[Elkarrizketa] Martin eta Lizarralde, txapelketan gozatzera
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzen ari dira oiartzuarrak. Lizarralde final zortzirenetan hasi da, eta Martin hurrengo fasean, 2015ean finalista izan zelako.
Ander, igandean Zumaian hasi zenuen txapelketa. Nahiko aukera dituzu hurrengo fasera pasatzeko, ezta?
Ander Lizarralde: Pentsatzeko gai izan nintzen. Egoerak hainbeste estutzen zaituenean, lehendabiziko joera izaten da ahal duzun tokitik ateratzea. Orduan, dudan sentsazioa, eta uste dut denei gertatuko zaiena dela, lehendabiziko ihesbidea da lehendik dakizuna edo besteei entzun diezuna ekartzea, pentsatzen hasi aurretik zuk zer esango zenukeen gai horri buruz. Ez daukat ideiarik ere ez zer kantatuko nuke gai honi buruz. Etxean edo bertso eskolan jartzen zarenean, beste tenple batekin, pentsatzen duzu hau edo hura kantatuko zenukeela. Beldur intentso batetik hasten zarenean, oso zaila da zure sorkuntzatik abiaraztea. Nola sortuko duzu umorea beldurrean baldin bazaude? Lehengoan lortu nuen pentsatzeko gai izatea. Absurdoa ematen du: ‘nola ez da pentsatzeko gai izango?’.
Gehiago egiten dut gogoratu sortu baino. Eta hori bizi izan ahal izatea, gozamena izan zen. Lehenengo lanetik gustatzen zait sortzen hastea.
Eta orain, gainontzeko emaitzen zain zaude.
Lizarralde: Oso polita da txapelketaren prozesu hau. Horren froga da kanpoan gelditzeak uzten dizun bajoia. Alaiak ez dakit hori bizitu duen sekula… Kristoren pena ematen du. Norberaren egozentrismo infantil horretatik bizitu izan dugu, barrenean zein polita den. Gero konturatzen zara txapelketak gero ahaztu egiten zaituela bidean. Gehiago nahi izaten duzu. Momentuz, parte hori ilusioz bizitzen ari naiz: ea norekin tokatuko zaidan, non… Dibertsio puntu hori ere badu, eta sortzeko asko laguntzen du dibertsiotik bizitzeak, eta ez ikaragarrizko transzendentzia ematea. 2007an lehenbizikotik eliminatu nintzen, azkena izan nintzen… Halako beldurrarekin atera nintzen, ez nintzela gai izan ezer sortzeko. Eta horretarako berdin du zer maila duzun, zenbat entrenatu zaren… emozionalki blokeatuta bazaude, ezin duzu ezer egin. Orain disfrutatu egiten dut.
Heldutasunera iritsi zara?
Lizarralde: Bai. Alde horretatik sentitzen dut erlatibizatu egin dudala eta, neurri batean, Egaña bat izateko ametsa bazterrean uzten duzunean, zure burua aurkitzen duzu, zure mugekin. Gehiago jarraitu nahi bazenuke ere, txapelketak berak zure lekuan uzten zaitu. Bi aukera dituzu: ume kasketoso bat bezala jarri ala onartu. Normalean hilabete batzuetara gertatzen da, eta niri haur kasketosoarena ateratzen zait lehenago. Aurreikuspenak jaisteak presioa kentzen laguntzen dizu, eta disfrutatzen.
Zu ere bai zain zaude, Alaia. Hasteko zain. Jarraitu al duzu txapelketa?
