Ander Lizarralde, Gipuzkoako txapelketako final laurdenetara
Final zortzirenetako saioak bukatuta, bertsolari oiartzuarra tarte handiarekin sailkatu da. Alaia Martin ere arituko da fase horretan.
Pasa den asteburuan bukatu ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako saioak, Lasarte-Orian egin zenarekin. Datorren fasera pasatuko diren 24 bertsolariak zeintzuk izango diren zehaztu dituzte. Saio bakoitzeko irabazleez gain, beste hamazazpik lortu dute txartela. Tartean, Ander Lizarralde oiartzuarrak.
Irailaren 22an Zumaian egin zuten saioan puntuazio polita lortu zuen oiartzuarrak, eta ia ziurra zen hurrengo fasean egongo zela. Hala ere, komeni da azkeneko minutura arte itxoitea.
Final laurdenetan Alaia Martinekin topo egingo du. Orain dela lau urteko gainontzeko finalistekin batera zain zegoen bera.
Azpeitia eta Azkoitia
Martin izango da bi oiartzuarren artean lehenengo kantatuko duena. Azpeitian arituko da, hilaren 27an. Iñigo Mantzizidor, Amaia Iturriotz, Iñaki Gurrutxaga, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaranekin batera.
Lizarralderen txanda azaroaren 2an iritsiko da. Ondoko herrian —Azkoitian— botako ditu bertsoak, Maialen Akizu, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Ane Zuazubizkar eta Mikel Artolarekin batera.