Iñaki Martinez: «1994tik urteko erronka bilakatu da Behobia»
Lezo Institutuko irakasle tolosarrak jada mende laurdena bete du Behobiaren dortsala janzten. 1994tik, ez du urteko zita garrantzitsuenean hutsik egin. Igandean, 26.enez zeharkatuko ditu 20 kilometroak.
Noiz jarri zenuen lehenengoz Behobiaren dortsala?
1994an irten nintzen lehen aldiz, 33 urterekin. Betidanik kirola egiteko beharra izan dut, eta korrika egitera animatu nintzen bi lagunekin batera. Gogoan dut hamar minutu beranduago atera ginela, txiparik ez zegoelako. Egia esan egun oso polita izan zen, berezia, oroitzapen oso politak ditut. Erronka bat izan zen niretzat, pila bat gustatu zitzaidan eta ordutik ez ditut korrika egiteko zapatilak kendu. Lehen hartatik, urteko erronka bilakatu da Behobia, ez dut hutsik egin. Halere, ez dakit zenbat falta zaizkidan, ia 58 urte ditut ja, baina momentuz jarraitzeko prest nago, gorputzak utzi arte.
26.ena izateaz gain, aurtengoa berezia izango da, ezta?
Halaxe da. Azken sei urtean emaztearekin batera atera naiz, eta aurten, lehenengoz, seme batek hartuko du parte. 21 urte ditu, hortaz, bere erritmora joan beharko du [barrez]. Hirurak batera joatea oso berezia izango da, gogoz nago igandea heltzeko.
1994 hartatik asko aldatu al da lasterketa?
Zeharo aldatu da. Garai hartan asko jota 6.000 lagun ginen, eta orain, ordea, 33.000 inguru. Lehen hartan ez zegoen txiparik, eta gaur egun sekulako kontrola dago. Gainera, lehenengoan gutxi entrenatuta joan nintzen, ez nekien zer zen serie bat, ez nekien entrenatzeko metodo bat zer zen. Eta nik bezala, uste dut asko horrela irteten zirela. Gaur egun erabat profesionalizatu da lasterketa, korrikalariak asko prestatzen dira.
Zerk egiten du hain berezi lasterketa?
Festa erraldoi bat dela. Alde batetik, urteko erronka da, baina era berean, urteko egun politenetako bat ere bai. Lasterketa bat baino gehiago da Behobia, hori argi daukat. Irten baino 2-3 ordu lehenago joaten gara hara. Ezagun asko ditut, haiekin egora eta bereziki giroaz gozatzera goaz. Hainbeste jende ikustea, kolore guztietakoak, giro onean… Ikaragarria da.
Oso gutxik esan dezakete mende laurden batez, etengabe, irten direla.
Orain dela gutxi irakurri nuen soilik 190 korrikalari daudela 25 urtez jarraian parte hartu dutenak, eta horietako bat ni naiz. Ziur aski honaino heldu naiz lesioekin zortea izan dudalako. Ez naiz atleta bat, korrikalari normal bat naiz. Ikasleek esaten didaten moduan, ‘ez zara aurrean gelditzen’, baina atzean ezta ere [barrez].
Zein helburu duzu igandekorako?
Nahiko ongi nago. Urriaren 20an Donostian 15 kilometroko lasterketa bat egin nuen, eta nahiko txukun amaitu nuen. Nik beti pultsometroa eramaten dut. Taupaden arabera egingo dut korrika, ez erritmoaren arabera. Taupadak igotzen badira, erritmoa jaisten dut. Halere, eguraldi ona eginez gero, hau da, 12-13 gradu inguru, saiatuko naiz ordubete eta 35 minutuko denbora egiten. Ez da marka erraza, nire adinerako nahiko ongi dagoela uste dut.
Semeak zer dio, marka hori gaindituko duela?
[Barrez] Bai, berak uste dut ni baino lehenago helduko dela. Ni baino atzerago aterako da, azkeneko tropelean, baina ziur gaindituko duela. Fisikoki primeran dago, fakultateak baditu.
Zein da zati politena zuretzat?
Garai batean, orain dela bost urtera arte, Lezo izan da, zalantzarik gabe. Nire buruaren propaganda egiten nuen eta ikasle asko gerturatzen ziren ni ikustera. Baina orain, ordea, Errenteria dela esango nuke. Oso polita da zati hori, sekulako giroa dago. Eta gero, Donostiako Bulebarrean senideak zain izaten ditut, azken txanpari aurre egiteko beharrezko indarra ematen didate.
Iganderako, izaten al duzu maniarik?
Bai. Garai batean edozein kamiseta erabiltzen nuen, baina nostalgia kontuengatik edo, nire auzoko kamisetarekin irteteko ohitura dut. Tolosako Izaskun auzoko elastikoa janzten dut, nire auzoa hemendik ere paseatzeko. Oso harro joaten naiz kolore hori-beltzekin.