Ikasleen Eskola Agenda 21 eskaerei erantzun die Oiartzungo Udalak
Udaleko ordezkariek erakundeak hartutako aldaketa eta konpromisoak azaldu dizkiete ikasleei. Energia, elikadura eta mugikortasuna izan dituzte hizpide.
Urtero, Eskola Agenda 21 lantzen dute ikasleek. Saio batean, eskakizunak egiten dizkiete tokian tokiko udalei, eta haiek, beste saio batean, eskaerei erantzuten diete. Gaur izan da 2018/2019ko eskaerei erantzuteko eguna.
Elizalde Herri Eskola, Elizalde Institutua eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen ordezkariak hurbildu dira udaletxera. Eneritz Arbelaitz alkateorde eta Mendi-Ingurumen zinegotziak eta Ander Santesteban arloko teknikariak aritu dira erantzunak ematen.
Zuhaitz Eguna igandera pasatzeko eskaera egin dute haurrek, jende gehiagok parte har dezan. Hala izango da 2020tik aurrera.
Gainera, energia eraginkortasuna hobetzeko eskatu zuten ikasleek. Udalak esan die herritarrentzako diru laguntzak aztertzen ari direla, eta egina duela udal eraikinen eta kaleko zerbitzu publikoen azterketa.
Azterketa horren arabera, Elizalde ikastetxea da energia gehien xahutzen duen eraikinetako bat, eta eraginkortasuna hobetzeko asmoz, iazko ikasturtean 50/50 egitasmoa jarri zuten martxan. Aurten ere jarraituko du.
Horrez gain, hainbat erabaki hartu dituzte, kalean LED argiak jartzea bezala.
Elikadura eta hondakinak
Ikasleek, halaber, herriko produktuen kontsumoa sustatzea eskatu zuten. Ildo horretan, Lurbizi proiektua eta Labore kooperatiba hor daudela gogorarazi du Santestebanek. Eskola Agenda 21en barruan landuko dute ikasturte honetan.
Herriko produktuak sustatu nahi ditu udalak, eta kontsumo ohiturei buruzko ikerketa egingo dute. Gainera, hondakinak murrizteko, harategi eta arrandegietan erosketak tuperrarekin egiteko kanpainaren gisako ahaleginak egingo dituztela iragarri du.
Konposta sustatzen jarraitzeko eskatu zieten haurrek, eta udalak esan du auzokonpost gune berriak jarriko dituztela iragarri du. Gainera, beste eskaeretako bat zen zakarrontzi gehiago jartzea; udalak ezetz esan die, helburua hondakin gutxiago sortzea baita.
Mugikortasuna
Mugikortasunaren alorrean, Xorrola zerbitzua hobetzeko eskatu zuten iaz, eta aurtengo irailetik eguneko hiru zerbitzu gehiago daudela gogorarazi diete.
Ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua ere galdegin zuten iaz, eta duela hilabete erosi zuten lehenengoa. Hemendik aurrerakoak ere hala izango dira. Bidegorria hobetzeko egin diren lanak ere aipatu ditu Santestebanek: Altzibar-Karrika luzatu da eta Altzibar-Ugaldetxon argiztapena berritu da.
Honez gain, Oinbusa sustatzeko ere eskatu zuten ikasleek aurreko ikasturte bukaeran. Duela hiru urte egin zuten Oinbusa martxan jartzeko eskaera Eskola Agenda 21ek eta Udalak azpiegitura prestatu zuen (geltokiak, ibilbide seguruak, ordutegiak…): horiek erabiltzera animatu ditu ikasleak.
Ikasturte honetako gaia klima aldaketa izango da landuko duten gaia.