Bi Bemol musika bikotea, Buskers Festivaleko finalera
Amaia Mitxelena eta Edurne Saizar oiartzuarrek osatzen duten bikotea finalera pasatu da. Donostiako Gabonetako Ferian izango da.
Orain dela hilabete pasatxo, Buskers Festival egin zuten Donostian. Inguruko hainbat musika bikotek eta bakarlarik hartu zuten parte. Tartean ziren Bi Bemoleko oiartzuarrak. Amaia Mitxelena eta Edurne Saizarrek osatzen dute taldea: Mitxelenak abesten du, eta Saizarrek teklekin aritzen da.
Bikoteak urriaren 10ean Ugari tabernan eta biharamunean Sport K tabernaren kanpoaldean eman zuen kontzertua, eta epaimahaikideek gustuko izan zituztela dirudi, finalera pasatu baitira, beste lau musikarekin batera. Filipe Court, Iker Gutierrez, Maria Martinez eta Olaia Toral dira gainontzeko finalistak.
Finala Donostiako Sustapenak antolatzen duen Gabonetako Azokan izango da —data oraindik ez dute jakinarazi; iaz abenduaren 7an izan zen—. Lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, eta bigarrena, 800 eurokoa. Horiek epaimahai ofizialak erabakiko ditu. 500 euroko sari bat erabakiko duena Gipuzkoako Ostalaritza Elkartekoak izango dira. Eurak dira antolatzaileak.