Doako autodefentsa feminista ikastaroan izena eman daiteke hilaren 21era arte
Maitena Monroyk emango du tailerra, hilaren 23an, egun osoko tailer intentsiboan. Autodefentsa feminista defentsa pertsonala baino gehiago dela esan dute.
Oiartzungo Udalak autodefentsa feminista tailerra antolatu du hilaren 23rako (larunbata). Bi zatitan banatuko dute ikastaro intentsiboa, (09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara). Udaletxeko areto nagusian egingo dute ikastaro hori, dohainik.
Hori bai, lehenago izena eman behar da, eta hilaren 21ean itxiko epea. Izena emateko udaletxeko harreratik pasatu behar da, edo Interneten bidezko galdetegia bete.
Tailerraren antolatzaileek azaldu dutenez, autodefentsa feminista defentsa pertsonala baino gehiago da: “Emakumeen kontrako indarkeria gehienetan muturreko indarkeriarekin lotzen dugu. Izan ere, indarkeria mota sotilagoak identifikatzeko zailtasunak izan ohi dira. Autodefentsa feminista tailerretan, indarkeria matxista zer den eta nola funtzionatzen duen ulertuta, emakumeenganako indarkeriari aurre egitea errazagoa da”.
Autodefentsa feminista tailerretan hausnarketarako gaitasun eta trebeziak ere lantzen dira. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, emakumeek badauzkate indarkeria matxistari aurre egiteko aukerak. “Baina gure hautuak egin ahal izateko ezinbestekoa da autodefentsa feministaren kontzientzia hartzea”, gaineratu dute.