Baionan hil duten emakumearena azkena izan dadila eskatuko dute bihar
Larunbatean 53 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten, ubeldurekin. Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar.
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea egingo du bihar —hilak 7— arratsaldean, 19:00etan, Done Eztebe plazan. Baionan larunbatean hilda aurkitu zuten 53 urteko emakume baten gorpua, ubeldura askorekin. Bere bikotekidea atxilotuta dago, eta bihar pasatuko da epailearen aurretik.
Gizonak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik, eta epaileak bihar erabakiko du kartzelan jarraituko duen ala ez. Berriak azaldu duenez, sekretupean dago kasua.
2019an indarkeria matxistak Euskal Herrian hil duen laugarren emakumea da Baionakoa. Horietatik hiru Lapurdin izan dira.
Udalak, bat
Oiartzungo Udalak bat egin du biharko deialdiarekin. Eskualdeko mugimendu feministak egin duen deialdiekin bat egin dute lau udalek, baita ere Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeen Mahaiak.
“Indarkeria matxistaren aurrean guztiok dugu erantzukizuna. Hori dela eta, besteak beste, oiartzuarrak biharko elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, indarkeria matxistak ez baitu lekurik eraiki nahi dugun jendartean”, esan du Oiartzungo Udalak. Iragarri dutenez, erakunde, elkarte eta herritarrek lanean jarraituko dute, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen.