Aniztasunaren neurrira sortutako jantzia
'Nongoa naiz? del mundo' proiektua martxan jarriko du Emausek Errenteria-Oreretan interkulturalitatea lantzeko.
Jantzi bat, ehunka puntada eta askotariko begiradak jantzi bakarra osatzeko. Hori da Emausen Nongoa naiz? del mundo proiektuak duen helburua. Elkarren ondoan bizi diren pertsonak, bizilagunak, ezkaratzean edo espaloietan gurutzatzen direnak baina elkarren berri ez dutenak harremanetan jarri nahi ditu; gerturatze interkulturala da finean, bilatzen duena, eta gaitasun, ezagutza eta esperientzien trukean oinarrituta elkar aberastea.
Hori lortzeko bitartekoa, hiru jantzi tradizionalen sorkuntza izango da, jantzigintza. Topaguneak hiru hilabeteko iraupena izango du eta hilabete bakoityzean jantzi tradizional bat sortuko dute parte hartzaileek. Lehena euskal jantzi tradizionala sortzea izango da eta horretarako hitzordua hilaren 18an (ostirala) egin dute 17:00etatik 19:00etara udal euskaltegiaren egoitzan (Migel Zabaleta 14) eta plangintza landuko dute. hurrengo hitzordua berriz, hilaren 25ean ordutegi eta leku berean izango da sorkuntza egiteko.
Azaroan eta abenduan egingo dituzte hurrengo bi topaketak; lehenengoan, Ukraniako jantzi tradizionala egingo dute, eta bigarrenean, Arabiako jantzi tradizionala.
Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute posta elektronikora mezua bidalita edota 943 367 534/ 648 122 783 telefono zenbakietara deituta.