Uxue Urkia: «Jendea uretan ikustean ez zaizkizu Libiako trafikatzaileak inporta, ez metrailetak, ez ezer»
Oiartzuarrak hilabete bat eman du Libia inguruan, ‘Alan Kurdi’ erreskate ontzian marinel gisa. Joan den igandean, astebete luze baten ostean, Italiaren baimena jaso zuten ontzia bertan lehorreratzeko.
Zerk bultzatu zaitu erreskatatze lanak egitera?
Bereziki Mediterraneoan egun zer gertatzen ari den lehen eskutik ikusteko joan naiz hara. Nire aitak Sea-Eye GKEarekin kolaboratu ohi izan du, eta hortik ezagutu nuen proiektua. Deitu egin zidaten marinel bezala aritzeko, eta ez nuen zalantzarik izan. Misio bat egin dut, hilabetez.
Igandean 88 migratzaile lehorreratu zenituzten. Astebetez noraezean aritu zarete, ezta?
Bai, halaxe da. Erreskatearen unean 91 jaso arren, osasun arazoengatik hiru ebakuazio izan genituen. Azkenean 88 geratu ziren gurekin ontzian, sei-zazpi egunez. Egia esan oso gogorra izan da, jende asko ginen, eta guztientzako otorduak eta dutxak prestatzea zaila izan da. Baina beraientzako ere oso gogorra izan da. Hainbeste denbora lurra ikusi gabe pasatzea zaila egin zaie, urduri jartzen dira, erabat normala da hori. Azkeneko egunetan uraren kolorea aldatu egin zen, beste zonalde batera heldu ginelako. Haserretu egin ziren, berriz ere Libian ginela uste zutelako. Egia esan, ez da erraza momentu horiek kudeatzea.
Azken erreskatean dena ongi irten arren, zailtasun ugari pairatu dituzuela diozu.
Hori da. Larunbatean izan zen. Libia pareko nazioarteko ur eremura joan ginen, astebeteko bidaia egitera. Bost egun eman genituen jende bila. Bosgarren egunean abisua pasa ziguten eta hara heltzean bertan aurkitu genuen patera. Lehenengo unean ongi joan zen dena. Bi txalupa uretara bota genituen, horietako batean gidari izan nintzen. Jendea txalupara igotzen hastean Libiako trafikatzaileak agertu ziren, sekulako metrailetekin. Momentu luze batez ez ziguten erreskatatzen utzi, ez ziguten gerturatzen ere uzten. Oso frustragarria izan zen une hori. Orduan, jendea uretara saltoka hasi zen. Eskerrak justu bost minutu lehenago salbamendu txalekoak eman genizkiela. Tentsio oso handia bizitu genuen. Guri ez ziguten mehatxatzen, baina uretara saltoka hasi zirenean haiek apuntatzen hasi ziren. Ez jasotzeko agindua eman ziguten beste behin. Oso une gogorra izan zen, uste genuen denak hilko zituztela. Ez dakit nola, baina pixkanaka jendea jasotzen utzi ziguten. Bederatzi pertsona erreskatatu ostean trafikatzaileek esan ziguten handik alde egiteko, ez genuela zer eginik bertan. Sekulako kaosa izan zen. Are gehiago. Tiroka hasi ziren, baina ez dakit zergatik, euren boterea adierazteko agian. Ez dakit nola, baina zorionez, ez zen ezer pasa.
«Oraindik egia esan, ez dut bizitutakoa asimilatu»
Nolakoa da Mediterraneoko migratzaileen errealitatea?
Oso latza. Oraindik, egia esan, ez dut asimilatu bizitutako guztia. Momentuan aurrera jotzen duzu, azken finean lanean zaudelako, eta aurrera atera behar duzulako. Jendea uretan ikustean ez zaizkizu Libiako trafikatzaileak inporta, ez metrailetak, ez ezer. Egoera oso zailak bizitu eta erabaki oso zailak hartu behar izan ditugu. Beti gogoratuko dut azken erreskatean gertatutakoa. Kubiertan ginen eta gizon bati uretatik ateratzeko esku bat bota nion, ez dut sekula bere aurpegia ahaztuko. Ez dakit nola, baina 90 kiloko gizon hura ateratzea lortu nuen, tiraka eta tiraka. Momentuko adrenalina izan zen. Gero, pentsatzen jarrita, ez dakit nola izan nintzen gai hori egiteko. Bidaiaren sentsazio orokorra izan da pelikula batean egon garela. Etxera iristerakoan imajinatzen dut orduan hasiko direla emozio guztiak ateratzen.
