Poza Festa, Zapo omentzeko
Egun osoko festa antolatu dute Ion Zabalekuren lagunek. Pasa den apirilean hil zen, eta berak utzitakoa eskertzeko antolatu dute.
Pasa den apirilean hil zen Ion Zabaleku Zapo iturrioztarra. Oso ezaguna zen herrian, eta hainbat esparrutan aritu zen buru-belarri sartuta: ihoteen antolakuntzan, merkatarien elkartean, auzoko festetan…
Zaporen lagunek hura omentzeko festa antolatu dute, hilaren 26rako: Poza Festa. Egun osoko egitaraua izango du, 11:00etan hasita. Agurraren ondoren, Jokin Uranga eta Jon Martin bertsolariak mikrofonoaren aurrean jarriko dira, auzoz auzoko desafioarekin hasi aurretik. Goizean zehar, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Hugo eta Eusebiok.
14:00etan, 400 lagunentzako herri bazkaria egingo dute. Sarrerak Xabale eta Kastro tabernetan eros daitezke. Bazkaria bukatzerakoan, Ane Badiolak, Joxe Leon Kazabonek eta Irati Odriozolak kantaldia eskainiko dute. Eta zoriari tartea egingo diote, zozketarekin.
Ikuskizuna eta kontzertua
Arratsalde parterako, Ihoteron ikuskizuna eskainiko dute, 18:00etan hasita. Plazan bertan afaltzeko aukera egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Kontzertuekin bukatuko da Poza Festa: Susmo eta Gozategi taldeak igoko dira oholtzara.