Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira egitarau zabala Emakumeen Etxean
Antzezlana, dokumentala, hitzaldiak, autodefentsa feminista tailerrak eta erakusketa izango dira datorren astean hasi eta 15era bitartean. Helburua, indarkeria matxistaren gaineko hausnarketa egitea.
Azaroaren 25aren harira, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, egitarau zabala prestatu du Emakumeen Etxeak indarkeria matxistaren gainean hausnartu eta eztabaidatzeko. Hala, antzezlana, dokumentala, hitzaldiak, autodefentsa feminista tailerrak eta erakusketa izango dira datorren astean hasi eta 15era bitartean.
Lehen hitzordua datorren asteartean (hilak 12) helduko da. Bea Egizabal antzerkilariak eta Ane labaka bertsolariak haien azken ikuskizuna, Erradikalak ginen, emango dute 18:30ean hasita Emakumeen Etxean. Volar dokumentala emango dute hilaren 21ean eta eztabaidarako tartea zabaldu ondoren 18:00etan hasita. Bertha Gaztelumendik zuzendutako dokumentalean indarkeria matxistaren aurka bederatzi emakumeek egindako lan ausarta azaltzen da.
Hitzaldiei dagokienean, Miren Ortubaik indarkeria jasaten duten emakumeei ematen zaien arreta nola hobetu aztertuko dute. Zuzenbide penalean eta indarkeria sexistan aditua da Ortubai eta sistema penalaren gaineko hausnarketa emateko gakoak eskainiko ditu. Hitzaldia hilaren 26an izango da Emakumeen Etxean, 18:00etan.
Bi tailer eskainiko dituzte, bestalde, autodefentsa feministarekin lotuta. Lehenengoa, zortzi orduko tailerra izango da eta euskaraz Emagin Elkarteak eskainia. Erasoak identifikatzen eta indarkeria nola sortzen eta eraikitzen den eta zer ondorio dituen aztertuko dute. Hilaren 16an, larunbatarekin, izango da. Sare sozialekin lotutakoa da bigarren tailerra, eta hilaren 29 eta 30ean emango dute sei orduz. Ikastaroaren atzean, Setem Factoria Valores eta Colectiva #Akelarre Ciberfeministak. Sarean emakumeek eta arauz kanpoko genero identitateek jasaten duten indarkeria aztertuko dute.
Egitaraua borobiltzeko hilaren 19tik abenduaren 15era bitartean Errenteria tratu onen alde izeneko erakusketa zabalik izango da Emakumeen Etxean. Lan horren atzean, Errenteria-Oreretako hainbat ikastetxetako ikasleak daude.
Ikastaroen kasuan izena eman behar da, eta horretarako Zu zure Udala arreta zerbitzura jo behar dute interesdunek astelehen, asteazken, eta ostiraletan 07:30etik 15:00etara, eta astearte eta ostegunetan 07:30etik 19:00etara. Online ere eman daiteke izena.
Emakumeen Etxeak ateak zabalik ditu astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera 16:00etatik 20:00etara. Telefono zenbakia, honakoa: 943 449 630.