Ander Iñarrak aho zapore gazi-gozoa ekarri du Bulgariatik
Ander Iñarra bigarren izan zen igandean jokatu zen mendiko lasterketen Munduko Kopako lasterketan. Irabazteko aukera izan zuen, ordea.
Migu Skyrunner World Series mendiko lasterketen Munduko Kopako 14. proban, Bulgariako Bansko herriko Pirin Ultra Skyracen, bigarren izan zen Ander Iñarra lezoarra igandean. Iñarraren Munduko Kopako zazpigarren proba izan zen, parte hartu duen guztietatik luzeena: 66 kilometrokoa zen, 4.400 metroko desnibel positiboarekin. Zazpi ordu, 41 minutu eta 52 segundo behar izan zituen lasterketa bukatzeko. Oso emaitza ona. Baina zapore ez guztiz gozoarekin itzuli da Lezora Iñarra: lasterketa bukatzeko zazpi bat kilometroren faltan, bidez nahastu, eta irabazteko aukera galdu egin zuen. Beñat Marmisolle baionarra izan zen garaile.
“Bai, sentsazio gazi-gozoak ditut. Nork esango luke! Horrelako lasterketa batean bigarren bukatu, eta sentsazio hori edukitzea. Buruan lau korrikalari gindoazen, lauen arteko tarte txikiarekin. Beñat [Marmisolle] 40 bat segundogatik aurrean nuen, eta beste biak atzetik nituen. Begibistan nuen Beñat, harrapatzen ari nintzen, eta banekien harrapatzeko gai nintzela. Gainera helmugarako kilometro gutxi falta ziren. Irabazteko asmoarekin nintzen. Halako batean, bide okerra hartu genuen nik eta nire atzetik zihoazenek”. Iñarra pozik bai, baina puntu mingotsarekin mintzo da, Munduko Kopako lehen garaipena esku-eskura ikusi zuelako, “nire atzetik zeudenekin bide zuzenera itzuli ginen, justu bosgarren zetorrenaren atzetik. Hura pasa, eta bigarren jarri nintzen. Baina helmugan jada Beñat zegoen. Horrela izaten dira gauzak, eta onartu behar”.
Munduko Kopako sailkapen nagusian zazpigarren da Iñarra. Justu aurretik, Bulgariako probaren aurretik, baionarra zuen. Igandeko emaitzengatik bien arteko puntu aldea handitu egin da, “ez da asko-asko ere. Baina pentsa. Haren aurretik gelditu izan banintz, sailkapenean nagusian pasako nuke, eta azken lasterketan haren aurretik gelditzearekin nahikoa izango nuke sailkapen nagusian ere Beñaten aurretik gelditzeko. Orain, gure artean hainbat korrikalari gelditu beharko dira azken lasterketan aldea berreskuratzeko”.
Munduko Kopan zazpigarrena da lezoarra, 296 punturekin. Marmisolle aurretik du, 324rekin. Limonen (Italia) jokatuko du lezoarrek Munduko Kopako azken proba urriaren 19an, eta bertako puntuazioa ohiko probena baino altuagoa da: irabazleak, 100 puntu beharrean, 250 jasoko ditu; gainontzekoek lortuko duten puntu kopurua ere ohikoa baino handiagoa izango da. “Lasterketa horretan dudan helburua da ahalik eta hoberen gelditzea. Ez dut postu bakar bat ere pasatzen utziko. Anbizioz joango naiz”.
Bigarren urtea du Munduko Kopan euskal selekzioko kideak. Inoizko sasoirik onenean dagoela aitortu du, “ez nuen espero hain ondo ibiltzea. Daten sistema aldatu egin dute, eta korrikalari on asko elkartzen ari gara probetan. Maila oso altua da. Sasoi oso ona egiten ari naizela uste dut, eta oso gustura nago egiten ari naizenarekin”.