«Lezoko historiaren pasarte asko biltzen ditu liburu honek»
Kasik 20 urte eman ditu Lander Zurutuzak ‘Lezoko toponimia’ liburua sortzen, baserri, etxalde eta tokien esanahia eta historia biltzen. Bihar aurkeztuko du lana, herrian.
Lander Zurutuza Sunsundegi Usurbilen jaio zen 1966. urtean,baina 1967tik Lezon du bizilekua. Historian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean,eta gaur egun Andreone Lezoko Udal Liburutegiko arduraduna da. Lezoko toponimia liburuaz harro mintzo da. Ez da gutxiagorako, lan mardula, osoa baita, ia 500 orrialdekoa.
Toponimia ez da sortzaileek jorratzen duten ohiko gaia. Zergatik Lezoko toponimiari buruzko liburua idaztea?
Pasaian eta Hondarribian dagoeneko egin zituzten bertako toponimiari buruzko lanak. Pasaiakoa 1992an argitaratu zen, oso lan serioa. Hondarribikoa, ordea, 2002. urtean argitaratu zuten. Biak lan eredugarritzat ditut eta haien metodologian oinarritu naiz lan hau egiteko. Liburu honi esker, Jaizkibel mendiko toponimia guztia bilduta eta dokumentatuta dago. Horrez gain, liburu honek Lezoko toponimia bizia zein historikoa biltzen ditu.
Kasik bi hamarkada eman dituzu liburua idazten. 2000. urtean hasi zinen, ezta?
Lehenago pare bat elkarrizketa eginda nituen, baina bai, 2000.urtean hasi nintzen sistematikoki ikertzen. Guztira 80 lagun in-guru elkarrizketatu ditut urteotan. Lezoko baserri guztietako ateak jo ditut eta oro har, kaleko jendearekin hitz egiten lortu ditut testigantzak. Gehienak adineko pertsonak izan dira noski, XX. mendeko lehen erdian jaio-takoak, lehenagoko bizimoduaren berri eman dezaketen pertsonak hain zuzen ere.
«2000. urtean hasi nintzen ikertzen. Guztira, 80 bat lagun elkarrizketatu ditut»
Zeri deritzo toponimia?
Tokien izenak dira funtsean. Etxeen izenak, baserrien izenak, zubien izenak…
Zergatik sumatu zenuen Lezoko toponimia dokumentatzeko beharra?
Historialaria naiz eta ohartu nintzen dokumentu historiko gehienak gaztelaniaz daudela, baita latinez ere, ez ordea euskaraz. Euskarazko hitz bakarrak, abizenak, toponimoak edota eskribauak noizbehinka botatako euskarakadak ziren.
«Ziur asko Lezoko historiari buruz egin den lanik serioena da ikerketa hau»
Gaur egun oso ohikoa da jendeak erdarakadak esatea makulu gisa, euskaraz hitz egiten duen bitartean. Garai bateko eskribauek gauza bera egiten zuten, baina alderantziz. Hitz solte horiek ikustean, bururatu zitzaidan Lezoko toponimiari buruzko ikerketa egitea. Presazko gaia zen gainera, lekuko gehienak adinekoak baitziren. Dokumentuak betirako gorde daitezke, lekukoak ez.
Zure lana, ahozko historia artxibo bihurtzeko modua da?
Noski, kontaketa horiek guztiak erregistratuta geratuko dira. Nire bizitzan egin dudan ikerketarik sakonena da. Lana bi ataletan banatu behar da: artxibo lana eta ahozko bilketa. Ziur asko Lezoren historiari buruz egin den lanik serioena da hau.
Eta nolakoa izan da inurri lan hori?
Zorionez herria ongi ezagutzen dut, beraz, etxez etxe joan naiz bertako helduekin biltzen. Lekuko guztiekin ez dut harreman berdina izan. Batzuekin minutu batzuk pasatu nituen, beste batzuekin, ordea, orduak eman ni-tuen inguruko tokien historiari buruz solasten.
Zein metodologia erabili duzu ahozko testigantzak biltzeko?
