Goiatz Labandibar: "Gauzarik sinesgaitzenak ere benetan gertatzen dira"
Oiartzuarrak ‘Hori zen dena’ argitaratu du Alberdaniarekin. Eguneroko bizitza eta sortzen diren harremanak ardatz dituzten narrazioak idatzi ditu, emakume begirada batekin.
Goiatz Labandibar oiartzuarrak Hori zen dena narrazio liburua idatzi du, Alberdania argitaletxeak argitaratuta. Bere ibilbideko hirugarrena da, eta bertan gaur egun eta hemen garatzen diren 15+1 narrazio kontatzen dira (irakurleak ondorioztatu beharko du kontaketaren horren zergatia).
Elkarrizketa hau ilustratzeko argazkiak egiterakoan, Oiartzungo labaderua aukeratu du. Garai batean emakumeek bakarrik lan egiten zuen tokia da, eta ikusgarritasuna eman nahi izan izan dio. Bere liburuan ere emakumeek dute zentralitatea, Goiatz Labandibar idazlearen begiradak eman diena.
Duela hiru urte, Fotogramak argitaratu zenuenean, esan zenuen ez zenekiela liburu bat idaztera bueltatuko zinenik. 2019an, Goiatz Labandibar bueltatu da letren plazara.
Bere garaian esango nuen ez nekiela bueltatuko nintzen. Orain ere bai esaten dut hori; momentuan momentuko proiektuak dira, forma hartzen dutenak.
Hiru urteko prozesua izan dela esan duzu. Ibilbide orria izan al du prozesu horrek?
Bilduma honetan agertzen den lehen narrazioa idatzi nuenetik hiru urte eta erdi pasatuko ziren. Hasiera hartan, ez zeukan ibilbide orririk. Denborarekin konturatu nintzen bazegoela narrazio sorta bat, harremanen bat-edo bazutela denen artean. Orduan hasi zen ibilbide bat markatzen eta ordenagailuan karpeta bat sortzen, izenburu honekin, eta bilduma bat egiten.
Hortik aurrera, hasi nintzen sortzen modu kontzienteago batean, harremanei buruzko zerbaitekin. Hasieran, baina, nire intentzioa ez zen izan hari bera zuen liburu bat sortzea.
Geltokiak eta Fotogramak horrelakoak ziren: gai baten inguruan pibotatzen zuten narrazio sortak ziren.
Proiektu bat aurrera doala ikusteko, nik behintzat, koherentzia bat bilatu behar diot. Eta koherentzia, Fotogramak-en kasuan esaterako, argazkiak ez ziren koherentzia ematen ziotena, baina bai abiapuntu bat. Niretzako bada garrantzitsua koherentzia izatea, bestela ez nuke ezta jakingo nola osatu bilduma bat bata eta bestearen artean ez banu ikusiko lotura badagoenik.
Tokiak, argazkiak eta harremanak dira, hurrenez hurren, zure hiru liburuei koherentzia ematen dioten ore hori. Hori zen dena-n lausoagoa izan daiteke harreman hori, baina badago liburuan zehar egunerokotasunari lotutako hari bat.
Izan daiteke lausoagoa; nabarmenagoa izango litzateke modu bereko harremanak balira. Adibidez, belaunaldi bakar bateko harremanak, edo bikote heterosexualen harremanak, edo guraso eta seme-alaben artekoa errepikakorregia gera zitekeen. Hori izan zen nire kezketako bat narrazioak biltzen hasi nintzenean: harremanen inguruko istorioak izanda, ez ote ziren geratuko oso berdin. Gero egin nituen kontsulta batzuk, eta esan zidaten ezetz, ez zela errepikakor gelditzen. Liburuaren gaiaren eta narrazioen arteko lotura lauso hori ez dut uste txarra denik, azkenean aniztasunari aukera ematen dio. Eta, gainera, harremanen mundua bada oso anitza.
“Hemen eta orain pasatzen diren istorioak kontatzen ditut liburuan”
Aurreko bi liburuetan nabaritzen da badagoela bibliografia lan bat, historia liburuekin edo Atlasarekin dokumentatuta dagoela. Hori zen dena-n izan daitezke inguruko lagun eta ezagunak inspirazio iturria?