Alaia Martin: Kontzienteki, txapelketan sartzeko edo, Villabonako saioa ikusi nuen, eta Elgoibarkoa ikusteko asmoa dut. Barrutik ikusteaz gain, besteen lanarekin gozatu nahi dut baita ere. Baita esnatu ere. Digestio motelekoa izaten naiz, eta batzuetan txapelketa datorrela eta, mentalizatzen naiz urtebete edo bost hilabete lehenago; urduri egoten naiz, alerta egon behar banu bezala. Beste batzuetan, gertatu izan zait saiora iritsi, bertsokideak, oholtza edota entzuleak ikusi, eta beldurtu. Saiatzen ari naiz nire burua momentu horretan kokatzen. Aurrejarraipena egin dut, eta kantukideak ikustea zein gairekin, zein doinurekin, zein girorekin, zein tenperaturarekin, zein ilusiorekin…
Zein atmosfera dagoen usaintzea gustatzen zait, ez mimetizatzeko, baina bai gero arrotz ez sentitzeko testuinguru horretan. Izaten da hondartzako lehen bainuak hartzerakoan, oin punta sartzerakoan, aurrera eta atzera egiten duzula, bada ni momentu horretan nago.
Eta zein da usaindu duzun atmosfera?
Martin: Uste dut elementala dela. Uste dut oso prestatuta dagoela jendea. Maila oso onean iristen dira txapelketara, eta bertsolari on asko daude. Hala espero nuen eta hala izaten ari dira. Ikusi dudan saioarekin eta sarean ikusi ditudanekin, gogorarazi didate txapelketako tentsioa. Batzuetan aurpegi desenkajatuak daude, gaietan kokatu nahian jendea, asko asmatuz… Txapelketak ateratzen du gure onena eta gure txarrena, eta uste dut aurten ere horrela izaten ari dela.
Presioaz hitz egiten da, txapelketak bi urtean behin izaten dira… Lehiaketa eterno batean bizi zaretela uste duzue?
Lizarralde: Euskal Herriko Txapelketan lehenengo aldiz kantatu nuen, beraz, ez daukat txapelketa permanente batean bizitzeko sentsazio hori. Aurretik zain egon izan naiz, Gipuzkoakoa lau urtean behin egin izan delako.
Sentsazio polita da prestaketarena. Asko disfrutatzen dut, sentitzea zure burua koxka bat gorago dagoela. Gainera, prozesu horretan guztian seinaleak egoten dira: ez dakit zergatik, pertsona batekin gurutzatzen zara eta esaten diozu ea elkartuko garen. Elkartu egiten gara, eta zerbait ikasten duzu pertsona horrengandik. Edo, bestela, zuregan gabeziak ikusten dituzu. Seinaleak dira, eta harrapatzen joaten baldin bazara, hobetzen joaten zara. Eta ikusten duzunean zure burua hobetzen —ez bakarrik bertsolari bezala, pertsona bezala ere bai—, oso aberasgarria da. Ez txapelketa pasa eta ezer ere ez ikastea. Beti ikasteko joera edo jarrera baduzu, txapelketa okasioa bada.
Ez da tramite burokratiko bat.
Lizarralde: Izan liteke, zure jarreraren baitan. Aldiro sentitu ditut seinaleak zure burua hobekuntza batean egoteko. Hartzen dituzun hostiak, pozak, bizigarri guztiak dira aukera bat hobetzeko. Eta txapelketa da hori hamar aldiz, intentsitatea izugarri handia delako, eta norberaren beldur, trauma eta gauza guztiak hor ateratzen direlako.
Zuk, Alaia, txapelketa gehiagotan parte hartu duzu. Jarraikortasunaren sentsazio hori baduzu?
Martin: Ez dut bizi izan txapelketa aro jarrai bat bezala. Bizitzako plan asko, prozesu asko eta erabaki asko txapelketak berak baldintzatu dizkit. Txapelketari eman diot botere bat nire nahietan, txapelketetan, proiektuetan eta epeetan erabakimen handia izateko.
Uste dut, zentzu batean, horri esker, eta bertsolaritzari eta txapelketari hainbesteko garrantzia emateari esker, bertsoaren tripetan ibiltzearen zorte hori izan dudala. Lanari, zentralitateari eta pasioari esker izan da, baina segur aski esparru guztietan zoriontsu izateko aukerak galdu ditut, hainbesteko zentralitatea emateagatik bertsolaritzaren hito konkretu horiei. Duela gutxi erabaki nuen nire bizitza eraikitzea, eta hor barruan txertatzea txapelketa, eta ez alderantziz. Ordena aldatu nuen: etorriko zirela txapelketak, eta oxala bi urtean behin etortzea, Euskal Herriko Txapelketarako sailkatu naizen seinale.
