Legorburuk Gosoa Kafea Kontakizun Laburren lehiaketa irabazi du berriro
Lehiaketa irabazita, sari berezia jaso du Legorburuk: bere pisu adinako kafe kilo, 86 kilo zehazki.
Gosoa Kafea Kontakizun Laburren Lehiaketa poltsikoratu du errenteriarrak, berriz ere, euskarako atalean. Bigarrenez, jarraian, lortu du saria Legorburuk lehiaketa horretan. Urriaren 1ean jakinarazi zituzten irabazleak, Kafearen Nazioarteko Egunean. Kafea eta liburuak zen lehiaketaren gaia, eta Bi hitz lana aurkeztu zuen Legorburuk.
Ia zortzi urte bete dituen eta oraindik irakurtzen ez dakien haur baten istorioa kontatu du: “Gure haurrei ezartzen dizkiegun bizi erritmo bortitzak dira ipuineko gai nagusia, txiki txikitatik dena azkar eta ongi ikastea nahi izaten dugu, guri ere zenbait gauza ikastea kosta egiten zaigula ahaztuta. Hori gutxi ez, eta gizarte konpetitibo honetan, gure haurrak batzuk besteekin konparatzeko joera dugu; haur bakoitza bakarra eta errepikaezina dela ahaztuta”.
Lehiaketa irabazita, sari berezia jaso du Legorburuk: bere pisu adinako kafe kilo, 86 kilo zehazki. Horrekin batera, bi ipuinak biltzen dituen liburuaren 50 ale ere jaso dituzte irabazleek.