Aurreiritziak ezabatzeko
Ijito herriaren kultura, haien ohiturak, hizkuntza, lehen eskutik erakustea du helburu Camelamos Adiquerar elkarteak Ijito Kulturaren Astearekin.
Ijito herriaren kultura, haien ohiturak, hizkuntza, lehen eskutik erakustea du helburu Camelamos Adiquerar elkarteak Ijito Kulturaren Astearekin. Hamazazpi urte beteta, ia heldutasunera iritsita, jendartean diren estereotipo eta aurreiritziak apurtzeko lan handia dagoela egiteko oraindik argi dute, eta aurten ere antolatu dute astea. Aurreiritziak ezabatzeko, bertatik bertara, elkar ezagutzea gakoa dela esan du Juan Carlos Gimenez Camelamos Adiquerar elkartearen presidenteak astea aurkezteko ijito komunitatearen hainbat kiderekin eta Ion Collar Kultura zinegotziarekin batera egin duen agerraldian.
Berritasuna, lehenengoz argitaratu duten hiztegitxoa; txikia tamainan baina handia asmotan, izan ere, bi kulturen eta bi hizkuntzen elkarbizitza aldarrikatzea du asmo. Guk abesten dugunean, beraiek gilarav egiten dute, eta guretzat ijito direnak, romi dira eurentzat.
Gaur bertan hasi da astea Ijito Kafearekin. Zumardiak hartu du lehenengoz, orain arte Xabier Olaskoaga plazan egiten bazuten ere, “Zumardian harrera hobeagoa izaten du, jende gehiagok hartzen du parte eta horregatik erabaki dugu hona aldatze”. Gaur gainera, azoka txikia zen bertan eta jende ugari hurbildu da kafeaz gain, prestatu zituzten ardoa eta pintxoak dastatzera.
Aurreko urteko asteekin aldaketa gutxi astearen egitarauan. Montxo Jimenez Esku Pilota txapelketa erreferente bat bihurtu da jada eta gaur bertan jokatuko dute lehenengo partida, 20:00etatik 21:00etara Agustina Otaola pilotalekuan. Asteazkenean eta ostegunean ere izango dira partidak, eta ostiralean finala jokatuko dute. Nabarmentzekoen artean asteazkenean antolatu duten hitzaldia: Arrazakeriaren aurkako kazetarien txostena aurkeztuko du Juan de Dios Ramirez Herediak. Romani Batasuneko kazetaria eta abokatua da Ramirez Heredia. Berekin batera izango da hitzaldi aurkezpen horretan, Jose Ramon Gurrutxaga zinegotzia.
Beste hitzaldi garrantzitsu bat astearen barruan, Montxo Jimenezek Gabierrotako Gaztelekuan ostegunean emango duena, zure azalean jarriz goiburuarekin. Chib Cali, ijito hizkuntza, txikienei ere hurbilduko die Jimenezek bihar Kaputxinoetako ludotekan 18:00etatik 19:00etara egingo duen saioan.
Collarrek astearen erreferentzialtasunari egin dio aipamena eta horren beharra nabarmendu du, “bestearen azalean, bestearen oinetakoetan jartzea ezinbestekoa da elkarri ulertzeko”. Ramirez Herediak egingo duen hitzaldiari erreferentzia egin dio Collarrek, eta oso garrantzitsua izango dela esan du, “azkenean berak ijito komunitatearen gainean dagoen begirada zabaltzen lagundu du, erreferentea da, ijitoen errealitatea kontatuko du lehen eskutik eta komunitate horri kazetaritzak ematen dion trataera azaltzeko balioko du. Hitzaldi benetan interesgarria izango da, eta uste dut aurkeztuko duen txostenak ez gaituela epel utziko”.
Egitaraua
Gaur, astelehena
- 20:00-21:00: Montxo Jimenezen IX. Memoriala Esku Pilota Torneoa, Agustina Otaola frontoian.
Bihar, asteartea
- 18:00-19:00: Chib Kali (Ijito hizkuntza) Kaputxinoetako ludotekan.
Etzi, asteazkena
- 17:00-18:00: Arrazakeriaren aurkako kazetarien txostenaren aurkezpena Juan de Dios Ramirez Heredia Romani Batasuneko kazetari eta abokatuaren eskutik. Reina aretoan.
- 20:00-21:00: Montxo jimenezen IX. Memoriala Esku Pilota Torneoa, Agustina Otaola frontoian.
Hilak 18, osteguna
- 18:00-19:00: s hitzaldia Miontxo Jimenezekin Gabierrotako Gaztelekuan.
Hilak 20, larunbata
- 19:00-20:00: Montxo Jimenezen IX. Memoriala Esku Pilota Torneoaren finala eta sari banaketa.