Zazpi lagun deklaratzera deitu ditu fiskaltzak, Ciudadanosen mitinaren harira
Zazpi lagun horiek abenduaren 2an eta 3an deklaratu beharko dute Donostiako epaitegian.
Zazpi lagun deklaratzera deitu ditu gutxienez fiskaltzak, Ciudadanosek pasa den apirilean egin zuen mitinean izan ziren protesten harira. Zazpi lagun horiek abenduaren 2an eta 3an deklaratu beharko dute Donostiako epaitegian. Zitazio gehiago egitea ere ez da baztertzen. Apirilaren 14an egin zuen Ciudadanosek ekitaldia Foru plazan. Egun hori xingola horiz beteta argitu zen; Ciudadanosek mitina egin behar zuen inguruko etxebizitzetako balkoietan zintzilikatu zituzten Kataluniari keinu eginez.
Ertzaintzak hainbat karga ere egin zituen, horietako bat Pikoketa Errepublikazaleen Elkarteak urtero Espainiako Errepublikaren egunaren bueltan antolatzen duen ekitaldiaren inguruan, eta tentsio uneak bizi izan ziren. Salaketa Ciudadanos alderdiak jarri zuen Espainiako Estatuko Fiskaltzan, eta azken horrek ikerketa abiatu zuen maiatzean, mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin zuten argitzeko. Bederatzi lagun ikertu zituzten gutxienez.