Asfaltoan arrastoa utzi dute
Behobia-Donostia lasterketa irabazi du Xakib Laxgarrek, eta Elena Silvestre, berriz, helmugara heltzen lehen emakume gipuzkoarra izan da. Sakrifizioak izan du saria bi errenteriarrentzat.
Lehenengoz hartu du parte aurten Behobia-Donostia lasterketan Xakib Laxgar errenteriarrak, baita irabazi ere. 25 urte pasatu dira berriz ere gipuzkoar batek lasterketa irabazi duen arte, eta errenteriarra izan da garailea. Elena Silvestre ere errenteriarra da: lasterketako helmugara heltzen Gipuzkoako eta Euskal Herriko lehen emakumea izan da. Ez du lehen aldia Behobia-Donostia lasterketan, baina hiru urte ziren parte hartzen ez zuela. Lasterketa izan eta hiru egunera egin du hitzordua Hitza-k biekin. Jakin badakite handia dela egin dutena; Laxgarrek batik bat, lasterketa irabazi duelako ibilia ez zen modalitate batean, eta lasterketa luzeetan eskarmentu handia duten 30.000 lasterkarien artean, onena izan delako.
Ez du irabazi Silvestrek, baina ez da nolanahikoa bere lorpena. Ordubete eta hamabi segundoko denbora behar izan zuen lasterketa osatzeko, eta helmugaratutako laugarren emakumea izan zen. Lortutakoarekin izugarri pozik daude biak; pertsonaletik harago, Errenteriaren izena zabaltzen lagundu du batez ere Laxgarren lorpenak eta harro dago horregatik.
Pistako lasterkariak
Pistan ibiltzen dira batik bat Laxgar eta Silvestre. Lasterketa mota hori «sakrifikatuagoa» dela esaterakoan bat datoz biak, «azkenean, zure lorpenez zu baino ez zara jabetzen, ez du Behobia-Donostia lasterketa batek duen sona eta zabalkundea». Aurtengo Behobia-Donostian parte hartzea ez zegoela bere lasterketa egutegian txertatuta aitortu du Silvestrek, «ez naiz hura zehazki prestatzen aritu, une honetan krosen denboraldia prestatzen ari nintzelako, eta horietan beste distantzia eta beste erritmoak daudelako. Duela hiru aste hamabost kilometroko Donostiako klasikoa egin nuen, nahikoa ondo aritu nintzen eta distantzia luzeetan eroso sentitu nintzela ohartu nintzen. Entrenatzaileari esan nion Behobia-Donostia lasterketa egin nahi nuela, egitea gustatzen zaizun horietako lasterketa bat delako; asko motibatzen du». Parte hartzeko ideiarekin egin zuen aurrera, baina ez zuela espero inondik inora ere egin zuen denbora egitea ezta podiumera igotzea ere, «ez dut prestatu, eta sorpresa izan da».
Behobia-Donostia lasterketa ere ez zen Laxgarren plangintzaren barruan: «Pistan aritu naiz, eta uztailean geldialdia egin nuen; abuztu osoan ez dut ezer egin, eta iraila hasieran hasi nintzen entrenatzen. Fondo gehiago hartu nahi nuen, eta horri begira hasi nintzen entrenatzen, 5.000ko edo 10.000ko bat egiteko. Errodaje luzeak egiten hasi nintzen, eta entrenatzeaz gain, lasterketa luzeak egiten hastea erabaki nuen, prestaketarako oso ondo datozkidalako». Maratoi erdia egin zuen lehenik, eta ordubete eta bost minutuan osatu zuen; Lizuniagako igoera ere egin zuen Laxgarrek, eta duela hamaika urtetik zegoen errekorra hobetu zuen errenteriarrak. 16 minututik beherako denbora egin duen lehen korrikalaria izan da (15.55 egin zuen). Donibane Lohizune-Hondarribia egin zuen Lizuniagako igoeraren hurrengo egunean, maratoi erdia ere, eta bikain aritu zela dio, «ikusi nuen luzean ere ondo aritu nintzela, ondo moldatzen nintzela, eta gainera Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileek gonbidatu egin ninduten parte hartzera. Hemen bizi naiz, ez nuen inoiz parte hartu lasterketan, eta 20 kilometroko lasterketa egitea prestaketan ondo zetorkidala erabaki nuen. Eguraldi txarra zegoen iragarria, hala egin zuen, eta uneaz disfrutatzera atera nintzen».
