Harremanei buruzko 15 (+1) narrazio laburrekin dator Labandibarren berria
'Hori zen dena' (Alberdania) liburua aurkeztu du gaur idazle oiartzuarrak, ibilbideko hirugarrena. Pertsonen arteko erlazio afektiboak dira hari nagusia.
«Eguneroko egoeren aurrean sartzeko aulkia eskaintzen die irakurleei, voyeur pribilegiatuak izateko». Horrela definitu du Jorge Gimenez Bech editoreak Hori zen dena liburua (Alberdania, 2019). Goiatz Labandibarrek bere hirugarren liburua aurkeztu du gaur goizean.
Editoreak idazle oiartzuarraren idazkerarako dohainak goraipatu ditu. Labandibarrek egunerokoan egiten duena —komunikazioan egiten du lan— liburuan islatu duela txalotu du Gimenezek: «Komunikazioan lan egiten duela nabaritzen da: trebetasun ikaragarria du komunikatzeko; errazkeriarik gabeko erraztasuna du; xalotasuna du, baina xaloa izatea bilatzeko lanketa bat duena».
Kontatzen dituenak modu natural batean idazten dituela goraipatu du, intimitateetan xerkatuz. Txantxarako tartea hartu du Gimenezek: «Idazkera modu hau laster Zigor Kodean sartuko dute».
Ahotsa behartu gabe idatzi duela gaineratu du Alberdaniakoak: «Bisturi batekin apurtu du egunerokoaren zetazko oihala, errealitatearen ifrentzua erakusteko».
Hamasei narrazio
«Pintzelkada zehatzekin marraztutako» hamabost (gehi bat; irakurleak aurkitu beharko du) narrazio labur jasotzen ditu Hori zen dena liburuak, «koadro bizia» osatzeko. Pierre-August Renoirren inpresionismoaren teknikekin alderatu du oiartzuarraren idazkera.
Labandibar hirugarren liburura literatura umotuarekin iritsi dela iritzi du Gimenezek: «Leku propio eta erosoa irabazita du euskal literaturaren plazan».
Jarraian, Labandibarrek berak hartu du hitza, bere liburuari buruz hitz egiteko. Afektibitatea eta hurbiltasunak lotzen dituen harremanak —bikotekide, senide…— hartu ditu gaitzat, hamasei narrazioak sortzeko. Oiartzuarrak esan duenez, harremanetan dena ez da arrosa kolorekoa, baina ez direla uste dena bezain konplikatuak.
Narrazioen egiturari dagokionez, dramarik gabe idatzi duela aitortu du. Labandibarri askotan egozten diote bukaera tristeak idaztea. «Ohitu gara bukaera zoriontsuetara, hala irakatsi digute. Baina harremanetan badira esaten ez direnak, beldurrengatik, kezkengatik edo ausardia ezagatik. Guk geuk konplikatzen ditugu». Eta saiatu dela hasiera-korapiloa-bukaera egiturari ostikada bat ematen.
Hori ez zen dena
Liburuaren izenburuari dagokionez, Hori zen dena esaldiak agur bat iradoki dezakeela baietsi du, baina ez dela hala. Hainbat narrazioetan agertzen den esaldi bat da, eta idazleak egoki ikusi du kontakizun guztien aterpe bezala erabiltzea.
Protagonista gehienak emakumeak dira, baina erabaki kontziente bat ez dela izan ziurtatu du. Munduari begiratzeko ikuspuntu batekin lotuagoa dagoela jakinarazi du. «Kasu askotan», zehaztu du, «pertsonaiak trukagarriak dira genero aldetik».
Liburua azken hiru urteetan bizitako prozesu baten emaitza dela esan du Labandibarrek, eta garaikideagoa dela. Horrela, irakurleak aurkituko du pertsonaiak identifikagarriak direla, eta lekuak hurbileko egingo zaizkiola —Euskal Herrian kokatu ditu kontakizunak—.
Erregistro aldaketa ere eman da, eta Labandibar konturatu da motzago idazten duela: «Nahikoa ditut hitz batzuk nik esan nahi dudana esateko». Deskribapen gutxi sartu ditu, garrantzia handiagoa ematen baitielako bizipenei.
Orrialdeen zuri eta beltzetik harago, Labandibarrek Iñaki Zapirain Retegiri eskerrak eman dizkio, akuilu izateagatik, baita ere azaleko argazkiagatik. Eta gogorarazi du liburua salgai dagoela, pasa den astetik.
Irakurtzen duenarengan aztarna utzi nahi du oiartzuarrak, ez dezala esan ‘hori zen dena‘: «Arrastoa utzi nahi diet: irribarre bat atera, hausnarketa bat…». Eta espero du bere idazkera delitu ez bilakatzea.