Ikusi behar da momentu bakoitzean txapelketa bakoitzak zer eskain diezadakeen, eta zer eskain diezaiokedan nik txapelketa bakoitzari, baina itsutu gabe, azterketa edo oposaketa formatua hartu gabe. Uste dut denok aldatzen garela, eta nire kasuan, justu azkeneko txapelketatik oraingora bizitza asko aldatu zait, bizitzeko eta baloratzeko modua. Orduan, uste dut beste leku batetik kantatuko dudala eta pertzibituko dudala lortzen dudana. Beste momentutan baino askoz prestatuago nago, etor daitekeen onerako eta txarrerako. Uste dut txapelketari eman diodala eman nahi nion lekua, eta datorrena errespetatuko dudala. Hil ala biziko garrantzia eman gabe, baina inporta zaidala onartuz, eta horretan energia bat inbertitzea erabaki dudala onartuz.
Epe laburrean, esan duzuenez, aldaketa eman da zuen baitan.
Lizarralde: Hala hobe. Beti berdin janzten eta kotxe berarekin, aspertu egiten gara… Zerbaiten seinale izaten da beti doinu bera, oin berdinarekin aritzea. Maila nabarituko den ez dakit; baietz uste dut. Batez ere, ez izatea bertsoa giltzarri bakarra, baizik eta aukera izatea zure bizimodua aldatzeko, zure hobekuntza prozesurako. Konturatu nintzen ez zela posible plazaz plaza ibiltzea, eta horrek laguntzen du zure mailan gozatu ahal izatea. Baina beno, publikoaren aurrean kantatzea beti kristoren sufrimendua da. Gauzak diren bezala. ‘Disfrutatzea nator…’. Ados, oso ongi, baina badago sufrimendu parte hori. Badago masokista puntu bat hor, eta sufrimendua jasateko puntu bat behar da. Bestela, iluso batzuk izango ginateke konturatuko ez bagina zein sufrimendu maila eskatzen duen.
Arratoi batek zulo bat ikusten duenean, handik atera egin behar du. Bertsotan hala gertatzen da: hor ateratzen zara, bota egin behar duzu, eta gainera botatzen duzun horrek ona izan behar du.
Bertsolariak oso masokistak al zarete, ala?
Martin: Txapelketan kantatzean ez dut askotan sufritu. Entsegu edo saioetan gertatu izan zait blokeatzea edo sumatzea ez nagoela hor, edo momentu batean pentsatzea ongi egon behar dudala. Aztertzen ari naizenean egiten ari naizena, egiten ari naizen bitartean, normalean, ez dut saio ona egiten. Edo ez nago hor. Irudimena erabili behar duzunean aztertzen ari bazara zure irudimenaren ingenio maila, originaltasun maila, errimaren egokitasuna, aski erantzun diozun ondokoari… Hiperanalizatzeak, bizitzako arlo guztietan bezala, ez du laguntzen.
Jarioa duzunean sentitzen zara eroso, nahiz eta norabide batera irrista zaitezkeen. Gaiaren mamia hor dago. Jarioan zaudenean, gai zara entzuteko bai gai jartzaileak esaten duena, baita publikoa irakurtzeko gaitasuna ere, eta zu ere hor zoaz. Uste dut gakoa hori dela. Sufrimendua ere lotuta dago geroko emaitza horrek zure buruarengan eta autokontzeptu horretan sortuko duen eraginean. Hori eranzteko gai zarenean egiten dituzu gauzak ongi. Zaila da hori lortzea txapelketaren aurkezpen egunetik finalera arte. Nire ustez hori da norabidea; herrenka edo arrastaka zoazenean baldin badakizu norantz zoazen, gutxi gorabehera egingo duzu.
