[Elkarrizketa] Aiora Irazu: "Behar dena da lan egin eta konstante izatea"
Pasaia Kayak taldeko piraguista oiartzuarra Shaoxingen (Txina) lehiatu da, Junior Mailako Munduko Maratoi Txapelketan. Hogeigarren izan arren, esperientzia ez du ahaztuko.
Hogeigarren postuan bukatu zenuen, baina arazo teknikoak izan zenituen. Nola izan zen?
Nahiko ongi atera nintzen, baina bi hungariarrak segituan aurrera joan ziren. Bagenekien hori pasatuko zela, hungariarrak izan baitziren kategoria guztietan irabazi zutenak.
Aurrerago, zazpigarren postuan-edo nindoanean, lema puskatu zitzaidan. Hirugarren porteoan izan zen [kanoa eskutan eramaten duten lasterketa zatia; lau egin zituzten]. Atera egin zitzaidan, eta ezin nuen ezer ere ez egin. Lemari ematen nion, atzetik puskatuta neukalako, eta aurrekoa ere hautsi zen. Nire buruari esan nion ezin nuela deus ere egin, eta itsasontzi batera igo nintzen.
Han esan nien erretiratuko nintzela, baina okurritu zitzaidan lema konpontzea, eta jarraitu egin nuen. Ordurako, hala ere, jende pila batek aurreratu ninduen.
Zer sentitzen da horrelako zerbait gertatzen zaizunean?
Negarrez hasi nintzen. Azkenean, munduko txapelketa batean egotea, kristoren lana egin ondoren, gero horrela gelditzeko… Gainera, azkeneko porteoan gauza bera gertatu zitzaidan, eta berdin geratu nintzen lema konpontzera. Hogeigarren bukatu nuen… Baina beno, gertatzen diren gauzak dira.
«Piraguako lema bi aldiz hautsi zitzaidan; orain arte ez zait
inoiz ere gertatu»
Gertatu zena gertatu zela, zein da zure balantzea?
Momentuan amorrua sentitu nuen, baina gero jendeak esaten zidan beraiek lasterketa utziko zutela, eta ez zitzaiela okurrituko lema konpontzea. Ni, behintzat, gai izan nintzen bi aldiz konpondu eta lasterketa bukatzeko. Munduko hogeigarren bukatzea agian ez dirudi posturik onena…
Askotan hautsi zaizu lema?
Inoiz ere ez! Munduko Txapelketara joan eta han gertatu behar… Kontua da ez dela nire piragua, beste batena zela. Nirea ezin zen bidali, uztailean bidali behar zirelako piraguak…
Beste kirol batzuetan kirolariekin luxu handiak dituzte, eta zuek horrela ibili behar duzue…
Bai, bai… Guk arazoak izan genituen, zeren Europako txapelketaren ondoren bidali behar baitziren Txinara. Europan sailkatu behar zirenei zuzenean bidaltzen zizkieten piraguak, baita abuztuan Espainiako txapelketan txartela lortuko zutenei ere.
Nik, Europako Txapelketa egin zenean, ez nuen pentsatzen Txinara joango nintzenik eta ez nuen ezer bidali. Nire adineko batek berea bidali zuen, pentsatuz Espainiakoan sailkatuko zela. Total, nik irabazi nion eta orduan bere piragua erabili nuen. Jende askori gauza bera gertatu zitzaion, eta berea baino bi taila handiagoa den piragua batekin lehiatu behar izan zen. Jendea nahiko gaizki ibili zen, egia esan.
Beraz, irabazteaz gain, piragua hautsi zenion?
[Kar-kar] Bai, baina ongi eramaten gara.
Joan aurretik azaldu zenuen, lehiatzera joateaz gain, bidaiarekin disfrutatzera joango zinela. Zer nolako esperientzia bizitu zenuen?
Txina oso-oso ezberdina da, eta gauza berri pila bat ikasi eta ikusi ditut. Esperientzia aldetik, la letxe izan da. Txinatarrak eta gu oso ezberdinak gara, beste kultura bat daukate.
Eguraldiari dagokionez, ez zenuen ikusten ez zeru urdinik ez euririk, kutsadura bakarrik. Hamar egunetan arroza eta pasta bakarrik jan ditut; hoteletik kanpo ezin genuen ezer jan, dopinaren kontrako kontroletan positibo eman baitzezakeen.
