Abiadura bizian ikasten
Andoni Dominguez lezoarra Minimotard65 motoziklismoko kategorian Espainiako txapeldun izan berri da. Euskal Herrikoa, Nafarroakoa eta Aragoikoa ere eskura ditu.
Aurpegi, espresio bizi-bizikoa da Andoni Dominguez. Uste baino hobeto moldatzen da grabagailu baten aurrean, aske hitz egiten du. Lezokoa da eta hamar urte ditu. Txapelduna da, motorrean. Hamar urterekin eta motorrean txapelduna. Bai, hala da. Lau urterekin hasi zen bi gurpilen gainean ziztu bizian.
Konpara liteke normalean kirol arloan hamar urteko haurrek zer egiten duten, Dominguezek egiten duenarekin. Baina ez litzateke justua izango, lezoarrak egiten duena pasiotik egiten duelako, gustuko eta pozik dagoen tokitik egiten duelako, eta era arautuan. Supermotard65 kategorian Espainiako txapeldun bihurtu zen joan den asteburuan Lleidako (Katalunia) Alcarreseko zirkuituan. Ez zen, ordea, asteburu bakarreko gauza izan. Bost probaren ondoren —proba bakoitzak bi txanda edo saio izaten ditu, denak puntuagarriak— lortu du kategoria horretako onena izatea; harekin lehiatu duten gehienak adinean lezoarra baino helduagoak izan arren.
«Nire aitaren lagun batek motor bat utzi zidan. Aitak, motor eskolan izena emateko erabakia hartu zuen orduan. Hasi nintzen, eta gustuko izan nuen». Motorrekin nola hasi zen galderaren erantzuna aski garbi du gaztetxoak, beraz. Motor eskolan hasi zuen bere bidea, aitak, Goio Dominguezek, espresuki hala nahi zuelako, «Iruñeko NSR pilotu eskolan hasi zen Andoni, asteburuetan joaten ginen hara. Han askatu egin zen, motorra zer den ezagutu zuen. Ondoren etorri ziren zirkuituetara bisitak»; harro mintzo da Goio Andoni semeaz, baina antzematen zaio semearen pilotu bidea patxadaz bideratu nahi duela, semearen bidelagun izan nahi duela, baina beti lasaitasunetik, hezkuntzatik, eta motorrean aritzeak suposatzen duen esfortzutik, ekonomikoa batik bat: «Nire motorrak saldu egin nituen», dio Goiok, «nire seme-alabei motorrak erosi ahal izateko. Oso motor zalea izan nahi betidanik, eta uste dut seme-alabek hori jaso dutela. Nire alaba nagusia ere, Paola, motorrean lehiatzen ibilitakoa da. Egiten dugun guztia, gurasook egiten dugun lanetik lortzen dugun diruarekin egiten dugu, ez dugu bestelako laguntzarik».
Finantzaziorako aukera nahikorik ez zuelako utzi zuen bazterrean motor ibilbidea Paolak. Iñigo Iglesias errenteriarrarekin batera lehian ibili zen, baina utzi behar, ez bakarrik kontu ekonomikoengatik ordea: «Ikasketei lehentasuna ematen diegu. Hori ezin dute utzi. Paolaren kasuan kategoria handiagoetan lehiatzeko finantzazio falta eta ikasketak izan ziren uzteko arrazoiak. Andoniren kasuan ere ikasketek berebiziko garrantzia dute».
Goio aitak aitortu du, Andoni konpetitzen ari dela askoz ere baliabide ekonomiko handiagoak dauzkaten kideekin: «Gure lana izan da ahalegin ekonomikoa egin eta asteburuetan autokarabanan zirkuituetara joan. Azkenean iritsi da emaitza. Andoni txapeldun izan da».