Eguraldi txarra izanik, lasterketa erabat taktikoa bihurtu zela dio: «Lortzen banuen hasierako tropelera engantxatzea amaierara arte, esprintean irabazteko aukerak izango nituela pentsatu nuen, lasterketa asko hala irabazi ditudalako; esprintean bikain nabil. Lehenengo bosten artean egoteko aukera ikusten nuen».
Marka ona egiteko aukera
Denbora ona egiteko aukera aurreikusi zuela dio Laxgarrek, «lasterketa luzeak ez ditut menperatzen, ez nekien zein erritmo eramango zuten beste lasterkariek, nola prestatu zuten, eta zalantzak nituen. Baina baldintza zehatz batzuetan aukerak banituela denbora ona egiteko aurreikusi nuen. Hala izan zen, alde izan nuen guztia, eta zoragarria izan zen». Garaipenaren ajean murgilduta dabil oraindik Laxgar, «sentsazio hauek azaltzeko hitzik ez daukat, eta honek ez du preziorik; pozik, oso pozik nago, eta pila bat gozatzen ari naiz une honekin».
Helmugaratzea oso une hunkigarria izan zen Silvestrerentzat ere bai, «hasieran atera ginen emakumeen taldean ez nintzen gipuzkoar bakarra, eta banekien horien artean izango nintzela. Bidean atzean gelditzen hasi ziren, eta talde horretatik bakarra nintzela ikusi nuenean, batez ere amaieran, hasi nintzen kontziente izaten lortutakoaz. Lasterketan ari zarenean ez zoaz pentsatzen zein postuetan zoazen, bidea egiten zoaz, horretara zaude, lasterketan buru-belarri eta amaieran ohartzen zarenean emozioa eta poza azaltzen dira bat-batean; erdi negarrez heldu nintzen helmugara. Oso hunkigarria izan zen, baita podiumera igotzea ere. Emozio asko dira batera».
Behobia-Donostia berezia dela diote lasterkari guztiek, izugarria dela bizitzea. Bat datoz Laxgar eta Silvestre: «Parte hartzaile kopuruak oso berezia egiten du, publikoak, giroak. Izugarria da». Silvestrek harago jo du, «jendeak dena ematen du, bai lasterkariek eta baita publikoak ere. Lasterketan parte hartzen dugunok eta ez dutenek lasterketaz hitz egiten dute, berezia da jende guztiarentzat, parte hartzen ez duten nire lankideek ere hitz egiten dute Behobia-Donostiaz, jendeak bizi du. Atletismoan, pistan lehiatzen zarenean inor ez da enteratzen, eskergabeagoa da, oso sakrifikatua da; egiten duzuna zuretzat da eta kito. Behobia-Donostian jendeak dena ematen du, eta atleta gisa korri egiteko izugarri motibatzen du. Hori kontuan hartuta, aurretik korritzen dugunok ez dugu lasterketa atzetik datozenek bezala bizitzen, gu azkenean korri egitera goazelako, denborak hobetzera. Izugarria da korri egiten duenaren eta animatzen duenaren emozioa, ez dago hitzik».
Oro har sufrimendua dagoela atletismoan aitortu du Laxgarrek, eta Behobia-Donostiaren zailena ez dela erregularra dio, «maldak daude, ez da laua eta horrek erregulatzea, neurria oso ondo hartzea esfortzuari eskatzen du. Eguraldia, gainera, oso txarra izan zen».
Bat egin du Silvestrek: «Berotzen ari zarenean bustitzeak zaildu egiten du, eguraldiak ez zuen lagundu, eta etengabe erregulatzen joan behar duzu ibilbide osoan zehar maldatsua delako. Neurtu behar zara asko, bestela ez zarelako amaierara heltzen, luzea eta gogorra da».
