67 lagun kontratatuko ditu udalak enplegu planen bidez aurten
Azken urteetako pertsona kopuru handiena kontratatuko du udalak aurten enplegu planen bidez. Horretarako 500.000 euroko inbertsioa egingo du, eta azken lau urteotan, berriz, ia hiru miloi euro bideratu ditu enplegu planetara eta 156 pertsona kontratatu.
Azken urteetako pertsona kopuru handiena kontratatuko du udalak aurten enplegu planen bidez. Hala jakinarazi dute gaur Aizpea Otaegi alkateak, Alazne Korta Giza Baliabidetako zinegotziak, Patxi Arrazola Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu sailaren zuzendariak eta Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako kudeatzaileak egin duten agerraldian. 67 kontratura helduko da aurten udala; zehazki, martxan dituen Gazte Enplegu Plana, Ohiko Enplegu Plana eta Talka Enplegu Planaren bidez 63 pertsona kontratatzea espero du, eta horiei enplegu planen barruan udan egin zituen lau kontratazioak batu behar zaizkio.
Horretarako 500.000 euroko inbertsioa egingo du, eta azken lau urteotan, berriz, ia hiru miloi euro bideratu ditu enplegu planetara eta 156 pertsona kontratatu. 2015ean 43 pertsona kontratatu zituen udalak, 2016an 39, 2017an 36, eta 2018an, 38. Aurtengo kopuruekin beraz, nabarmen egingo du gora kontratatuko pertsonen kopuruak. datu horiek guztiak emanda, enplegu planaren helburu behinenak langabezia tasa murriztea —Errenteria-Oreretan %10,8koa da— eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzea dela azaldu du Otaegik, “hortaz, onuragarriak izango dira langabeziak intzidentzia handien duen taldeentzat. Kontuan hartu beharra dago langabezia tasa Gipuzkoako (%7) baino ia 4 puntu altuagoa dela Errenterian”.
Kontratatuko diren 63 pertsona horietatik 44 udalak kontratatuko ditu, 11 Oarsoaldea Garapen Agentziak, eta beste 8ak, berriz, hirugarren sektoreko entitate edo elkarteek. Kasu guzteitan Oarsoaldeak kudeatuko dituela kontratazioak azaldu du alkateak, eta kontratuen iraupena hiru eta zortzi hilabete artekoa izango dela.
Programan parte hartzeko lehentasuna izango dutela DBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrek, Lanbiden gutxienez sei hilabete izena emana daramaten 45 urtetik gorakoek, 55 urtetik gorakoek, iraupen luzeko langabeek, 35 urtetik beherakoek, eta bazterkeria egoeran dauden pertsonek azaldu du Arrazolak: “Enplegu plan hauek Lanbidek argitaratzen dituen deialdietan oinarritzen dira eta Euskal Enplegu zerbitzuak markatzen dituen kolektiboek dute horregatik lehentasuna”. Bete behar dituzten baldintzak, berriz, honakoak: eskualdean erroldatuta egotea azken lau urteetan (Gazte Enplegu Planaren kasuan, Errenterian), langabezian egotea, Lanbiden enplegu eskatzaile gisa alta emanda egotea, eta azken lau urteetan parte hartu ez izana enplegu planetan.
Kontrataziorako diru laguntzak enpresei
Esparru publikoan egingo diren kontratazioez gain, arlo pribatuan egiten diren bestelako kontratazioak badirela zehaztu du Arrazolak, “Kasu honetan lan merkatu ordinarioan enpresek langabeak kontratatzeko egitasmoa litzateke eta kasu honetan Oarsoaldeko lau udalek hartzen dute parte”. Horretarako Oarsoaldearen web gunean kontrataziorako laguntzen oinarriak publiko egin dituzte eta helburua 47 pertsona kontratatzea da inguruko enpresetan. Kontratatzen diren pertsonek bi baldintza bete behar dituzte kasu honetan: Langabezian eta Lanbiden izena emanda egon behar dute, eta Oarsoaldean erroldatuta izatea.
Enpresek ere bete behar dituzte baldintzak diru laguntza horiek eskuratu ahal izateko, eta hala, eskualdean erroldatuta egoteaz gain, eta egiten den kontratazioak enplegu gehikuntza suposatu behar du. Datu bat eman du Arrazolak: esparru pribatuan ematen diren kontratazioetan, diruz lagundutako epea amaitutakoan, %80ak jarraitzen du lanean.
Enplegu zerbitzutik baliabide ezberdinak eskaintzen dituela Oarsoaldeak zehaztu du Arrazolak, “baliabideetako bat dira enplegu planak”. Hiru eta zortzi hilabete arteko kontratazio bat nahikoa den lan merkatutik kanpo dauden pertsonen egoera aldatzeko galdetuta, sei hilabeteko kontratazio batek ez duela agian pertsona baten egoera behin betiko konponduko esan du baina pertsonaren enpleagarritasuna asko hobetzen dela, “motibazioa ematen dio, eskarmentua, berriro kualifikatzeko aukera eta bere buruarengan ematen dion konfiantza garrantzitsua da oso. Horrek zalantzarik gabe, sei hilabeteko kontratazio baten ostean hobetu egiten du lan merkatuan txertatzeko aukera”.
Kontratua amaituta bestelako aukerak eskaintzen zaizkie enplegu planetan aritu diren pertsonei, “ibilbide bat da, ez da hor amaitzen, lan merkatuan txertatzeko baliabide bat da, urratsa bat”, azaldu du Nebredak. Iraupen motzeko kontratuak direla aitortu du Kortak, “baina egia da lan baldintzak duinak izatea bermatzen dugula epe horretan. Diru berarekin kontratu luzeagoak egitea genuke, baina uste dugu, lan baldintza duinak eskaintzea lehentasuna behar duela. Udalean txertatzen diren langileak enplegu planen bidez, udal langileen baldintza beretan sartzen dira”.
Enplegu planetan parte hartzeko baldintzetako bat da azken lau urteetan programa horretan parte hartu ez izana, eta horren harira “kontraesankorra” dirudiela esan du Kortak: “Bazterkerian dagoen jendea, adin tarte zailean dagoen jendea txertatu nahi izatea eta baldintza gisa azken lau urteetan parte hartu badute parte hartu ezin izatea. Lanbidek jartzen du baldintza hori eta ez udalak ez Oarsoaldea Garapen Agentziak ezin dugu eragin horretan”.
Plan enpleguen barruan kontrataziora aterako dituzten lanpostuen gaineko zehaztasunak eman ditu azkenik Arrazolak, eta hala, Hiri Mantenu alorrera bideratuko dela %50 azaldu du: “Lorezainak, elektrikariak, arotzak…”. Halaber, turismo agenteak, arkitektoa, bulegoetako langileak, garbiketa, liburuzaina, tekniko informatikoak, berdintasun teknikaria, ingurumen teknikaria… Maila ezberdinetako lanpostuak direla erantsi du Otaegik, “badaude ofizioak, baina badaude administrazioarekin lotutako profilak eta profil oso teknikoak”. Gazteei begirako enplegu planean aurreikusitako kontratazioak kualifikazio handiagokoak eta luzeagoak izan daitezen saiakera berezia egin duela udalak zehaztu du gainera Kortak, “ikasketak amaituta zailtasun handiak izaten dituzten gazteei lan munduan txertatzeko aukera emateko”.