Gipuzkoako erretiratuek Oiartzunen ospatuko dute euren eguna
Martxa egingo dute hilaren 19an, AGIJUPENSek antolatuta, eta 625 kide hurbilduko dira Oiartzunera. Udalak baliabideak eman dizkiete eguna ospatzeko.
AGIIJUPENSen biltzen diren Gipuzkoako 75 jubilatu eta pentsionisten elkarteek Oiartzunen egingo dute urteroko topaketa. Hilaren 19an izango da urtero egiten duten martxa hori. Aurten 29. ekitaldia izango da, eta Gipuzkoako 75 erretiratuen elkartetako 625 kide elkartuko dira.
Ekitaldi hori elkarrekin aurkeztu du AGIJUPENSek, Oiartzungo Udalak eta Gazte Izanak Oiartzungo erretiratuen elkarteak. Joxeagus Arrieta AGIJUPENSeko presidenteak azaldu duenez, topaketa horren helburua da da adiskidetasunak sendotu eta belaunaldien arteko harremana sustatzea, Oiartzun eta Gipuzkoa adinekoenganako toki lagunkoiak bihurtzeko.
Goizeko 10:00etan harrera egingo diete, Done Eztebe plazan, eta han izango da Jexux Leonet alkatea. Ondoren, 6,5 kilometroko martxa egingo dute herrian barrena. Bukatutakoan, bazkaria egingo dute kiroldegian, eta ondoren, sariak banatuko dituzte, dantzaldiaren aurretik.
“Pisu handiagoa”
Oiartzungo Udalak, azpiegiturak uzteaz gain, hamaiketakoa eta partaideek jantziko duten kamiseta ere banatuko ditu. Leonetek azaldu duenez, udala pozik dago jubilatu eta pentsionistek Oiartzun aukeratu dutelako.
«Gure gizartean geroz eta pisu handiagoa du hirugarren adinak eta asko aldatu da hauen izateko modua: gaur egun askoz aktiboagoak dira zentzu guztietan, eta Udalak aintzat hartzen ditu», gaineratu du.