Txapelketaz
Minimotard65eko Espainiako Txapelketak bost proba izan ditu. Proba bakoitzean, bi txanda edo karrera. Beraz, hamar lehia puntuagarritan izan da Dominguez gaztea, eta horietan erregularrena izan delako izan da txapeldun. Azken lasterketa, adibidez, joan de astean izan zuen Lleidako (Katalunia) Alcarraseko pistan. Larunbateko eta igandeko probetan bigarren izan zen, eta aurretik sailkapen nagusiko lider zelako, kopa handiena, urrezko domina, eta ondoren egin zuten galan emandako diploma etxean ditu. «Asteburua ez genuen ondo hasi, baina moldatu, eta azkenean txapeldun izan nintzen»; sinple hitz egiten du Andonik, erraza balitz bezala.
Baina ez zen ondo hasi txapelketan ere. Lehen karrera euripean izan zen, asfaltoa bustita zegoen. «Egoera horietara hobeto egokitzen ikasi behar dugu», dio aitak. Eta Andoni ez zen nahi bezala moldatu larunbat batez izan zen lehen txandan, 14tik 12. izan zen. «Pixkat haserretu nintzen», aitortu du aitak, «gogo gehiago jarri behar zela esan nion semeari. Dena emango zuela erantzun zidan. Igandeko bigarren txandan 12. irten zen, lehen bihurgunean hirugarren zen jada, eta azkenean karrera irabazi zuen». Han hasi zen dena.
Andonik nabarmendu du lasterketen irteerako parrillan dagoenean tentsioa sentitzen duela. «Pentsatzen dudan gauza bakarra izaten da ondo atera behar dudala». Eta behin irteera kontrolpean izanda, birak eta birak eman, eta txapeldunak bezala aurrera: «Bihurgune bakoitzean dena ematen dut. Nire idoloa Marc Marquez da. Eredu da niretzat. Motoziklismoa oso gustuko dut. Haren mailaraino iritsi nahiko nuke». Eta adierazi du erorketei ez diela beldurrik, badakielako era egokian erortzen, «baina gertatzen denean, kontzentratuta egon behar zara egoki erortzeko. Irristatu egin behar zara, ez kolpean erori. Horretarako ere zentratuta egon behar duzu».
Motoziklismoa ez da futbola, edo pilota. Kirol horietara edozein bazterretan joka daiteke. Motorrean ibiltzeko beti kanpora joaten dira. «Lau urterekin hasi zen Andoni motorrean, eta jada ohitu gara asteburuetan karabana hartu, eta kanpora joatera», dio aitak. Hurbilen duten zirkuitua Los Arcosekoa (Nafarroa) da, 160 kilometrora. Motokrosa egiteko aukera hurbilago izaten dute, dena dela. Hala ere, Oiartzungo Pescados Oscoz enpresa eskertu nahi izan dute, hasi zirenean enpresak orube txiki bat utzi zietelako entrenamendu teknikoak egin ahal izateko, eta «asko aurreratu zuen Andonik bertan».
Espainiako txapeldun izanda, orain pilotu lezoarrak Ipar Zonaldeko —Espainiako Federazioak izen hori jarri die inguruan egiten diren karrerei— hainbat txapelketa ditu jokoan, adibidez, Euskal Herrikoa, Nafarroakoa eta Aragoikoa; Gaztela Leongo txapelketan ere parte hartzen du. Ondo doa Ipar Zonaldekoan, lider, eta Los Arcosen izango den asteburuko lasterketan aukera du beste txapelen bat Lezora ekartzeko, eroso aritzeko adinako abantaila du.
Andonik motoziklismoan gora egitea du amets. Goio aitak ere bai. Baina ikuspegi zabalago batekin mintzo da: «Andonirentzat dugun lehentasuna hezkuntza da, ikasten jarraitzea. Burua beti bere lekuan izan behar dugu. Motoziklismoan ere bai. Lasterketetan arazoak izan ditugu, entrenamenduetako motorrekin ibili gara batzuetan lehiatzen. Asko ikasi dugu».
Hurrengo sasoian Minimotard85 kategoriara gorako jauzia emango du Andoni Dominguezek. 15 urtera arteko lehiakideak izango ditu bertan. Kirol ibilbidean ohitu egin da lezoarra adinean goragokoekin lehiatzera. Eta familian ziur dira ahalegina