Elkarretaratze zaratatsuak egin dituzte injustizia salatzeko
Kataluniako buruzagi presoen kontrako epaia arbuiatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo lau barrutietan.
Injustizia eta neurrigabetasuna salatu zuten Pasaian, eta protesta zaratatsua eginez, elkartasun osoa adierazi zieten bederatzi buruzagiei. 9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi gorenak.
Gure eskuk deituta, hamarka herritarrek protesta zaratatsua egin zuten erreferenduma ez da delitua lelopean eta bederatzi buruzagien askatasuna exijitu zuten. Erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso zuzena izan dela salatu zuten, eta buruzagiak milioika herritarren nahiari bide egiteagatik zigortu dituztela.
19:00etan hasi zituzten protestak Antxon, San Pedron eta Trintxerpen. Pankartak, lapikoak, txilibituak eta bestelakoak erabili zituzten haien amorrua adierazteko. Ordubete beranduago hasi zuten protesta Donibaneko Santiago plazan. Han ere ozen salatu zuten demokraziaren aurkako erasotzat dutena.
Sinbolikoki izan bazen ere, pasaitar askok Kataluniako herritarren amorruarekin bat egin zuten atzo. Atzokoa bukatuta, Donostian larunbatean egingo den manifestaldi erraldoia gogorarazi zuten. Antigua auzotik abiatuko da.