Grabagailua soinean eraman dut beti, eta jendearekin hitz egin dut zuzenean tokiko izenei buruz. Sarritan jendeak ez dio baliorik ematen jakintza horri, baina niretzat oso garrantzitsua da. Herriko ondare ez materiala da.
Artxibo eta dokumentu historikoetara ere jo duzu.
Ikerketaren lehen faseetan, artxiboetan topatutako idatzizko toponimoak bildu nituen. Artxiboez gain, hainbat liburu ere erabili nituen, batez ere Erdi Aroko toponimoak aurkitzeko.
Nola gozatu duzu gehiago, artxiboetan miatzen, ala testigantzak biltzen?
Artxiboetan zein aurrez aurre asko gozatu dut. Baina historialaria naiz eta niretzat dokumentu historikoekin lan egitea zirraragarria da. Artxibo batean orduak ematea, eta toponimo bat berri bat topatzea, une magikoa da. Tarteka izen xelebreak ere topatu ditut. Bizarratserre delako baten izena topatu nuen behin. Ez dakit nolakoa izango zen, baina izen horrekin imajina dezakezu. Horrelakoak aurkitzea altxor bat aurkitzea bezalakoa da niretzat.
Zailtasun asko izan dituzu?
Egia esan, zailtasun gutxi topatu ditut. Artxiboen ateak beti izan ditut zabalik eta lekukoek prestutasuna agertu dute. Lan hau nire kabuz egiteak askatasuna eta denbora eman dit. Presarik eta presiorik gabe egin dut lan, disfrutatu egin dut. Batzuetan epemugekin edota diru laguntzei lotuta lan egitean, ez dugu nahikoa denborarik lana behar bezala egiteko. Baina kasu honetan ez da hala izan, hustu egin naiz.
Zeharka, Lezoko historia jaso duzula esango zenuke?
Mozorrotuta ala mozorrotu gabe, liburu honetan Lezoko historiaren pasarte ugari daude.
Herriaren toponimo zaharrena, izena bera da. Nondik dator Lezo izena?
1203. urtean Gaztelako erresumak Hondarribia sortu zuen. Sortze dokumentuan Hondarribiak biltzen zituen lurren berri ematen zen. Dokumentu horren arabera, Guillermo de Lazonen lurrak eta bertan bizi ziren bizi-lagunak, Hondarribiaren menpekoak ziren. Guillermo Lazon buruzagia zen inguruotan, eta lurrei bere izena eman zieten. Denborak aurrera egin ahala, Lazon hitza Lezo bihurtu zen.
«Grabagailua soinean eraman dut beti eta jendearekin hitz egin dut zuzenean»
Lezoko toponimia %100ean euskalduna da, ala kanpoko ekarpenak jaso ditu?
Lezo izena gaskoieratik dator. Badakigu Pasaian Erdi Aroan gaskoieraz hitz egiten zela. Ez ditugu frogarik, baina ez litzateke harritzekoa Lezon ere gaskoieraz hitz egitea garai hartan. XVI eta XVII mendeetatik aurrera, gehiengoa euskalduna zen. Hala ere, aipatu beharra dago Lezon eta badia inguruan bizi zirenak itsasoarekin lotura estua zutela, baita itsasotik iristen zirenekin ere. Goi mailako jendea, eskribauak, militarrak, buruzagiak… euskaraz gain gaztelaniaz hitz egiten bazekiten.
Frantsesaren influentziarik badago?
Badirudi baietz. Kaserna izeneko baserri bat dago Lezon. Kaserna, hau da, soldadu etxeak, caserne frantziar hitzetik dator. Askotan izan dira frantses soldaduak Lezon, 1638an, 1719an, 1794ean eta azkenik 1808tik 1813ra. Hipotesi hutsa da, baina pentsa daiteke baserri horren kokalekua frantziar armadaren kaserna izan zela. Era berean Kuartela izeneko etxe bat dago Lezon. Hura ere, armadek Karlistadetan erabilitako kaserna izan zitekeen.
«Tokien izenak ikertuz herri baten historia ahaztua berreskura daiteke»
Historiak normalean kontakizun ofizialak baino ez ditu aintzat hartzen. Toponimia historia herrikoiaren zaindari da?