Gozamenean zentratzea da bidea, luxu, zorte, aukera edota pribilejio sentsazioa izatea: mikrofono bat daukazu, gai batzuk dituzu, eta aukera daukazu zuk nahi duzuna esateko. Batzuetan lortuko duzu, beste batzuetan ez, baina aukera hori hor daukazu. Gainera, zuk aukeratu duzu hor egotea, zeren badirudi norbaitek askatu gaituela oholtzaren erdian, lapida gaitzaten. Aukera izatearen alde hori nabarmentzen saiatu nahi dut, gauza interesgarriak dauzkadalako esateko eta entzuteko.
Elkarrizketa hau hasi baino lehen entrenatzen aritu zarete. Goizean, Lezo Herri Eskolako ikasleekin egon zarete. Lanpostu bat bezala izan daiteke, baina ez al dizue esfortzu handiegia suposatzen denbora guztian errimak egiten egotea?
Lizarralde: Bi alor ezberdinduko nituzke. Txapelketa edo bertso saio batera joatean, gai bat jartzen dizutenean, muga edo koadrante bat jartzen dizute. Askotan ez zaizu interesatzen ere, eta ez dizu uzten kantatzen bizitzari buruz, zuk nahiko zenukeenari buruz. Une horietan disfrutatzea ez da hain erraza izaten.
Esnatzen naizenean, kantari esnatzen naiz. Lehengoan, lagun bertsolari batek esaten zidan nazkatua dagoela bertsolaritzarekin, orokorrean. Esaten nion erabiltzen dudala espresiobide bezala, hitzez ez dakidana adierazteko. Autoan joatean, kantari joaten naiz, eta gustura joaten naiz. Kuadranterik ez dagoenean, pila bat disfrutatzen dut. Eta kuadrantea dagoenean, saiatzen naiz kanpoko hori barruan sartzen. Gustuko gauza denez, ez dut nekagarria aurkitzen.
Martin: Nire pasio handiena dira bertsolaritza eta sormena, oro har. Txikitatik dut buruan nahi nuela sormenetik bizi: idatzi, bertsoak egin, musika, zinema… Jasotzeko eta emateko tokia zela banekien. Urte oso betea izan dut, lan sortzaileak tokatu zaizkit, eta nekea sumatu dut batzuetan. Bertsotan kontrakoa sentitu dut. Udan idazketa lan batzuetan aritu naiz. Kasu horretan, ordenagailuaren aurrean jartzen nintzen, eta sormen lanetan aritzen nintzen.
Bukatu, herri batera joan, eta bertsotan zerotik hasten nintzen, inprobisatzen. Onak edo txarrak izan zitezkeen, baina momentuan ateratzen zitzaizkidan. Bertsoa askagarria. Neka dezake? Noski, baina gauza guztiek eskatzen dute pasio bat eta energia bat, eta plazerarekin ematen diozu energia hori, eta jaso egiten duzu. Nekatzen du, baina asetzen du; gurpil zoro horretan, bertsoarekin irabazten ateratzen naizen sentsazioa izaten dut. Garrantzitsua da niretzako —eta bertsoarekin asko lotzen dut, baina bizitzan ere bai— hustu ahala bete.
Etengabe idazten, bertsotan edo iritzia ematen egoteko, gainontzekoen koadrante, biribil edo erronboetan, zenbat eta zabalago eduki zure atlasa, normalean ertz edo forma geometriko gehiago aurkitzen dizkiozu gai bakoitzari. Niretzako betetzea da garrantzitsua: zinemara joatea, kontzertuak ikus-entzutea, egunkariak irakurtzea… Bilatzen dut energia eta indarra ematen dizuten pertsonez inguratzea, harreman sanoak eraikitzea. Dena da bat, eta denak laguntzen du. Garrantzitsua da gogoratzea iturri onak izan behar direla iturri ona izateko. Esponja izateko ardura hori hartu behar da.