Altsasurekin bat
Orereta Altsasurekin lemapean elkarretaratzea egingo dute 20:00etan hasita Herriko Plazan Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena salatzeko.
Mobilizazioa iragarri dute gaurko. Orereta Altsasurekin lemapean elkarretaratzea egingo dute 20:00etan hasita Herriko Plazan Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena salatzeko. Elkartasuna adieraziko diete Altsasuko gazteei eta horien senide eta lagunei, eta etxean, Altsasun aske izan behar dutela aldarrikatu.
Altsasuko zortzi gazteen defentsak —horietako zazpik 1060 egun bete dituzte espetxean— helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta azken horrek atzo eman zuen ebazpena: zertxobait murriztu baditu ere, zigor gogorrak mantendu ditu zortzi gazteentzat. Zehazki, urte bat eta sei hilabete eta bederatzi urte eta sei hilabete arteko zigorrak ezarri dizkie. Hurrengo urratsa, Espainiako Estatuak juridikoki eskaintzen duen azkena, Auzitegi Konstituzionalera jotzea da. Azken horrek baina ez lituzke gertaerak epaituko, Altsasuko auziaren prozesuan giza eskubideen urraketarik izan den baizik. Europako Giza Eskubideen Auzitegian ere aurkeztu dezakete helegitea, baina horrek urteak emango lituzke ebazpen bat izan aurretik.