Mahai teknikoari buruz iruzurretan aritzea egotzi dio udal gobernuak EH Bilduri
Pasaiako Udal Gobernuak komunikatu baten bidez salatu egin du, Pasaiako EH Bilduk Portuko Mahai Teknikoaren harira egindako adierazpenak, gezurretan ari direlakoan.
EH Bilduko udal taldeak Portuko Mahai Teknikoaren inguruan zabaldutako prentsa oharrak, haserrea eragin du Pasaiako Udal Gobernuan, zabaldutako informazioa “faltsua” delakoan. Gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJk koalizio subiranistari erantzun egin diote, komunikatu gogor baten bidez.
Honako gai hauek argitu dituzte. Pasaiako Portuko Mahai Teknikoaren bilera atzo egin zen, eta ez asteazkenean, EH Bilduk esan bezala.
Udaleko teknikariek ezin izan zuten bileran parte hartu, mediku-baja hartuta zeudelako. Udal gobernuaren aburuz, EH Bilduko zinegotziak baja egoera horien berri zuten dagoeneko.
Teknikari horien baja zela eta, bileraren deia jaso bezain laster, Pasaiako Udaleko Hirigintza zinegotzia, Eusko Jaurlaritzako teknikariekin harremanetan jarri zen, gaixoen berri emateko. Esandakoaren arabera, udalak ez zuen ordezkaririk bidali, ez zegoelako beste teknikari gaiturik.
Lotsagarritzat jo dute PSE eta EAJk, subiranisten jarrera, teknikarien bajak “manipulatzeko” erabili baitituzte. Era berean, Pasaiako Udalak portuaren inguruan egindako kexu eta salaketei muzin egiten diela esatea, akusazio “higuingarri eta maltzurra” baino ez dela adierazi dute.
EH Bilduko udal taldea, eguneroko gaiekin “utzikeriaz” jarduten duela gaineratu dute. Pasaiaren alde lan egiteko gabeziak egotzi dizkiote abertzaleei Argi utzi dute, gai garrantzitsuak lantzeko garaian EH Bildu “ez dagoela, eta dela espero egoterik”.