Euskarazko literaturaren aldeko apustua egingo dute udazkenean
'Orriz orri euskara erabili, orriz orri euskara igorri' dinamika aurkeztu dute Pasaian, irakurzaletasuna, udal liburutegiak eta euskal literatura sustatzeko asmoz.
Lau liburutegi publiko dituen udalerria da Pasaia. 16.000 biztanleko herri gutxik dute halako eskaintza. Altxor literarioz beteriko lau liburutegi daude Pasaian, hemengo altxorrei baina, kanpokoei baino garrantzia gutxiago ematen zaie sarritan.
Euskarazko irakurzaletasuna indartzeko asmoz, Orriz orri euskara erabili, orriz orri euskara igorri egitasmoa aurkeztu dute Antxoko udal liburutegian. Helburu nagusia, Pasaiako helduen irakurketa ohituretan eragitea da, “haur eta gazteen artean ohikoa da euskaraz irakurtzea, baina 16 urtetik gorako herritarrek gaztelaniaz irakurtzen dute batik bat”, adierazi du Loreto Osak, Pasaiako Udaleko Euskara zinegotziak. Herritarren kultur kontsumoan euskararen pisua handitzeari ekingo diote.
Pasaiako eragile askok babesa eman diote egitasmoari; Pasaia-Lezo Lizeoa, Karmengo Ama eta La Anunciata ikastetxeak; udal euskaltegia eta Txirrita AEK euskaltegia; Urdin eta Isasa liburu dendak; irakurketa kluba eta Pasaiako Udaleko euskara saila zein liburutegia.
Azaroaren 4tik abenduaren 16ra arte, udal liburutegian euskarazko liburu bat mailegatzea, loterian jokatzea bezalakoa izango da, sariak zozkatuko dira eta. Guztira, Pasaiako liburutegiek 8 sari banatuko dituztela azaldu du Pasaiako liburutegietako arduradun Aitziber Zinkunegik, “30 euroko bi sari banatuko dira liburutegi bakoitzean, bata 16 urtetik beherakoen artean, eta bestea gainontzekoen artean. Bale horiek euskarazko liburuak erosteko izango dira”. Dena dela, argi utzi dute gramatika liburuak, hiztegiak, entziklopediak eta eskola liburuak erosteko ezingo direla erabili baleak.
Sariez gain, mailegu bat egitean, euskarazko edozein liburu erosteko deskontuak banatuko dituzte liburutegiek; %50eko deskontua euskaltegiko ikasleentzat, eta %25ekoa besteentzat. Liburuak San Pedroko Isasi eta Antxoko Urdin liburu dendetan erosi beharko dira.
Zozketetan parte hartzeko eta deskontuak jasotzeko, nahikoa izango da liburua maileguan hartzea eta, langileek emandako irakurle fitxa betetzea. Erosketa txekeak erabiltzeko azken eguna bestalde, urtarrilaren 4a izango da.
Udazken bizia izango da liburutegiena, hainbat ekintza antolatuko dituzte eta. Antzerkiek, olerkiek eta hitzaldiek zer esana emango dute. Niararen bidaia haurrentzako antzezlana lau liburutegietan izango da ikusgai; hilaren 21ean Antxon, 22an San Pedron, 23an Trintxerpen eta azkena 24an izango da Donibane. 17:30ean hasiko dira antzezlan guztiak.
Olerkigintzaren zaleek azaroaren 7an Pasai Antxoko liburutegira joateko aitzakia ederra izango dute. 19:00ean Idurre Eskisabel kazetari eta unibertsitate irakasleak Goseak janak poesia liburuaren aurkezpen-errezitaldia egingo du Ainara Lasa artistarekin batera.
Azaroaren 20an bestalde, berdintasun sailarekin elkarlanean, Samara Velte kazetaria ekarriko dute Antxoko liburutegira. Nazioartean eta bereziki berdintasun eta generoan aditua den Veltek Nik sinisten dizut liburua aurkeztuko du, 18:30ean.
Irakurketa klubak ere ez du euskal literaturari bultzada emateko aukera galdu, eta hurrengo saioetan Xabier Etxanizen gidaritzapean egingo diren saioak iragarri dituzte. Hilaren 21ean Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia jorratuko dute Trintxerpen. Azaroaren 18an San Pedrok hartuko du kluba, Nell Leyshon autorearen Esnearen kolorekoa lantzeko. Urteko azken saio abenduaren 16an izango da Trintxerpen. Jon Miranderen Haur besoetakoa izango dute aztergai.
Etorkizuneko irakurleak gaur egungo ikasleak dira. Hori dela eta, Pasaiako hiru ikastetxeek haien ekarpena egingo dute, ikasleak eta idazleak batuz, “gure ikasleak liburutegietara hurbildu eta idazleak gertutik ezagutuko dituzte ikasturte honetan LH, DBH eta Batxillergoko ikasleek”. esan du Edurne Urkiola Pasaia Lezo Lizeoko zuzendariak. Belatz, Ibon Martin, Josevisky, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi eta Alaine Agirre autoreak dira gonbidatuko dituztenak.