Bai, tokien izenak ikertuz herri baten historia ahaztua berreskura daiteke. Lezoko Zubitxo horren eredu da. Lezoar guztiek ezagutzen dute Zubitxo, baina jatorrizko erabilera galdu da. Funtsean, Zubitxo ontziraleku bat zen, Pasaian bezala, Lezon ere batelerak zeudelako. Jatorrizko esanahia galduta zegoen eta toponimiari esker biziraun egin du. Bai, tokien izenak ikertuz herri baten historia ahaztua berreskura daiteke.
Istorio berezirik?
Bai, asko daude, eta ez dugu denborarik denak komentatzeko.Baina esan ahal dizut luzaz Gaintxurizketa leku oso arriskutsua izan zela. Gaur egun baino askoz ere basatiagoa zen gaina,eta bertan ematen ziren lapurretek oihartzun handia izan zuten.
«Artxibo batean orduak eman eta toponimo berri bat topatzea magikoa da»
Pesetako lurren istorioa ere nahiko berezia da. Pesetako lurrak, Errenteria eta Lezo arteko mugaren eremuan zeuden, egungo Altamiran. Lezoar bat Errenterian hiltzen bazen, errenteriarrek hildakoa pesetako lurretara eraman beharko zuten. Han Lezoko agintariak izango zituzten zain, gorpuzkiak haiekin eramateko. Errenteriar bat Lezon hiltzekotan, prozesua berdina izango zen, baina alderantziz.
Zure ikerketak beste batzuei bidea ireki die?
Bai, maila arkeologikoan adibidez. Liburu honetan aipatzen diren baserri batzuk desagertuta daude. Baserri horien memoria guztia galduta dago, ez da aztarna historikorik geratu.
Gaur egungo tren geltokia kokatzen den lekuan, Jorgenea izeneko baserri bat zegoen. Babilonia izeneko baserria ere desagertu zen, baita Ulantxarrenea izenekoa ere. Gurutze Santuaren plaza handitzeko, Nabarrenea etxea bota zuten. Garai batez, bidegurutzeetan, gurutzeak jartzen zituzten eta horiek ere desagertuta daude. Lezo eta Gaintxurizketa artean, Santiagotxo—Donejakue bidearen parean—izeneko ermita bat zegoen.
Toki horien guztien kokalekua artxibo eta ahozko testigantzei esker jaso ditut liburuan. Baina ez dago bestelako aztarnarik. Ikerketa arkeologiko bat egin nahi dutenentzat mugarri izan daiteke nire liburua. Liburu honek emandako harietatik tiraka, ikerketa asko egin daitezke.
Uste duzu gaur egun lezoarrek nahikoa ezagutzen dutela herriaren historia?
Lezoren kasuan oso zaila da ikerketa historiko serio eta sakon bategitea, frantsesek hainbatetan txikitu baitzituzten artxiboak.
Zergatik?
Besteak beste, hotz handia egiten zuelako eta nolabait berotu behar zirelako. Ez zuten etsaiaren erregistro historikoa erretzeko asmorik, naziek edota frankistek XX. mendean egiten zuten bezala. Garai gogorrak ziren eta liburuak erregai gisa erabiltzen zituzten.
«Ez da egokia duela400 urteko gertakariak egungo ikuspegitik epaitzea»
Historia, gaur egungo ikuspegitik epaitzen du jendeak?
Nik ez dut ezer interpretatu. Dokumentuak eta testigantzak jaso ditudan bezala islatu ditut liburuan. Zaila da iraganeko pertsonen larruan jartzea. Garai bakoitzak bere ikusmolde propioa du. Ez da egoki duela 400 urteko gertakariak gaur egungo ikuspegitik epaitzea. Gauzak errazagoak dirudite petrolioak elikatutako gure gizarte erosoan.
Bihar aurkeztuko duzu Lezoko Toponimia liburua.
Bai, bihar 12:00etan egingo dugu, Gurutze Santuaren plazako 2. zenbakian dagoen Zabalenea etxearen sotoan.