Arte martzialen lehen emanaldi mistoa antolatu dute
Agustina Otaola pilotalekuak hartuko du arte martzialen emanaldi hori, eta guztira bederatzi borrokaldi antolatu dituzte.
Emakumeen hiru borrokaldi izango dira. Argazkia: Kenthai kluba. Lehenengoz arte martzialen emanaldi mistoa antolatu dute Errenteria-Oreretan. Horren atzean, Kenthai kluba, lehenengoz arduratuko dena kaiola oktogonala muntatzeaz udalerrian. Agustina Otaola pilotalekuak hartuko du arte martzialen emanaldi hori, eta guztira bederatzi borrokaldi antolatu dituzte.
Kenthai Klubeko Alberto Lopezek zehaztu duenez MMA eta K1 borrokaldiak izango dira, baita kategoria bakoitzaren xehetasunak eman: “K1, Kickboxingaren modalitate bat da, eta belaunak erabili daitezke borrokatzeko unean. MMA berriz, kaiolaren barruan egiten diren borrokaldiak dira, oktogono barruan, eta hain bat arte martzial uztartzen ditu: boxeoa, kickboxing, graplinga… kaiolaren goiko aldean edota lurrean borroka dezakete”. Azken hori, kontaktu kirolen artean zabalena dela zehaztu du Lopezek.
Bederatzi borrokaldietatik sei gizonenak izango dira eta hiru emakumeen artekoak. Hemezorti borrokalarietatik bost Kenthai klubekoak dira, eta herrikoak, “espero dugu jendea animatzera etortzea. Emanaldi polita prestatu dugu jendea ohar dadin bertan, herrian, borrokalari oso onak daudela”.
Sarrerak salgai daude jada, eta oktogonoaren parekoak agortu dira. Emanaldia EHK1F Euskal Herriko K1 Basque Country Federazioak homologatua da. Sarrerak Kenthai gimnasioan, Xera gastrotekan eta Etxeondo tabernan eros daitezke 13 euroan, edo egunean bertan takilan 15ean.
Larunbatean bertan, baina goizez, kirolarien pisaketa egingo dute Etxeondo tabernan 11:00etan. Irekia da ikusi nahi duenarentzat.