Sakrifizioa eta sufrimendua aipatu dituzte, baina asebetetzea gailentzen dela diote, «bestela ez ginateke atletismoan arituko».
Emakumeen parte hartzea
Behobia-Donostia lasterketa amaitu berritan, lanean jarraitzen dute, entrenatzen, korri egiten. Hilaren 24an Donostiako maratoia jokatuko da, eta Silvestrek ez duela parte hartuko dio; Laxgarrek bai, bertan izango da, baina emakumeen taldearekin erbi lanak egingo ditu 23 kilometroz: «Ez dut maratoia egingo, ez nagoelako prestatuta horretarako, eta ez nuelako buruan ere». Silvestrek krosetara bideratuko du bere prestaketa neguan, «urtarrilean egingo dut asfaltoko zer edo zer, baina orain krosekin zentratu nahi dut».
2025eko Behobian emakumeak korrikalarien erdia izatea jarri du erronka Fortuna Kirol Elkarteak. Aurrera urratsak egin badira ere, eta gero eta emakume gehiago animatzen badira ere parte hartzera, lan handia dago egiteko oraindik. Aurten lasterkarien %25,8 izan dira emakumeak.
Silvestrek «lorgarri» ikusten du erronka hori, «gero eta emakume gehiagok hartzen dugu parte lasterketan, bide onetik goazela uste dut». Antolatzaileek eliteko emakumeei keinu egin dietela nabarmendu du, «bost minutu aurretik atera ginen ikusgarriago egiteko gure presentzia, eta oso polita iruditu zitzaidan keinu hori, zazpigarren kilometrora arte emakume talde nahiko handia joan ginelako batera. Oso polita izan zen, besteetan gizonen artean kamuflatuta goazelako korrika, eta ez zaigu ikusten». Gauzak ongi egiten ari diren sentsazioa duela dio, «handitu egin delako asko emakume parte hartzaileen kopurua, eta espero dut hori igotzen jarraitzea».
Lortutakoarekin, harro
Duela 10 eta 9 urte heldu ziren Errenteria-Oreretara Laxgar eta Silvestre, hurrenez hurren; Marokotik lehena, eta Terueletik bigarrena. Duela bederatzi urte hasi zen lanean Errrenteriako okindegi batean Laxgar, eta bertan bizitzen hasi zen, «aurretik ezagutzen nuen. Irun eta Zumarragan izan nintzen, eta Errenterian lanean hasita bertan bizitzen hasi nintzen. Badirudi bizi osoa daramadala bertan, niretzat nire etxea da. Meskita eta teteria daude gainera, eta horrek ez du arrotz egiten. Bertako jendea ere atsegina da, eta ni behintzat, oso gustura nago bertan».
Behobia-Donostia lasterketa irabazi izana herriarentzat harrotasunerako arrazoia badela dio, «herritarrek jakitea beren herrian badagoela kirola egiten duen jendea, eta herriaren izena zabaltzen dutenak. Bihar alkateak [Aizpea Otaegik] harrera egingo digu [asteazkenean egin zien harrera; HITZA-k asteartean elkarrizketatu zituen)».
Ikasketak amaitzera heldu zen Euskal Herrira Silvestre, «hilabete batzuk falta zitzaizkidan ikasketak amaitzeko, eta hona etorri nintzen. Ez nuen inongo loturarik honekin orduan, baina jaioterrira itzuli behar nuenean hain gustura sentitzen nintzen hemen, erabaki nuela zerbait bilatzea gelditu nahi nuelako. Doktoradutza hasi, eta ondoren lanean hasi nintzen. Hilabete batzuetarako etorri eta ia hamar urte bete dira heldu nintzenetik. Iritsi eta gutxira bikotekidea ezagutu nuen —Xabier Lukin, lasterkaria da bera ere, eta Errenteriako azken urteetako San Silbestre lasterketak irabazi ditu, besteak beste— eta duela zortzi urte heldu nintzen Donostiatik Errenteriara». Herrian oso babestua sentitzen dio, «ezagutzen dudan jendeak oso ongi hartu nau. Nire lorpenak bereak bailira bezala sentitzen dituzte. Harro daude. Niretzat, kanpotik heldu naizela, izugarria da. Plazera da».
