Kike Amonarrizek 2020ko Euskaraldia aurkeztuko du
'Eta Euskaraldiaren ondoren, zer?' galderari ere bai erantzuten saiatuko da soziolinguista, datorren astelehenean.
Hamar hilabete pasatu dira lehenengo Euskaraldia bukatu zenetik, eta urtebete pasatxo falta da bigarrena has dadin. Euskararen erabilera sustatzeko, baina, ezpatak zerura begira dituztela jarraitzen dute eragileek.
Euskaraldiaren bi ekitaldien tarte horretan zer egin azaltzen saiatuko da, datorren astelehenean, Kike Amonarriz soziolinguista. Oiartzungo Euskaraldiko lantaldeak gonbidatuko du, estreinako Euskaraldiaren balorazioa berarekin batera egin baitzuten. Hitzaldia 18:30ean hasiko da, udaletxeko pleno aretoan.
Horrez gain, 2020ko Euskaraldiaren zertzeladak emango ditu Amonarrizek.
1.759 oiartzuar
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, 1.759 oiartzuarrek hartu zuten parte Euskaraldian, belarriprest eta ahobizi rolak betetzen.
Bigarren Euskaraldia nolakoa izango den oraindik ez dute jakinarazi, rol horiek errepikatuko direla aurreratu zuten ekitaldiaren antolatzaileek.
Gainera, bigarren ekitaldiko berritasun modura, era guztietako entitateei beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko du Euskaraldiak.