[Bideoa] Injustiziaren aurka eta oinarrizko eskubideen alde atera dira kalera
Zumardian egin zuten elkarretaratzea, eta hamarnaka herritarrek egin zuten bat Gure Eskuren deialdiarekin.
Kalera atera dira, eta ozen salatu, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia. Demokraziaren aurkako eraso larritzat jo du Gure Eskuk Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia. Zumardian egin zuten elkarretaratzea, eta hamarnaka herritarrek egin zuten bat Gure Eskuren deialdiarekin. Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna leloa zuen pankarta, eta atzean Demokrazia hitza hizki handiekin. Bildutakoek gainera, Gure Eskuren deialdiari jarraituz, zarata egin zuten; antolatzaileek jarritako sirena hotsari, txilibituak batu zitzaizkion, salaketa ahalik eta ozenen egiteko.
Mezu argia zabaldu zutena, herriek erabakitzeko eskubidea dutela: “Etorkizuna, erreferendum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo”. Bide horretan, erreferendumaren aldeko herri iniziatiba lantzen ari dela jakinarazi zuen atzoko elkarretaratzean, baita aurrera jarraituko dutela, “aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin”.
Donostiara deitu ditu herritarrak azkenik. Larunbatean manifestazioa egingo du Gure Esku dinamikak, eta datozen egunetan egingo du agerraldia zehaztasun guztien berri emateko. Amaitzeko elkartasuna eta berotasuna helarazi zieten “epai honen bidegabekeriaren ondorio larriak pairatu behar dituztenei eta haien senideei”. Kataluniako buruzagi independentistak bai, baina Altsasuko gazteak ere izan zituzten gogoan atzoko elkarretaratzean, “Altsasukoak ere aske nahi ditugu, nahikoa da. Bidegabekerien aurrean beti elkartasuna. Oztopoen aurrean irudimena eta ahalegin kolektiboa”.