Korrika egitea pasioa da Laxgarrentzat, «ez nuke utziko, hankak ditudan bitartean korrika egiten jarraituko dut; niretzako guztia da korri egitea, zoratzen nau». Silvestrerentzat bere bizitzeko modua da, «zortzi urterekin hasi nintzen atletismoa egiten eta ezingo nuke utzi, urte batez utzi nuen, baina bestela beti egin dut korri. Behar dut, eta lesionatua nagoenean eta ezin dudanean korrika egin, izugarri sumatzen dut beharra. Onerako edo txarrerako, engantxatuta gaude».
Mezua helarazi diete Laxgarrek eta Silvestrek haur, gazte, eta hain gazteei: kirolera hurbil daitezela. «Zapatilak jantzi eta atera korrika egitera, poliki eta diziplina askorekin lortzea dagoelako proposatzen duzun hori. Gainditze kontua da, zure burua hobetzen joatea. Atletismoak beste balio batzuk sustatzen ditu, zure buruarekin ari zara, hobetzen ari zara etengabe, baina gogorra da, asko entrenatu behar zarelako. Fondoko lasterketa bat da, baina asebetetze pertsonaletik harago, pertsona gisa egiten dizun ekarpena izugarria da».
Errenteriari eta errenteriarrei eskerrak eman dizkiete biek, «oso ondo sentiarazten gaituztelako hemen, beren babesa sentitzen dugulako».
Xabier Lukin errenteriarra ere bikain aritu da Behobia-Donostian
Xabier Lukin izan da Behobia-Donostia lasterketako beste izarretako bat. Errenteriarra 16. postuan heldu zen helmugara, zazpigarren gipuzkoarra izan zen, Oarso Bidasoko bigarrena, eta denbora ikaragarria egin zuen: 1.05.03. Lasterketa bera «gozamena» dela dio, «aurten bereziki prestatu dut, beste urteetan ez, neukanarekin joaten nintzen, eta konfiantza handiarekin atera naiz. Erlojua begiratu eta espero zenuen moduan ari zarela ikusteak, eta lasterketan dagoen giroak, aurreko sufrimendu eta une txarrak ahaztarazten dizkizu, konpentsatu egiten da». Lasterketan ondoan jende oso inportantea ikusteak hunkitu zuela esan du, «Chema Martinez olinpikoa, munduko txapelduna, horren parean nindoan, korrika parean».
Hunkigarria izan zen beste uneetako bat: Errenteriara heltzeko unean bere bikotekidea, Elena Silvestre, bera baino minutu bat aurrerago ikustea. «Antolatzaileek emakumeen irteera bost minutu aurreratu dute aurten, eta gure etxeko atari parean aurreratu nuen. Lehenengo taldean zihoan, eta ongi zihoala ikusi nuen. Subidoia bikoitza izan zen».
Egin zuen denbora, bere pronostikoen artean zegoen, «buruan nuen ordubete eta bost minutuan egitea oso ondo zegoela, eta lortu nuen».
Errenteriako azken lau San Silbestreak irabazi ditu, eta aurten ere ez du hutsik egingo, «ezin dut galdu, herrian halako jendetzarekin, oso berezia da». Behobia-Donostia ere berezia dela dio, parte hartzen duten guztiek bezala, «tradizioagatik, jendetzarengatik, denek ezagutzen dutelako. Proba lineal bat da, normalean zirkularrak izaten dira eta hau ez, leku askotatik pasatzen zara; ez da beste halako probarik hemen. Meka da».
Hiru aste itxoin eta lasterketaren bat eta krosen bat egingo dituela dio, «laster San Silbestrea izango da, eta urtarrilean Valentziara goaz Elena eta biok 10 kilometroko lasterketa egitera. Marka polita egiteko aukera aproposa izango da».