Kolonbiako nasa herriari elkartasuna adieraziko diete larunbatean
Cauca eskualdeko egoera salatu nahi dute, eta herritar guztiei deitu diete Egiar mairu-baratzera joateko. Elkarrekin joango dira Done Eztebe plazatik.
Kolonbiako Cauca eskualdean dagoen indarkeria egoera salatzeko, eta hango nasa jatorrizko herriari elkartasuna adierazteko, agerraldia egingo dute datorren larunbatean. Garabide Elkarteko eta UPV-EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako kideek egin dute deialdia. Egiar mairu-baratzean elkartuko dira, larunbatean, 11:00etan. Jakinarazi dutenez, ordubete lehenago geratu dira Done Eztebe plazan, norbaitek joateko bitartekorik ez balu.
Kolonbian hilaren 21erako mobilizazio eguna deitu dute, bortizkeria gelditu eta bake hitzarmena bete dadin eskatzeko.
CRIC (Consejo Regional Indigena del Cauca) erakundeak kontatu duenez, aurten 68 hilketa, 179 mehatxu, 15 atentatu, 15 sarraski, 7 ekintza armatu babestutako lurralde indigenan eta 6 eraso gogor izan dira. Gainera, sei gaztetxoren errekrutatze derrigortua eta gutxienez 200 gaztetxo errekrutatze arriskuan daude.
Hori guztia gelditzeko asmoz, Euskal Herritik bat egin nahi dute haien aldarrikapenarekin. Oiartzungo Udaleko bi ordezkari izango dira bertan: Iosune Cousillas eta Haizea Saiz de Egilaz zinegotziak.