Nolakoa da egun bat erreskate ontzi batean?
Luzea. Gosaldu ostean guardiak egiten ditugu, kataloxekin jendea bilatzen aritzen gara, ea pateraren bat ikusten dugun. Orokorrean bi orduko guardiak izaten dira, eta egunean zehar errotatzen joaten gara. Egunez bakarrik egiten dugu, gauez ezin baita ezer ikusi. Paterek, gainera, ez dute argirik eramaten normalean. Erreskaterik ez badago, ontzian mantenu lanak egiten ditugu. Gero, gonbidatuei, hemen hala deitzen dietela migratzaileei, janaria, ura eta dutxatzeko aukera ematen diegu. Kasu egin, haiekin hitz egin, bakoitzaren esperientziak entzun…
Gogorra izan behar du egunero egoera horiek bizitzea.
Bai, oso gogorra da. Gogoratzen dut gizon batekin bizitutakoa. Barkuan pasatzen genuen bosgarren eguna zen, inolako albisterik jaso gabe. Bat-batean isilik geratu zen, eta nahiz eta hari hitz egin ez zuen erantzuten. Gerora hasi zen, zehazki niri guardia tokatu zitzaidanean. Haren alboan jarri nintzen, lasaitzeko asmoz. Oso gaizki zegoen psikologikoki, etengabe zioen ea krimena ote zen gizon beltza izatea, eta asko sufritu zuela Libian. Bi urte pasatu zituen kartzelan, ez zuen ulertzen zergatik sufritu behar zuen hainbeste. Momentu horretan esan zidan pentsatu zuela itsasora salto egitea eta bere bizitzarekin bukatzea. Oso zaila da egoera horiek kudeatzea.
«Ontzira igo eta berotzen hasten direnean kantari eta dantzari hasten dira denak. Oso momentu polit eta hunkigarria da»
Migratzaileak ontzira igotzean, zein izaten da euren lehen erantzuna?
Uretan negarrez eta erabat etsita egoten dira, hotz handia pasatzen dute gehienek. Baina ontzira igo eta berotzen hasten direnean kantari eta dantzan hasten dira denak. Oso momentu polit eta hunkigarria da.
Orduan, amesgaiztoa amaitu dela pentsatzen dute, ezta?
Bai, hori da. Dena pasa dutela pentsatzen dute, okerrena joan dela. Oso pozik egoten dira. Baina, ez dakite oraindik datorkien guztia Europan. Erabat idealizatua dute Europa. Hona iristen dira eta kontzentrazio eremuetara eramaten dituzte, urtebetez agian. Ez daukate bizitza erraza hona iristen direnean, eta hori iristen badira, noski.
Hilabete honetan, zenbat lagun jaso dituzue?
Erreskatatzen aritu ginen aste horretan beste bi ontzi zeuden gurekin batera lanean. Ez dakigu ziur zenbat, baina egun bakar batean 300 gonbidatu inguru jaso ditugu. Halere, oso zaila da jakitea. Ez dakigu zenbat harrapatzen dituzten trafikatzaileek, eta are gutxiago itsasoan hondoratzen direnak.
Irtenbiderik badago?
Erreskate barkuak ondo daude, baina guk ez dugu arazoa konponduko. Arazoa Libian konpondu behar da, eta Libiatik behera. Eta bereziki, Afrika espoliatzeari uztea beharrezkoa da. Ez dakit zein den irtenbidea, baina konponbidea ez da jendea uretatik ateratzea. Irtenbidea litzateke jendea Libiatik eta bestelako herrialdeetatik atera behar ez izatea, paterarik ez egotea.
Etorkizunari begira, esperientzia errepikatzeko prest al zaude?
Bai, nire buruak ezetz esaten dit, baina nire bihotzak baietz. Ziur aski berriro hara joango naizela. Orain arnasa hartu behar dut, dena asimilatu, pilak kargatu.