Emeen hitzak iruten hasiko dira bihar
Asteburuan hasiko da aurtengo Hitzen Lihoa, ‘Ele emez’ izenburupean. Parrokian diziplina asko lotuko dituen ikuskizuna, bihar; irakurketa jarraitua, etzi.
Emakume tonuarekin dator aurtengo Hitzen Lihoa, emakume sortzaileak izango baitira protagonista. Ele emez izena jarri diote aurtengo ekitaldiari, eta bihar izango da lehenengo jarduera.
Diziplina askotako emakume sortzaileak bilduko dira Done Eztebe parrokian bihar, 19:00tan. Ainara Lasaren Aldarea performance-ak haria eta zentzua emango die ondorengo artisten emanaldiei: Begoña Bergaretxe organistarena; AMAK taldeko trikitilariena; eta Zuberoako plazetan emakumeen presentzia aldarrikatzen duten Topa Noka taldeko dantzariena.
Etziko jarduerak ez du interes txikiagoa izango. Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eleberriaren irakurraldi ozena egingo dute udaletxean, 10:00etan hasita. Bitartean, ordu horretan —eta 11:00 eta 12:00etan—, liburuan oinarritutako filma eskainiko dute liburutegian.
Hurrengo asteburuan, gehiago
Egun batzuetan indarrak gorde ondoren, datorren ostegunean bueltatuko da Hitzen Lihoa. Emakumeek sortutako lanak ekartzen jarraituko dute.
Eta azken egunerako, antzerkia. Herriko bi artista gaztek —Lohizune Telletxeak eta Luix Mitxelenak— Goiatz Labandibarren ipuin batean oinarritutako Behin mundua berea izan zen antzezlana jokatuko dute. Ondoren, Yoseba Peñaren Hariak liburuan oinarritutako sentikaria jokatuko dute.
Ele emez. Egitaraua
- Bihar: 19:00etan, Ainara Lasa + Topa Noka + A.M.A.K., parrokian.
- Etzi: 10:00etan, Zergatik, panpox? irakurraldia (udaletxean) eta film emanaldia (bibliotekan). 14:00etan, bazkaria.
- Hilak 28, osteguna: 19:00etan, 1936ko Gerraren aurreko emakume idazleei buruzko mahai ingurua, udaletxean.
- Hilak 29, ostirala: 19:00etan, Muga deitzen da pausoa filma, udaletxean. 22:00etan, Andre eta jabe poesia errezitaldia, bibliotekan.
- Hilak 30, larunbata: 22:30ean, Ines Osinagaren kontzertua, udaletxean.
- Abenduak 1, igandea: 18:00etan, Behin mundua berea izan zen antzezlana eta Hariak sentikaria, udaletxean.
- Abenduak 4, asteazkena: 17:00etan, haurrentzako ekitaldia, ludotekan. 18:30ean, prosa eta poesia sarien banaketa, udaletxean.