Galdutako tradizioaren bidea argiztatuz
Mendeen poderioz galdutako Gau Beltza berreskuratzearen aldeko saiakera egingo dute datorren astean hamaika eragilek Errenterian. Bi munduren arteko distantzia estutzen den gau ilunari argitasuna ematen saiatuko dira.
Ohitura zaharrak berreskuratzeko asmoarekin, kalabazak, erremolatxak edo arbiak hustu eta horien barruan kandelak piztuko dituzte aurten Errenteria-Oreretan. Gau Beltzaren tradizioari heltzea izango da helburua, eta era horretan, abiapuntua ezarri hemendik aurrera usadioa berriz ere herrian ospa dadin.
Izan ere, Errenterian XX. mendearen erdialdean, Gau Beltza familia giroan ospatu izanaren testigantzak aurkitu ditu Orereta Ikastolako lantalde batek, eta haritik tiraka kontakizun gehiago agertu dira herritarren artean. «Erdiko Kaleko haurrak Gazta-ñoko baratze batzuetara kalabazak hartzera joaten ziren. Kalabaza horiek hustu, kandela bat jarri eta herriko enparantzan eta kanposantu zaharrean jartzen zituzten», azaldu du Leire Arrizabalaga Orereta Ikastolako komunikazio arduradunak.
Ikastolako langile talde batek ospakizuna antolatzeko proposamena egin zuen, eta ikastetxearen «izaera, filosofia eta baloreekin» bat egiten zuela ikusita, aurrera egin zuten. Euskal kulturaren eta tradizioaren aldeko urrats «interesagarria» egin zezaketela pentsatu zuten antolatzaileek, eta lanari ekitea erabaki zuten. Are gehiago, hamaika eragile batu zaizkie bidean, hala nola: Amulleta Danbor Kofradia, Ereintza Dantza Taldea, Xenpelar AEK euskaltegia, Landarbaso Abesbatza, Zaria Koru Eskola, Errenteria Musikal, Urdaburu Mendizale Elkartea eta ikastolako antzerki taldea.
Kalabazaren Bidea
Lehen urtea izanda ere, ospakizunari nola heldu argi izan dute antolatzaileek, eta Kalabazaren Bidea izenpeko jarduera prestatu dute horretarako. Edozeinek parte har dezake ibilbidean, eta ahal izanez gero, mozorrotuta eta esku artean kalabaza, arbia, kandela edo kriseilua eramanda. Hala, denak elkarrekin, kalabazaren gurdiak zankolariekin batera bidea irekitzen duen bitartean, kalejira egingo dute Jautarkol plazatik abiatuta, hilaren 31ko 19:30ean. Amulleta Danbor Kofradiak musikatuko du kalejira, baina ez dira bidea animatzen bakarrak izango.
Edozeinek parte har dezake Kalabazaren Bidean, ahal izanez gero, mozorrotuta
Herriko Plazarantz abiatuko dira lehenik eta bertan, txalapartariak ariko dira ekitaldia girotzen. Mikelazulorako bidea hartuko dute ondoren, eta Landarbaso Abesbatzaren haur eta gazte koruak, Dizdizka eta Kontari, izango dituzte bertan zain. Topoko zubira iristean, Urdaburuko eskalatzaileek ezustekoa emango dute, eta handik ermitaren ondoko Gernika-ren muralera joango dira. Ikastolako antzerki taldekoak txoko batean gordeta egongo dira bertan. Bukatzeko, Biteri kalea eta Zumardia zeharkatuko dituzte —azken horretan trikitilariek alaituko dute pausoa—, Linon azken geldialdia eginez.
Gau Beltzari bukaera eman aurretik, Beldurraren Eltzeari sua emango diote. Horretarako, parte hartzaileei euren beldurrak paper batean idatzita eramateko eskatu diete antolatzaileek, horiek lapikoan sartu eta erretzeko, izu guztiak desager daitezen. Halaber, ahal duenak ibilbidea hasi aurretik kalabaza pastela Linora eraman dezala nahi dute. Hala, amaieran, gaztaina erreak, pastela eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Txalapartariek, Errenteria Musikaleko kideek, Zaria Koru Eskolakoek eta Landarbaso Abesbatzakoek animatuko dute giroa. Zezen suzkoak itxiko du Gau Beltzaren lehen ekitaldia.
Jatorri zelta duen usadioa
Orereta Ikastolako langile taldeak aurrera eramandako azterketaren arabera, jatorri zelta du Gau Beltzak. Jai paganoa zen, baina Euskal Herrira nola iritsi zen ezezaguna da momentuz. Samhain izeneko ospakizuna da gaur egun Gau Beltza gisa izendatzen duguna. Sam hitzak uda esan nahi du eta hain-ek, amaiera, beraz, udari amaiera ematen zion ospakizuna zen urriaren 31ren bueltan egiten zen festa. Baina horrek are esanahi zabalagoa zuen antzinako garaietan, ez baitzen soilik udaren bukaera, uzten amaiera ere bazen. Agirrezabalak azaldu duenez, «Euskal Herriko neguko gainontzeko festekin alderatuta ezaugarri komun bat dauka, eta da eskean ateratzen zirela». Santa Agedan edo Eguberrietan ohitura den bezala, neguaren gogortasuna agerian uzten du horrek, «etxea eta biltegia bete ahal izateko eskatu behar zuten».
Jatorri zelta du Gau Beltzak, baina Euskal Herrira nola iritsi zen ezezaguna da
Hildakoak beste aldera igarotzen laguntzeko gaua ere zen. Bizien eta hildakoen munduak banatzen dituen distantzia gau horretan «estutu» egiten zela sinetsita, ahaideei bide hori egiten laguntzen zieten, batetik. Eta kontrakoa gerta ez zedin, espiritu gaiztoak uxatzeko kalabazak erabiltzen zituzten, bestetik.
Zeltek Europan zehar zabaldutako usadioa erromatarren garaian Domu Santu jai kristaura bihurtu zuten. Irlandarrek eta eskoziarrek eraman zuten usadioa Amerikako Estatu Batuetara (AEB) baina mendeen poderioz, jaia desitxuratuz eta komertzializatuz joan zen, «eta guri eraldatuta etorri zaigu bueltan», dio Agirrezabalek.
Egun, ugariak dira Euskal Herrian tradizioa berreskuratzeko egiten ari diren ahaleginak. Orain, Errenteria-Oreretak abiapuntua jarriko du, iraganaren eta orainaren arteko distantzia txikituz, Gau Beltza berriz ere ospa dadin.