Sismografoa dantzan jarri duen lurrikara
Liher taldeak epe laburrean amaituko du ‘Tenpluak erre’ bigarren diskoaren aurkezpen bira. 100 kontzertutik gora eginda eta helburuak beteta atseden hartuko du talde gazteak, are indartsuago itzultzeko.
Tenpluak erre bigarren diskoaren aurkezpen bira amaitzen ari da Liher taldea, hamazazpi hilabetean ehundik gora kontzertu emanda. Lide Hernando Pasai Donibanen bizi den donostiarrak jartzen dio ahotsa taldeari, Iñigo Etxarri sanjuandarra gitarrista eta perkusionista da, Joshka Natke zaldibiarra baxu jotzailea eta Ander Berzosa donostiarra bateria jotzailea. Jon Lujanbio sanjuandarra, berriz, laguntzailea da. Azken hitzorduak, Aginaga, Durango, Ordizia, eta Bilbon, eta Euskal Herritik kanpo Madril eta Burgosen dituzte. Kontzertuek eta beren lan berriak izan duen harrerarekin pozik da Etxarri. Pasa den urteko martxoan beren bigarren diskoa aurkeztu zutenetik hamazazpi hilabete «izugarri aktibo» eman dituztela-eta atseden gogoz badirela aitortu du, baina baita neurri batean penatuta ere, amaiera data hurbil dutelako, «denbora pasa ahala, zer edo zer mugitzen ari dela sumatu dugu, jende gehiago gerturatzen dela kontzertuetara. Oso pozik gaude erantzunarekin eta helburuak bete ditugun sentsazioarekin».
Rockarekin lotu daiteke Liherren musika estiloa, rockak berak hartzen dituen estilo, kolore eta ñabardura guztiak barnebilduta. Ez da, ordea, Etxarri etiketak jartzearen aldekoa, «rockaren etiketak kristoren amalgama onartzen dizu, eta Liherren esparru ezberdinetatik gatozen lau pertsona elkartu gara. Lide soul eta bluesetik dator, musika beltzetik; ni Naizroxa eta Anai Arrebak taldeetatik pasatakoa naiz; eta Joshka musika gogorragoa egitetik dator. Azkenean, laurak gustura sentiarazten gaituen bide bat aukeratu dugu, eta ez ixtea, ez zentratzea estilo zehatz batean, baizik eta lokalean ateratzen diren ideiei forma ematea. Rock etiketa jarri zaigu, baina badira abesti dantzagarriak eta balada diskoan». Ez omen dela oso inteligentea bideak ixtea dio Etxarrik: «Nik ez dut musika mota bakarra entzuten. Jaten duzun hori zara azkenean, eta musikarekin antzekoa gertatzen da, ateratzen duzu entzuten duzun hori».
Ahotsak, leku berezia
11 kantu eta Hernandoren ahotsa gora eta behera eroso, erraz, estilo ezberdinetara moldatuta bikain—disko honetan ere, nagusi— hausnarketarako gonbita luzatzen duten letra landuekin. Ahotsak indar handia du, «Lide da potentzia, sentsibilitatea… atentzioa bereganatzen du, agertoki gainean indar handia du eta letrak ere berak egiten ditu». Azken horiek, hala ere, partekatzen dituzte denen adostasuna izan dezaten, «furgonetan komentatzen ditugun gaiak lantzen ditugu. Bada garaia balantzaka den hori botatzeko, edo bizi dugun turismo masiboa kritikatzeko. Donibanen bertan bizi dugu, aparkatzeko lekurik ere ez dugu eta isunak, gainera, bertakoentzat dira».
Kritikari lotuta dago diskoaren izenburua ere, «Tenpluak erre-ren atzean abesti bat baino gehiagotan aipatzen dugun ideia dago. Duela 20 urtetik ikusten ari garen talde horiei guztiei kritika modukoa da, ez da kontzeptu bakarrari egindako kritika, gizartean bertan normalizatu den joera bati kritika baino».
Lau urteko bidea egin dute talde gisa, eta ibilbidean zailena halako talde batek eskatzen duen lan ikusezina dela dio Etxarrik, «kontzertuak bilatu behar dira, lan fisikoa da, gero furgoneta kargatzea, jotzea, jasotzea, lo gutxi eginda… Horrek bakoitzaren muga non dagoen erakusten digu, eta ikasten zoaz. Zaila da honetan bizitzea». Lau urte, eta 200 kontzertu soinean, ez dira makalak.
Autoekoizpenaren aldeko hautua egin dute argitaratutako bi lanetan, «gustatzen zaigu prozesu guztia kontrolatzea, guk sortzen duguna hasieratik bukaerara arte kontrolatzea. Horrek nekea suposatzen du, gainean egon behar duzulako, baina ordaindu beharreko ordainsaria da, eta merezi duen zalantzarik ez dugu».
Euskaraz aritzea ez du muga gisa ikusten Etxarrik, «euskara barrura begirako zer edo zer da, nire bizitza euskaraz egiten dut, euskara dut ama hizkuntza, eta sormena ere hala egiten dut, euskaraz. Arrotzagoa egiten zait hemengo taldeak ingelesez aritzea hizkuntza menperatzen ez dutenean. Ez dut uste, gainera, Euskal Herritik kanpo bizi den jendeak ingelesez entzuten dituen taldeak %100 ulertzen dituenik». Argi du zuzenekoan, kontzertuetan, faktore asko daudela, «taldearen jarrerak asko egiten du, bada transmisio bat hizkuntzara mugatzen ez dena».
Horren erakusle izan daiteke Madrilen eta Burgosen egingo dituzten kontzertuetarako sarrerak agortuak izatea ia, «ez genuen espero eta lekuz kanpo gaude. Konstantzia da gakoa».
Azken diskoko kantu bat aukeratzeko eskatuta, lehenengo hirurak aukeratu ditu, baina lortu du balantza baten aldera mugitzea: «Sismografoa eta lurrikara da bereziena. Trantsizioa da Hautsak eta Tenplu erreak diskoen artean, zubi lana egiten du. Badu pop balada kutsua, baina badu indarra».
Bira amaituta, atseden hartuko du Liherrek, merezitakoa, indar handiagoarekin itzultzeko.