San Migel festa ospatuko du EAJk ostiralean
Ostiralean egin du hitzordua eta 17:30ean hasiko du festa haurrentzako txokolate jatearekin Koldo Mitxelena plazan kokatuta dagoen batzokian.
San Migel egunaren harira, jaia antolatu du errenteriako EAJk. Horren barruan, txokolate jatea, eta sardina eta marmitako jateak antolatu ditu. Urtero ospatzen du eguna alderdi jeltzaleak eta aurten ere ez du hutsik egingo. Ostiralean egin du hitzordua eta 17:30ean hasiko du festa haurrentzako txokolate jatearekin Koldo Mitxelena plazan kokatuta dagoen batzokian. Jarraian sardinen txanda helduko da eta sagardoa ere ez da faltako, ezta marmitakoa ere. Festak errenteriarrekin harremanetan jartzea duela helburu esan du EAJk: “Haien kezka eta eskaerak jasotzeko bideak zabaltzea, gertutasuna eta konfiantza landuta”.
Jaia kezkak eta eskaerak jasotzeko baliatuko badute ere, edozein egunetan ateak zabalik dituztela jakinarazi dute, “errenteriarren behar eta nahiak jaso eta horiei bide ematen saiatzeko”. Jaiaren antolaketan lanean aritzen diren lagunei, berriz, eskerrak eman dizkio Uri Buru Batzarrak, “egun horretan batzuei lana egitea tokatzen zaigu eta gustura egiten dugu lan, izan ere, haurrak nahiz nagusiek nola gozatzen duten ikusteak merezi du, eta horretan laguntzen diguten alderdikide eta alderdi zaleei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Alderdi Eguna
Alderdi Eguna hilaren 29an, igandearekin ospatuko du alderdi jeltzaleak Euskadik aurrera darrai leloarekin, eta horri begira autobusa antolatu dute. 09:00etan abiatuko da azken hori batzoki zaharraren pareko autobus geltokitik. autobusean joan nahi dutenek batzokian bertan eman behar dute izena edo 943 002 509 telefono zenbakira deituta. Forondan egingo du Alderdi Eguna EAJk.