Intsumiso Egunaren mende laurdenaren harira, ekitaldiak
1994ko urriaren 9an ospatu zuten lehenengo Intsumisio Eguna, Oiartzunen. Horren harira, erakusketa ikus daiteke udaletxean.
Duela mende laurden intsumisioarena puri-purian zegoen gaia zen. Soldaduska derrigorrezkoa zen mutilentzat, eta hura egiteari uko egin zion jende uholdea zegoen Euskal Herrian.
Energia hori kanalizatze aldera, Oiartzunen ospatu zuten lehen Intsumisio Eguna, 1994ko urriaren 9an. 25.000 lagun bildu ziren bertan.
Urteurren hori gogorarazteko asmoz, intsumisioaren mugimenduan sartuta egon ziren oiartzuar talde batek ekitaldi sorta bat antolatu du. Egunotan, eta hilaren 27ra arte, intsumisioa ardatz duen kartel erakusketa ikus daiteke udaletxeko pleno aretoan.
Hilaren 25erako, Desobedientzia zibila eta intsumisioa mahai ingurua egingo dute toki berean. Gainera, gazteengana joko dute: Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako helduenei mugimendu hark suposatu zuena azalduko diete.
Hilaren 26rako, berriz, Eudimako udalei (udalerri intsumituen mankomunitatea osatzen zutenei) aitortza ekitaldia egingo dute, eta mugimendu hura babestu zutenak ere, eguerdian. Arratsaldean, Goldi libre! antzezlana jokatuko dute, 19:00etan hasita.