Urkabeko Igoera izango da larunbatean, laugarrenez
Oiartzungo 1.600 metro gogorrenak egiteko aukera egongo da, Garagardo Azokaren barruan. Izen ematea zabalik dago.
Garagardo Azokaren barruan, azken urteetan bada kirolarentzako tokia. Intxixu Trailek antolatuta, Urkabeko Igoera egiten dute anbrosia horiaren festan. Aurten klasiko bilakatzen ari den lasterketa egingo dute beste behin.
Bidegorritik hasita —Gaetxen—, Makutso bidea hartuko dute, eta gora eta gora egingo dute, Urkabeko gurutzera iritsi eta kanpaia astindu arte. Guztira, 1.600 metroko lasterketari aurre egin beharko diote, 190 metroko desnibel positiboa izango duena.
Ostiralean bukatuko da izena online emateko epea. Herrikrosa-ren webgunearen bitartez eman behar da izena, eta bost euroko prezioa izango du. Egunean bertan eman daiteke izena, baina prezioak gora egingo du, zortzi eurora arte.
Lasterketa 17:00etan hasiko da, eta bukatzerakoan, plazara jaitsiko dira, bertan luntxa zain izango baitute. Eta topa egiteko, garagardoa.