Allerruren hirugarren gol festa
Allerruk 8-0 gainditu zuen larunbatean Kostkas taldea Plazetan. Sasoian hirugarrenez lortu du gisa honetako gol jarioa gizonen talde nagusiak.
Erregional Preferenteko bost partida jokatu ditu Allerru Kirol Elkartearen gizonen talde nagusiak, eta horietatik hirutan, tsunami antzekoa izan da. Azken olatu erraldoiak Kostkas ito egin zuen, larunbatean, Plazetan: 8-1 irabazi zuten lezoarrek. Horrela, mailako sailkapen nagusian bigarren dira lezoarrak 11 punturekin, Vasconia liderretik puntu bakarrera. Datu bat: bost jardunalditan, aldeko 24 gol lortu ditu Allerruk (5 kontra); gol gehien dituen bigarren taldea Deusto Donostia da, 13rekin (ia bikoitza, beraz).
Sasoiko hirugarren gol festa izan da Allerrurena. Lehen jardunaldian 7-0 jipoitu zuen Plazetan Roteta; hori gutxi ez, eta bigarrenean Lesakara joan eta 1-6ko aldeko batekin itzuli ziren lezoarrak, Gure Txokoa dardarka utziz. 3. eta 4. jardunaldietan berdinketak lortu zituzten zuri-berdeek, eta larunbatean, beste zortzi txitxarro zakura. Oso ondo hasi dira, joan den sasoiko jaitsiera zeharo ahaztua dute.
Jarraian, asteburuan Lezoko taldeen emaitzak. Taldekako ligetan, futbola eta areto futbola izan dira soilik martxan.
FUTBOLA
Gizonen Erregional Preferentea
- Allerru-Kostkas 8-1
Emakumeen Gorengo Maila
- Allerru-Mariño 0-2
Gizonen Lehen Erregionala
- Mariño-Allerru 6-0
Gizonen Gazteen Lehen Maila
- Allerru A-Orereta Kafea 6-0
- Allerru Bk atsedena zuen.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Euskal Liga
- Jarrilleros-Jaixki AFT 7-4
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Gaintxu AFT-Lauburu 2-2