Frankismoak ostutako biziei, gorazarre
83 urte bete dira frankistek Etxetxo baserriko familia erail zutela; haien omenez monolitoa inauguratuko dute Mattejoane eta Miura baserrien artean.
Maria Oiartzabal Lekuona, Krisostomo Usabiaga Oiartzabal, Domingo Usabiaga Oiartzabal, eta Sebastian Usabiaga Oiartzabal ama-semeak oroituko ditu Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldeak. Etxetxo baserriko familia ziren, eta orain 83 urte, 1936ko uztailaren 27an, frankistek tiroka hil zituzten Mattejoane eta Miura baserrien artean. Frankistek Oiartzun hartu zuten egun berean izan zen. Saiakerak egin zituzten Errenteria ere hartzeko, eta militarren aurreko taldeak Lezorantz ere abiatu ziren. Mariak eta hiru semeek Miura baserrira ihes egitea erabaki zuten, babes bila-edo mugimendu arraro haiek sumatuta. Aita zelaian gelditu zen belar lanetan. Bidean, baina, frankistekin egin zuten topo eta erail zituzten.
Haien omenez, gertatua ahaztu ez dadin, eta belaunaldi berriek izan dezaten haien berri, oroitarria inauguratuko dute bizia krudel ostu zieten eremuan. Hilaren 19an izango da. Ekitaldia berezia izango dela beraientzat dio Etxetxo elkarteko kide Joxe Luix Agirretxek, «Etxetxo baserriko familiaren omenez hartu genuen elkartearentzat Etxetxo izena. Lezon, gerraren hasiera horrek markatu zuen».
Memoriaren mapa
Ekitaldia 11:00etan hasiko da Gurutze Santuaren plazan. Lezoko memoriaren mapa aurkeztuko dute bertan: «Frankismoak eragindako biktimak bildu ditugu eta herriko mapa batean kokatu. Helburua, zer, non eta noiz gertatu zen kontatzea da, hemendik eta handik pasatzean jakiteko zer gertatu zen leku zehatz horietan».
Azalpenak emanda, mapa horretan bildutako puntuak bisitatuko dituzte eta Etxetxo baserriko familia hil zuten eremura helduko dira, eta monolitoa inauguratu. Oroitarriak Etxetxo baserriko lauren izenak ditu, bala zuloak, eta gerrikoa. Berezia da azken hori. Gerrikoaren belarriak ikurrina du. Hala omen zuen hildako Etxetxo baserriko semeetako batek soinean zuena, eta balaz zulatu zioten frankistek. Gerriko hori urteetan, hamarkadetan, Miura baserrikoek gordea izan zutela kontatzen da herrian, «gerriko horren erreplika bat jarriko dugu monolitoan».
Herriko plazarako bidea hartuko dute ondoren, bertan egingo baitute omenaldi ekitaldi nagusia Etxetxo baserriko familia oroitzeko, baina baita Iparragirre eremuko barrakoietan Jaizkibelgo errepidea eraikitzen aritu ziren esklaboak gogora ekartzeko ere. Horietako batzuen senideek omenaldi horretan parte hartuko dutela zehaztu du Agirretxek. Txalaparta doinuak, dantza, eta Iñaki Labaka abeslaria arituko dira.
Bihar, auzolana
Hilaren 19an helduko da ekitaldi nagusia, baina aurretik, bihar bertan, auzolana antolatu du Etxetxok Iparragirre eremuan.
Hiru urte daramate eremua lehengoratzeko lanean gogor, baina oraindik lan ikaragarria dutela dio Agirretxek, «barrakoi horiek sasiak eta lurrak estalita zeuden». Lehenengo lana belar, zuhaitz eta sasi artetik ateratzea izan da, eta orain jatorrizko zorua berreskuratzen ari dira: «Barrakoien eremua babesten ari gara eta proiektu museologikoa lantzen, hura bisitatu ahal izateko. Aranzadirekin ari gara elkarlanean, eremu hori gal ez dadin neurriak hartzen».
80 urte, zortzi hamarkada dira frankistek lehen esklaboak Lezora eraman zituztela, «1939tik 1946ra esklabo ugari aritu ziren Jaizkibelgo errepidea eraikitzen eta horien arrastoak eta izenak berreskuratzen ari gara, ikertzen. Izan ere, Aritxulegin edota Oiartzun ibaiaren kanalizazioa egiten aritu ziren esklaboen berri Errenteria eta Oiartzungo udal erroldetan bada. Lezokoan, baina, ez dago bat bera ere erroldatuta, jakin badakigu ere milaka izan zirela bertan».
Miguel Angel Barcenilla historialari eta Etxetxo elkarteko kidea ari da batez ere lan horretan, eta dagoeneko 3.000 izenetik gora berreskuratu ditu artxibo militarretatik, «bertan ari zirela hil ziren esklaboen izenak ere berreskuratzen ari gara».
Ezjakintasun handia
Harrituta. Gertatutakoaren berri izaterakoan herritarrak hala gelditzen direla dio Etxetxoko kideak, «ez bakarrik gazteak, 60 urtetik gorako jende batek ere ez du Lezon, bere herrian, berak zapaltzen dituen kaleetan gertatu zenaren berri. Sasi artetik barrakoiak atera genituenean, topatu genuen jendea bertan jolasten ibilitakoa, eta ideiarik ere ez zuena han azpian zegoenaz».
2.000 biztanle zituen garai hartan Lezok, eta biztanle baino esklabo gehiago zeuden, «garai hartan kalean ere etengabe soldaduak eta militarrak ikusten ziren. Azken batean, kontzentrazio eremu batez ari gara hitz egiten, zigor eremu bat izan zen Lezokoa». Gertatuko hura jakinaraztea ezinbestekotzat jo du Agirretxek, «transmisioan arazo bat izan da arrazoi askorengatik, beldur ikaragarria, eta Espainiako Estatua bera ere saiatu da hau ezkutatzen, ez zitzaiolako interesatzen azalera ateratzea. Arrazoi askorengatik egungo gazteek nekez ezagutuko dute, ezta jakin ere zer gertatu zen Lezon. Ez badakizu zer gertatu zen, hori egiteko kapaz dela gizakia, berriro errepika daiteke».
Herritar guztiak deitu ditu Agirretxek hilaren 19ko omenaldi ekitaldian parte hartzera, «historia eta gaur egungo kontuak ulertzeko garrantzitsua da aurrekoa ezagutzea, ezinbestekoa esango nuke. Harrituta geldituko dira bertaratzen direnak, ezagutuko dituzte Lezoren historiaren gaineko gauza berriak, beraiek egunero zapaltzen duten espaloi zati horretan zer gertatu zen orain 80 urte».
- Egitaraua
Bihar, larunbata: 09:30ean, auzolana Iparragirre eremuan. Tiñelu ondotik abiatuko dira eta gosaria euren kontu izango da. Auzolanarekin bat egingo dutenei eskatu diete lanerako eskularruak eta arropa aproposa eraman ditzatela. - Hilak 19, larunbata: 11:00etan, Lezoko Memoriaren ibilbide gidatua egingo dute Gurutze Santuaren plazatik abiatuta; 12:00etan, frankistek eraildako Etxetxo baserriko familiaren omenezko oroigarria inauguratuko dute Mattejoane eta Miura baserrien artean; 13:00etan, omenaldi ekitaldi nagusia Etxetxo baserriko familiari, Lezoko barrakoietan izandako esklaboei, eta frankismoak errepresaliatutako guztiei Gurutze Santuaren plazan.