Elkarretaratzera deitu du mugimendu feministak bihar
Larunbatean Errenteria-Oreretan izandako sexu erasoa salatzera deitu du Oreretako Mugimendu Feministak; elkarretaratzea, bihar 19:30ean.
Astebete ez da pasa Oreretako Mugimendu Feminista elkarretaratu zenetik, eta bihar, berriro, kalera deitu du. Derrigorrean deitu, gainera. Hiru eraso sexista salatu zituen pasa den ostegunean, eta larunbatean izandako beste sexu erasoa salatuko du biharko elkarretaratzearen bidez. Nazkatuta eta nekatuta aterako dira kalera berriz ere, argi dutelako eraso guztiak, bakoitza, erantzun egin behar direla, amorrua eta haserrea kalera atera behar direla. Gakoa: autodefentsa feministan sakontzea. Ez bakarra, estrukturala den indarkeria matxistari erantzuteko neurri asistentzialetatik harago doazen politika publikoak ezartzea behin eta berriz eskatzen ari dira mugimendu feministatik.
Larunbateko sexu erasoaren egilea bikotekide ohia, aurreko ostegunean mugimendu feministak salatu zituen beste hiru eraso sexisten kasuetan bezala. Ertzaintzak atxilo eraman zuen erasotzailea, 29 urteko gizona.
Urtea hasi zenetik, zortzi eraso sexista salatu dituzte beste hainbeste emakumek Errenteria-Oreretan.
Elkarretaratzea Niessen merkatalgunearen sarreran egingo dute bihar (asteazkena) 19:30ean. Parte hartzeko deia herritar guztiei zabaldu diete, ezinbestekoa baita nahikoa da ozen esatea.