Handitik erraldoira egin du urratsa Atlantikaldiak
Aurtengo Atlantikaldiak 33.000 bisitari edo parte hartzaile izan ditu, "iaz baino %10 gehiago". jaialdiak hazten eta hezten jarraitzen duela erakusten dute datu horiek.
Tolosa eta Otaegi gaurko agerraldian. Kultur topagune eta musika jaialdiaren seigarren ekinaldiaren balorazioa egin dute gaur Aizpea Otaegi alkateak eta Iker Tolosa Atlantikaldiaren zuzendariak eta Kultur teknikariak. Aurten ere, “pozik, oso pozik”, azaldu dira jaialdiaren arduradunak Atlantikaldiak eman duenarekin, “herritarrak zein bisitariak ere pozik ikusi ditugu. Horrek ematen dio zentzua jaialdiari”.
Atlantikaldiaren Marea biziek herrian eragin dutenaren laburpen bideoa erakutsi dute agerraldian, eta ondoren hainbat datu eman ditu Otaegik jaialdiaren arrakasta erakusten dutenak. Erreferentea dela dagoeneko argi zegoen, baita jende ugari mugitzen duela jaialdiak, baina emandako datuek jaialdia handitzen eta hezten jarraitzen duela erakusten dute. Hala, aurtengo Atlantikaldiak 33.000 bisitari edo parte hartzaile izan ditu, “iaz baino %10 gehiago”.
Kalitatezko jaialdia da hasieratik, baina horretan sakontzen jarraitzeko, are kalitate handiagokoa egiteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du Otaegik, “publikoak egitarauaren kalitatea saritu du. Datozen ekinaldiei begira horretan jarriko dugu indarra, kalitatezko jaialdi bat eskaintzea delako gure nahia”.
Jaialdian parte hartu dutenen kopuruak gora egin du, baita Atlantikaldiarekin gozatzera herri kanpotik heldutakoen zenbatekoa Otaegik azaldu duenez, “publiko osoaren %24 izan da Errenteriatik kanpokoa, eta Errenteriatik kanpokoen artean %47 ziren Oarsoaldetik kanpokoak”. Datu horiek erakusten dutena argi du alkateak, “Atlantikaldiak gero eta proiekzio handiagoa du euskaldetik kanpo. Gainera, kanpotik etorritakoei datorren urteko jaialdira etortzeko asmoa duten galdetutakoan %95ak erantzun du baietz”. Publikoaren erantzuna, apartekoa, eta asebetetze maila oso altua izan direla erakusten dute datuek: %84ak gustuko izan du egitaraua.
Hitz bakarrarekin egin du jaialdiaren balorazioa Otaegik, “biribila”, eta harago jo du, Atlantikaldia inguruko jaialdien zirkuituan indartsu sartu dela ziurtatu baitu. Azken horrek garrantzi berezia duela nabarmendu du, “Errenteria kultur erreferente bihurtzen laguntzen duelako eta gure herria mapan kokatzen duelako”.
Kultur aniztasunaren topagune parte hartzailea
Emaitzak eta datuak garrantzitsuak eta “pozgarriak” direla ukatu gabe, Atlantikaldiaren arrakastaren beste gako bat aipatu du Tolosak, “eragileen inplikazioa”. Aurten ere aparta izan omen da, “kultur eragileak, kirolari lotutakoak, merkatariak, ostalariak… aurten ere inplikatu egin dira jaialdiarekin”. Garrantzitsua da azken hori, garrantzitsua den moduan Atlantikaldia herriko komunitate anitzen arteko elkarbizitzaren eredu bilakatu izana, “herritarren topagunerako molde berriak sortu ditugu guztion artean”. Horren erakusle, Tolosak eman dituen bi datuok: “Ekinaldi honetan 90 jarduera bildu ditu eta horiek 24 jatorri ezberdinetako eragileek garatu dituzte”.
Herriak babesa eman dio jaialdiari, ez da zalantzarik, egitaraua osatzerakoan eta parte hartzerakoan, “hori oso pozgarria da guretzat”. Atlantikaldiaren filosofia guztia, anitzen arteko elkarlana, konplizitate horiek, urtean zehar ere josten jarraitzeko lanean jarraituko dutela esan du jaialdiaren zuzendariak, eta primizia eman du ere; dagoeneko badu data Atlantikaldiaren zazpigarren ekinaldiak: 2020 irailaren 24tik 27 izango da. Lanean hasiak dira jada datorren urtekoari begira, beti bezala gogoz, eta balantze ikaragarriak utzitako aho zapore gozoarekin.
