jauregi eta Gorka Maiz. Azken hori izan zen puntu gehien bildu zituena (441 guztira).
Ander Lizarralde hirugarren postuan gelditu zen, 432,5 punturekin, bigarrenak —Unai Muñoak— baino bi gutxiago. Final laurdenera pasatuko den ala ez jakiteko itxoin egin beharko du, baina aukera asko izango ditu.
Hurrengo fasera zazpi saioetako irabazleak —lau egin dira orain arte— eta puntuazio onena jaso dituzten beste hamazazpi bertsolari pasatuko dira. Bigarren multzo horretan, oraingoz, laugarren postuan dago Lizarralde, eta hondamendia gerta beharko litzake final laurdenetan ez egoteko. Lizarraldek berak azaldu duenez, presioa handia izaten da modu honetako txapelketetan, eta igandean pixka bat lasaiago joan zen, fasez pasatzeko listoia ez delako oso altua.
Final laurdenetan zain egongo da Alaia Martin. Izan ere, 2015eko txapelketako finalista izanda, fase horretan sartuko da, gainontzekoekin batera.