Ostegun arratsaldea kantuan pasatuko dute ludotekan
'Abaraxka kantuz'-en bi saio egingo dituzte datozen asteetan. Abaraxka ludotekak eta Soinuenea fundazioak elkarrekin antolatu dute.
Datorren ostegun arratsaldea—hilak 7— kantuan pasatzeko asmoa dute Abaraxka ludotekan. Abaraxka kantuz saioa antolatu dute, elkarlanean, ludotekak eta Soinuenea fundazioak.
Itziar Navarrok dinamizatutako saioa izango da etzikoa. 17:30ean hasiko da, eta edozein joan daiteke bertara, herritar guztiei zabaldutakoa baita deialdia. Hileko lehen ostegunetan egiten duten ekitaldia da, eta abenduaren 5ean egingo dute hurrengoa.
Arkaleko zirkuitua
Ostegunean, Abaraxka kantuz iniziatiban, indarrak batuko dituzten eragileek plan bana antolatu dute astebururako.
Abaraxkak Arkaleko Zirkuitua egingo du larunbatean. 10:30ean geratuko dira Done Eztebe plazan, eta Arkale ingurura igoko dira, eta hango bunkerra ikusiko dute. Joxe Mari Iturriotzek hari buruzko azalpenak emango ditu, eta jende nahikoa badaude, Andrearriaga eta Beloagari buruzkoak ere ezagutuko dituzte. Elkartzen diren jendearen arabera igoko dira gaztelura. Arropa erosoa eta linterna eramatea aholkatu dute.
Xirolarru jotzaileen topaketa
Soinueneak, bere aldetik,topaketa antolatu du larunbaterako. Errioxako eta Euskal Herriko dultzainero eta xirolarru jotzaileak elkartuko dira, azken hamarkadan urtero egiten duten bezala. Oiartzunen egingo duten bigarren topaketa izango da. Honakoa izango da egitaraua:
- 10:00etan: Girizia elkartean elkarretaratzea eta hamaiketakoa.
- 11:00etan: Kale buelta Elizaldeko kaleetan zehar.
- 13:00etan: Hainbat eskoletako ikasleen kontzertua kontzejupean.
- 14:30ean: Bazkaria, Ibargain elkartean.