Azken finean, gaur eta hemen pasatzen diren istorioak dira. New Yorken ere pasa litezke; gaur egun daramagun bizimodu estilo honetako narrazioak dira. Ezagutzeak gauzak errazten ditu idazterako garaian, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik dokumentazio lanik. Badago lan hori —ez istorio guztietan—, baina nik ere galdetu behar izaten ditut gauzak. Baditut nire mugak; mekanika kontuetan-eta egin behar ditut kontsultak.
Idazkera bera zuzenagoa da, aipatutako detaile horietan gehiegi sartu gabe.
Bada nik nabaritu duten aldaketa eta eboluzio bat, bai lehenengo liburutik bigarrenera. Geltokiak-etik Fotogramak-era moztu nuen nire idazteko modua. Eta orain, Fotogramak-etik Hori zen dena-ra ere bai. Agian motzagoa da, zuzenagoa.
Ez naiz izan bereziki deskribapenetan sartzen den idazleetako bat. Ematen zaio literaturan garrantzia horri, baina niri berdin zait nolakoak diren pertsonak eta tokiak. Uste dut irakurtzen duenari ere bai utzi behar zaizkiola gauzak imaginatzen, eta ez bada beharrezkoa, ez dut deskribatzen. Kontatu nahi dudana kontatzeko, uste dut, ulertzen dela. Estilo zuzen eta motz horrekin ez dut sentitu luzatzen ibiltzeko beharra.
Deskribapen gaindosiak, agian, irakurlea gehiegi lotu dezake?
Ez dakit… Kontatzen ditudan istorioak oso zehatzak dira, ez dira harremanen garapen luzeak. Orduan, deskribapenekin luzatzea, luzatzeagatik luzatzea izango litzateke. Agian eleberri batek behar du, gauza gehiago eman behar dituzulako, garapena luzeagoa delako. Hori zen dena-ren kasuan, ez lioke ezer gehiago aportatuko kontatu nahi denari.
Harremanen gaiak, gainera, lagunduko dio irakurleari bere lagunen, koinatuen edo dena delakoen aurpegiak jartzen, ezta?
Bai, izan liteke. Abiapuntuak oso ohikoak izan daitezke. Seguruenik, ingurukoekin loturak egitea bati baino gehiagori pasako zaion gauza izango da.
Liburuaren aurkezpenean Jorge Gimenez Bech editoreak definitu zintuenez, irakurleari aulki bat jartzen diozu, intimitatearen voyeur izateko. Intimitatearen kartzelaren murruak hausten dituzu?
Beti esaten dut bizitza dela fikziorik onena, eta gauzarik sinesgaitzenak ere benetan pasatzen dira. Horri begira jartzea denok egiten dugun zerbait da; ingurura begiratzea, alegia. Istorioak nondik sortu eta nondik hasi, inguruko gauzetan dute abiapuntua.
Idazleren bati aditua diot esan zuela literaturak sinesgarria izan behar duela. ‘Bizitza da fikziorik onena’ esaldiarekin talka bat egon liteke?
Literaturaren oinarrizko baldintzetako bat da sinesgarri izatea, nahiz eta kontatzen duzunak sinesgarri itxurarik ez eduki.
Geltokiak idatzi nuenean, gertatu zitzaidan kritika idatzi zuen batek aipatu zuela sinesgarritasun eza, zehazki istorio konkretu batean, eta hori zen errealena. Horrek erakusten du sinesgarritasuna zerbait subjektiboa izan daitekeela baita ere. Batzuentzako sinesgarria izango da, eta beste batzuentzat urrutiko zerbait izango da. Teorian behintzat, sinesgarritasuna eduki egin behar dute, eta uste dut istorio hauek gehienek badutela. Irakurle bakoitzak epaituko du zer den berarentzako sinesgarria eta zer ez.
Subjektibotasuna aipatuta, emakume baten begietatik idatzi duzu, artifiziorik gabe.
Idazle batek begirada bat du, ez da objektiboa. Gehienen kasuan, uste dut, begirada horrek badu eragina bere idazkeran. Nire kasuan, munduari begiratzeko modu bat dut, eta begirada hori —nahi gabe ere— islatua egongo da gauza askotan: emakumea naizela, nire lanbidea, nire adina, non bizi naizen… Begirada konkretu bat izateak bideratzen zaitu, posizio batetik hasten zara kontatzen. Segun eta zer kontatu nahi duzun, posible duzu urruntzeko ariketa bat egin. Nik ez dut egin, eta ez nuen egin nahi. Sartu naiz beste batzuen azalean, baina atzean dagoen narratzaile horrek asko du nigandik.
