[Galeria] Kontzientzia ekologikoan, ohorezko matrikula
Ikasturte bakarrean %15 gutxitu da energia gastua 50/50 proiektuan parte hartzen duten Cristobal Gamon, Lezo Herri Eskola, Elizalde Herri Eskola eta Karmengo Ama ikastetxeetan, eta garrantzitsua dena, 43 tona CO2 gutxiago isuri dituzte atmosferara.
50/50 proiektuan parte hartu duten Oarsoaldeko lau ikastetxeek aurreko ikasturtean egindako lan handia saritu dute gaur. Errenteria-Oreretako Cristobal Gamon, Lezoko Lezo Herri Eskola, Oiartzungo Elizalde Herri Ikastetxea, eta Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxeko ikasleak izan dira protagonistak sari emate ekitaldi horretan; ongi merezita, argi utzi baitute kontzientzia ekologikoan eta ingurumenarekiko arduran, ohorezko matrikula lortu dutela.
Lau ikastetxeetako hainbat irakaslek lagunduta izan dira Errenteria-Oreretako Reina Aretoan izan den sari emate ekitaldian. Oarsoaldeko lau udaletako ordezkariak ere bertan izan dira: Errenteriako Eneko del Amo Hirigintza, Trafiko, eta Garraio eta Sustapen zinegotzia, Itziar Ostolaza Hezkuntza, Berdintasuna, parte hartze et Hizkuntza Politiken zinegotzia, eta Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotzia; Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordea; Lezoko Miguel Angel Sanchez Hirigintza zinegotzia, eta Jose Angel Sanchez Ingurumen zinegotzia; eta Pasaiako Nahikari Otermin Hirigintza zinegotzia. Beatriz Martikorena, Iñaki Puga eta Nieves Lazkano ere izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean.
Oiartzungo alkateordeak hartu du hitza Oarsoaldeko Garapen Agentziaren lehendakaria den Jexux Leonet alkatearen izenean azaltzeko 50/50 eraginkortasun energia proiektua ohituretan aldaketak eragiteko tresna dela. Pasa den ikasturtean martxan jarri zutenetik, “emaitza onak” lortu dituztela lau ikastetxeetan zehaztu du, “hori energia modu arduratsuagoan erabili dugun adierazle da”. Lau ikastetxetan talde energetikoak sortu dituztela, ohitura aldaketan eragiteko ekintzak abiatu eta ezarri dituztela esan du Arbelaitzek, “eta kontsumoa gutxitzea lortu dute”. Datu garrantzitsua eman du gainera, “energiaren eta uraren erabilpen eraginkorrak gastu esanguratsua suposatzen du, ingurumenean eta ekonomian duten inpaktua kontuan hartuta. Oarsoaldeko lau udalek bost miloi euro bideratzen ditugu gastu horietara urtean, hori gastu arruntaren %50a da; eta gastu horren %10a ikastetxeetara bideratzen da”.
Lau ikastetxeetako ikasleei egindako “lan handia” aitortu die, eta emaitza interesgarriak lortu dituztela nabarmendu, ” hala ere nik argi utziko nuke interesgarria ez dela dirua aurreztea; CO2 isuriak gutxitzeko ahalmena da garrantzitsua, eta batez ere, proiektu honek bere horretan suposatzen duen esperientzia pedagogikoa; baliabideak arrazionaltasunez erabili behar direla, eta egin daitekeela ikustea baizik, hori ulertzeak gero eta premia handiagoa baitu gure munduan”.
Esker ona azaldu die Arbelaitzek proiektuaren atzean dauden guztiei, eta lau ikastetxeak eta energia taldeak osatzen dituzten pertsonei erreferentzia egin die nagusiki, “euren partaidetzarik gabe ezinezkoa izango baitzen garatzea. Eskerrik asko eta zorionak”.
43 tona CO2 gutxiago isuri dituzte atmosferara
Protagonistak, beraz, ikasleak eta beraien ordezkaritza batek hartu du hitza; argi esan dute guztiek, “hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa izan da eta izaten jarraituko du emaitzak lortzeko”. Ikasturte bakarrean %15 gutxitu da energia gastua lau ikastetxeetan, eta garrantzitsua dena, 43 tona CO2 gutxiago isuri dituzte atmosferara. Lan handia dago emaitza horien atzean, inkestak, galdeketak, neurketak, fakturen irakurketa eta ulertzen ikastea… eta batez ere, izugarri ikasten ari dira parte hartzen ari diren ikasleak: “Eskolako ur iturrien emaria aztertzen hasi ginen eta jakin genuen urtean miloi bat litro ur gastatzen genituela”, azaldu dute Lezo Herri eskolako ikasleek. Eskolako detektibeak bilakatu direla erantsi dute, eta lan handia dutela oraindik aurretik egiteko, ulertezinak diruditen jarrerekin amaitzeko kontzientzia hartzen duten bitartean.
Lan horrek badu ordaina. Etorkizunean beraiena izango den planeta zaintzea, ingurumenaren alde egitea da garrantzitsuena zalantzarik gabe. Horrekin batera, ordea, aurreztu duten diruaren %50 ikastetxe bakoitzarentzat izango da beren beharrei erantzuteko edo proiektuak abiatzeko; beste %50a berriz, udalak jasoko du, baina ikastetxe horietan inbertitu beharko du energia aurrezten jarraitzeko proiektu edota lanetan.
Cristobal Gamon ikastetxeak 3.721 euroko txekea jaso du; Lezo Herri Eskolak, berriz, 2.158 eurokoa; Karmengo Amak 1.858 eurokoa; eta Elizaldek, 1.531 eurokoa. Herri bakoitzeko udalak, bere herriko ikastetxeak jasotako kopuru bera inbertituko du ikastetxe horiek iraunkorragoak egiteko.