Aitor Kaltzakorta eta Goiatz Labandibar, Pasaia Hiria sariaren irabazleak
Kaltzakortaren 'Euria zara-zara' eta Labandibarren 'Interpretazioak G minorrean' olerkiak saritu dituzte hurrenez-hurren.
Aitor Kaltzakortak irabazi du aurten euskarazko Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia sari nagusia. Euria Zara-Zara poema sortagatik saritu dute Donostiako idazlea. Bigarren saria ordea, Oarsoaldean gelditu da. Goiatz Labandibar Arbelaitz Oiartzuarraren Interpretazioak G minorrean obra da aurtengo bigarren onena, Pasaia Hiria sariko epaimahaiak hala erabakita. Irati Goikoetxea eta Nerea Beldarrain idazlea izan dira epaimahaiko kideak.
Gaztelaniazko obrak ere saritu dituzte. Rosa Maria Rubio Getxoztarrak eta Badajozko Francisco Serranok irabazi dute 2019ko Villa de Pasaia-Altamira Puente saria. Rubioren Quien anda en la playa eta Serranoren Tu otro nombre dira saritutako lanak. Elena Roman Jesus María Corman eta Felix Marañak osatu dute epaimahaia.
Pasaiako Udalak emandako sari ekonomikoaz gain, bi liburu argitaratuko dituzte saritutako poesia obrekin, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Sari banaketaren data zehazteke dago oraindik, baina Pasaiako liburutegietako ordezkariek adierazitakoaren arabera, otsaila hasieran egingo dute, ziur asko.
Pasaia Hiria poesia saria 1980. urtean sortu zen Antxon, Altamira Puente liburuzainaren gidaritzapean. Ordutik, urtero eman dituzte poesia sariak, Pasaiako Udala sustatzaile nagusia izan delarik. Irakasle, idazle, zinegotzi eta alkate izandako Xabier Portugal izan zuen laguntzaile Puentek urte askoz. Sustatzaile izateaz gain, parte hartzailea ere izan zen hainbatetan Portugal.
Gaur egungo saria, bi idazle eta lagun handi hauek egindako lanaren ondorio da. Esker ona adierazteko asmoz, haien izena eman zien Pasaiako Udalak poesia sariei.