“Onartzeko prest nago ipuinotan islatu direla nik pentsatzen ditudan gauzak”
Liburuaren bukaeran Simone de Beauvoirren ‘pertsonala politikoa da’ kontzeptua azaltzen da, baina narrazio guztietan gainean hegaka ari den zerbait bada. Aurreko liburuetan karga ideologikoa —apartheida, segregazioa…— bazegoen. Hirugarren liburuan sotilagoa da, baina karga are handiagoa da, egunerokotasuneko kontuak agertzen diren arren.
Lotua dago lehen esandako horrekin. Zure ideologia beti plasmatzen da liburuetan. Ez nuke nire burua kalifikatuko idazle ideologikotzat. Onartzeko prest nago narrazio horietan islatu direla nik pentsatzen ditudan gauzak.
Agian idazkera ideologikoa beti deitzen diogu posizio politiko batera lerratzen diren pentsaera batzuei, baina best-seller tolesgabeek ere badute karga ideologikoa, ezta?
Erabat ados horrekin. Lehen sinesgarritasunari buruz hitz egin dugu, eta orain hain modan dauden eleberri poliziakoek horren falta dute. Euskal Herrian kokatuta izatea, eta foruzainak mirariak egiten dituztela idazten denean… Badu karga ideologiko bat, eta horren atzean imajinarioak sortzen dira, nahiz eta ezetz ematen duen. Nire liburu honekin imaginario gutxi aldatuko dira, baina esaten dudanean ez dudala nire burua idazle politikotzat jotzen, badirudi gauzak oso argi eta garbi idatzi behar direla, izan Euskal Herrian gatazka politikoari buruz, izan Espainian 1936ko Gerrari buruz errepublikazaleen aldetik.
Adibidez, Dolores Redondok diferente pentsatuko balu, protagonista ez zen foruzaina izango, Millenium-eko Lisbeth Salanderen antzekoa izango zen, erdi-gaizkile bat.
Liburu honekin irakurlearengan arrastoa utzi nahi duzula esan duzu, hausnarketara eramatea.
Idazle guztiok nahi dugu oharkabean ez pasatzea gure lan bat. Zaila da marka bat uztea. Ez dut bilatzen hausnarketa sakonik, baina bai klik batzuk, irribarre bat uztea, edo oso ohikoak diren gauzak beste modu batera ikustea. Irribarre batekin edo Hori zen dena bukatzean sentsazio on batekin gelditzen bada irakurlea, hori bada arrastoa uztea.
Eguneroko kontu identifikagarriak izan arren, plot twist asko erabiltzen dituzu.
Espero ez diren elementuak ez baleude, kontaketa planoa izango litzateke. Ez dira egoeraren deskribapen hutsak. Azkenean, egoera batzuk daude, eta egoera hori aldatzeko zerbait pasatzen da denetan. Hala ere, kostunbrismoa ez dago oso baloratuta gaur egun…
“Nire helburuetako bat ez da eleberri bat idaztea; ez naiz gutxiago horregatik”
Hirugarren liburu hau narrazio laburrek osatzen dute. Eleberri luzearen bila joango al zara hurrengoan?
Badirudi idazle izateko —edo kontsideratzeko— eleberri bat idatzi behar dela, nahi eta nahi ez. Uste dut badaudela lehen mailako literatura eta bigarren mailako literatura bezalakoak kontsideratzen direnak. Euskal Herrian, adibidez, narrazio asko idazten dira, eta nire ustez, nobelagileak baino hobeak dira. Galdera hori asko errepikatzen da. Ez dut ezetzik esango, baina nire helburuetako bat ez da nobela bat idaztea, ez naiz beste batzuk baino gutxiago sentitzen horregatik. Nobela bat idazteko beste konstantzia batzuk behar dituzu, baita beste hainbat faktore ere. Gainera, motibazio bat behar duzu eleberri luze bat idazteko, eta orain eroso sentitzen naiz narrazioen neurri horretan.
Hori zen dena izenburua jarri diozu, asko errepikatzen delako. Baina izan zitekeen 1,35eko ohea edo Larrua jo ondoren…
Kontatzen diren harremanetako asko badira bikoteenak —gau batekoak ere hor sartzen ditut—, eta naturala da larru jotzeak agertzea. Eta 1,35eko ohearena… agian da nirea horrelakoa delako; hori da nire errealitatea!
Hori zen dena jarri diot, baina lehenago ez nuen beste izenbururik planteatzen. Narrazio guztientzako aterpe ona da.