Itsasoratzeko baimena jaso du 'Aita Mari' erreskate ontziak
Berriak jakitera eman duenez 'Aita Mari' erreskate ontzia itsasora atera ahalko da, Espainiako Gobernuaren baimena jaso ondoren.
Arazorik egon ezean, hurrengo asteazkenean itsasoratuko da Itsas Salbamendu Maritimoak kudeatutako Aita Mari erreskate ontzia. Uztailean Pasaian porturatu zenetik, etenda egon da atunontzia zena, Espainiako Gobernuaren baimenaren zain. Nahi baino luzeago hartu du, baina baimena jasota, Greziarantz joko dute hurrengo astean.
Dena dela erreskatean ez, laguntza humanitarioa ematen jardungo dute, Espainiako Gobernuak horretarako baimena eman baitie, ez migranteei itsasoan laguntza emateko. Guztira sei tona material banatuko dituzte Grezian, batez ere arropa eta higienea zaintzeko produktuak.
Itsas Salbamendu Humanitarioak behin baino gehiagotan salatu du, Espainiar Estatuaren jarrera, erreskatean aritzea debekatzeagatik eta oro har, traba administratiboak jartzeagatik. Itsas Salbamendu Humanitarioak beti argi utzi du legedia errespetatuko dutela, baina uztailean HITZAri esan bezala, ez dute baztertzen Espainiar Estatuaren aurkako neurriak hartzea, oztopoak jartzen jarraitzen badute. Haien iritziz, nazioarteko legedia alde dute, argi adierazten baitu debekatuta dagoela itsasoan dagoenari laguntza ukatzea.
Uztailan sartu zen Aita Mari Pasaiako badian, konponketa batzuk egiteko, eta bide batez, errefuxiatuek Grezian bizi duten egoeraz ohartarazteko. Abuztu amaieran dena prest zuten baina baimenik gabe, asteak eman ditu ontziak Pasai Donibaneko kaian. Porturatuta egon den bitartean, tentsio handiko asteak bizi dituzte Mediterraneoan erreskate lanetan aritzen direk Gobernuz Kanpoko Erakundeak.
Open Arms, Viking eta beste ontzi batzuek, Matteo Salvini Italiako Barne Ministro zenari aurre egin zioten. Espainiar Gobernuari berriz, noraezean ibiltzea egotzi diote, migrazio politika zehatz bat gabe, eta unearen arabera, erabaki bat ala bestea hartzen, seriotasunik gabe. Testuinguru horrek hainbat astez baldintzatu du Aita Mariren itzulera Mediterraneora.