EAJ Mendiburu 14ren alde, udal gobernuak iritzia eskatu diolako
Urriko plenoan eman du erabilera anitzeko eraikinaren esleipenaren aldeko botoa, eta beren iritzia kontuan hartu dutelako azaldu dira alde.
Pasa den asteazkenean, Oiartzungo Udalbatzak urriari dagokion udalbatzarra egin zuen, eta han, besteak beste, Mendiburu 14 erabilpen anitzeko eraikinaren obren esleipena aho batez onartu zuten. EAJren udal talde politikoak bere aldeko botoa azaldu du prentsa ohar baten bidez.
Jeltzaleek adierazi dutenez, obrak esleitzearen aldeko botoa eman zuten Oiartzungo udal gobernu taldeak beren iritzia galdetu zielako eta kontuan hatu zutelako. “Datozen proiektuetan ere horrela izatea nahiko nuke”, gaineratu dute. Eraikuntza Artapena SL enpresari esleitu diote obra.
Horrez gain, gogorarazi dute bidegorriaren argiteriaren inguruan helarazi zuten eskakizuna. “Bidegorriko zati batean argi falta dago, kale-argiak hondatuta daudelako. Denon segurtasun eta lasaitasunerako lehenbailehen hori konpontzea eskatzen dugu”, adierazi dute.