Hamazazpi urterekin horrelako Munduko Txapelketa bat bizitzeak handia izan behar du…
Inoiz ez nuke imajinatuko munduko txapelketa batera joan izatea, are gutxiago Txinara. Gurasoek esaten didate: hamazazpi urterekin horra iristea, horrelako esperientzia bat bizitzea…
Txinara joaten laguntzeko errifak atera zenituzten.
Bai, pila bat saldu dira. Hala ere, irabazlea ez da atera… Jende pila batek erosi ditu, saldu ditu eta beste asko interesatu dira. Oiartzuarren aldetik, erantzuna oso ona izan da.
Kalean gelditzen zaituzte?
Herrian asko ez naiz ibiltzen, egia esan. Donostian ikasten dut, han entrenatzen dut… Baina okindegira joan eta galderak egiten dizkidate. Ile-apaindegira joan, eta berdin. Denbora guztian ari da jendea galdezka.
Munduko Txapelketa baino lehen, denboraldi bikaina egin duzu. Zein da balantzea?
Hasieran, ez dakit zergatik, ez nuen sentsazio onik denboraldia ongi aterako zenik. Hasi nintzen dominak lortzen, Espainiako Txapelketakoa adibidez, eta hainbat lortu ondoren iritsi ziren Europako eta Munduko txapelketak. Denboraldia kristorena izan da.
Langa hain altu utzita, nola kudeatzen da datorren urtera begirako presio hori?
Oso zaila da. Saiatuko naiz lehenengo hiruretan ibiltzen Espainiako sailkapenean. Ongi ibiltzen banaiz, Munduko Sprint Txapelketan lehiatuko naiz, eta 2021erako Sevillara joango nintzateke, Errendimendu Altuko Zentro batera, selekzioarekin. Han biziko nintzateke, han ikasi eta hori guztia. Urrutira pentsatzen hasia naiz.
Eta horretarako konstantzia bat izan behar, egun bakar bateko emaitzaren atzean lan handia baitago.
Kristorena. Orain arte astean seitan entrenatu naiz: uretan, gimnasioan, korrika… Behar dena da lan egitea eta konstante izatea.
«Gauza berri pila bat ikasi eta ikusi ditut Txinan; guretik oso ezberdina da»
Maratoiko Munduko Txapelketan aritu zara, eta datorren urterako sprint modalitaterako sailkatu nahi duzu. Nola uztartzen dira biak?
Sprinta olinpikoa da. 200, 500 edo 1.000 metro dira. Europako Txapelketan egon naiz aurten. Maratoian, Gazte Mailan, hemeretzi kilometro eta porteoak egin behar dira. Sprinta prestatzeko, gimnasiora asko joan behar duzu, eta serie motzak egin, bi minutu ingurukoak. Maratoirako, kilometroak eta kilometroak egin behar dituzu, uretan asko egon, eta korri asko egin.
Oraindik ez dut espezialitate bakarrerako entrenamendurik egiten. Hemengo txapelketetan baditugu 5.000 metroko lasterketak, eta tartekoak dira. Urte honen hasieran sprinterako entrenatzen hasi nintzen, eta ni bakarrik hasi nintzen entrenatzen. Maratoia, berez, ez neukan entrenatuta, baina sailkatu nintzenean hasi nintzen entrenatzen. Horretan ere bakarrik entrenatzen aritu naiz, eta kilometro pila bat jan behar izan ditut.
Horrez gain, Madrilera joan nintzen, Espainiako selekzioarekin astebetez kontzentratuta egotera. Lehenagotik ezagutzen nituen pertsona asko zeuden, eta oso gustura aritu naiz.
Orain ikasketei heldu behar diezu, galdutakoa —Munduko Txapelketara joatea galtzea bada— berreskuratzeko. Nola daramazu?
Egia esan, etxean ez dut asko ikasten. Orduan, autoan, entrenatzeko bidean, ikasteko baliatzen dut. Denbora gutxi daukadanez, dudana aprobetxatzen dut. Etxean geratzen banaiz arratsalde osoa, ez dut ezer egiten…