«Kulturaren oinarriak indartu beharko lirateke»
Maria Mendizabal soprano oiartzuarrak mundu erdian jaso du formazioa, eta aldi berean toki askotan azaldu du bere maila. Oiartzunen ere izango da abesten.
Maria Mendizabal soprano oiartzuarrak, Musikaren Eguna den honetan, bere ibilbidea errepasatu du, eta musikari, kulturari eta kontsumo ohiturei buruzko gogoetak egin ditu.
Zuen etxean txikitatik izan duzue harremana musikarekin, aitaren eraginez.
Oiartzunera bi urterekin etorri nintzen bizitzera, eta bertan egin nituen ikasketak, baita musikalak ere. Lartaun Abesbatzan hasi nintzen, eta gero Errenteriako Andra Marin eta Donostiako Orfeoian ere aritu nintzen.
Ikasketa normalak egin nituen —ingeniaritza—, eta beti esaten zidaten ‘Zein ongi kantatzen duzun’. Ikastaroak egiten hasi nintzen, eta lehiaketa pare bat egin nituen. Diru laguntza bat lortu nuen AEBtara joateko. Urtebetez egon nintzen han, eta bueltan, lehiaketen finalista izatetik irabazle izatera pasa nintzen. 1997 ingurua zen.
Heldua zinen ordurako.
Txikitan kantatzearekin amesten nuen. Garai hartan, musika eta aktuazioarena aparte egiten ziren gauzak ziren. Etxean jaso nuen heziketa erabilli nuen alde batetik besteek egiten zutena apreziatzeko, eta bestetik, kultura bat sortzen zuelako. Baina ez ninduten horretara bideratu.
Ikastaroak-eta egiten hasi nintzenean, ikusi nuen banuela erraztasun bat. Ingeniaritza ikasten ari nintzenean, bazeuden ikasgai batzuk penetraezinak zirenak. Musika, ordea, zerbait naturala eta erraza zen, disfrutatzen nuena ikasten, ez bakarrik kantatzen. Konturatu nintzen besteentzat ez zela hain erraza, eta bazuela meritu bat. Pentsatu nuen hori zela nire bidea, eta aprobetxatu nuen.
Herrialde askotan ibili zinen: AEBetan, Italian, Alemanian… Zein ibilbide egin duzu?
Teatroko bakarlari izateko lehenengo lan eskaintza Bilboko Arriaga antzokiak egin zidan, eta bere ekoizpen batekin Sevillan izan nintzen. Ondoren, Madrileko Zarzuelan aritu nintzen, Teatro Realen… Estatuko antzokietan aritu nintzen, eta gero, Pragara.
Ondoren, Italian nengoela, aktuazio ikasketak egitea erabaki nuen. Askotan, kantarioi iruditzen zaigu antzezpena erraza dela. Aktore soil gisa aritu nintzen, nahiz eta gehienetan eskatzen zidaten zerbait abestea. Baina gehien gustatzen zaidana da kantatzea antzeztutako obra batean; antzerki hutsa egiten nuenean beti pentsatzen nuen, ‘Noiz dator aria hori?’. Horrek guztiak lagundu zidan aktoreen lana baloratzen, eta disfrutatzen. Ipar Amerikan egon naiz, Hego Ameriketan ere bai, zarzuela egiten. Horrek asko du bietatik, eta oso gustuko dut. Baita errezitaldiak ere!
Non aritzen zara erosoago?
Biak gustatzen zaizkit, baita oratorioa ere. Ekoizpen bat asko entseatzen denean, hor egongo zara erosoen. Obra antzokian bertan entseatzean, egun askotan, zure etxe modukoa bihurtzen da. Errezitaldietan, normalean, ez dugu aukerarik toki berean entseatzeko. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu.
Europa erdialdean egon zara, musika kultuaren sehaskan. Hemen baino gehiago baloratzen dute musika mota hori? Bestelako kultura bat dute?
Txekiar Errepublikan edo Alemanian ikusten duzu kristoren kultura dutela, eta ez musikala bakarrik, era guztietakoa. Hiri txiki bakoitzean teatro bat dago, bere konpainia egonkorrarekin. Eta denetarik egiten dute: opera, sinfonikoa, popularra, rocka… Kuadrilla guztietan dago biolina jotzen duen norbait, edo flauta jotzen duena. Askoz ere kultura gehiago dago: Pragan, astero daude kontzertuak, edozerenak.
Musika kultuari dagokionez, lehengoan lagun batek esaten zuen zaharren musika zela. Eta nik esan nion ezetz, Mozart 36 urterekin hil baitzen. Eta berak 60 urte ditu! Ikusi Euskadiko Orkestra: jotzaile gazteak badaude. Zaharrak ere bai, noski, hor jarraitzen dutelako. Europa erdialdeko gazteek musika klasikoa jotzen dute, eta, gainera, egungo musika —rapa, diskoteketan jartzen dutena…— gustuko dute.
Euskal Herrian badago abesteko zaletasuna. Eta Errenterian, inon baino gehiago. Han kozinatu zen nire zaletasuna, eta aita bera ere hangoa da. Errenterian jende asko dago aditua dela. Ez ikasi duelako, baizik eta belarri ona duelako.
Hori bai, uste dut beste pauso bat ematea falta dela, eta da konturatzea musika ogibide bat izan daitekeela. Zaila da, baina merezi du horretan saiatzea, bai ikasle bezala, baita hezitzaile bezala ere. Ongi dago abesbatza amateurrak, kalitatezkoak, sortzea, baina uste dut beste pauso hori falta dela, Euskadiko Orkestrarekin egindakoa bezalaxe. Hemen ikusten dudana da jarduera asko daudela, normalean jendearen borondate onari esker: opera egiteko, musika klasikokoak… Baina beti, prekarietatean daude.
Aisialdiko jarduera bezala ikusten da kultura. Horren alde egin beharko litzateke, eta ez itxura bakarrik: halako festibala dago, halako txapelketa… Ez, oinarriak indartu beharko lirateke.
Zaila da musikatik bizitzea?
Ustekabean bukatu nuen horretan, atea ireki zelako. Gauza bat da hastea, eta bestea horretan mantentzea. Krisia hasi zenean, aurrekontuak asko murriztu ziren, emanaldiak gutxiagotu. Jendeak ikasten jarraitzen zuen, eta horientzako lekua egiten zen, baina uste dut gurpil hori ez dagoela behar bezala koipeztatua, eta batzuetan geldi daitekeela. Nik ahotsean arazo batzuk izan nituen, eta ez da lan gaixotasun bezala kontsideratzen…
Beraz, ilun ikusten duzu?
Bai, baina dena da ez delako oinarritik kontuan hartzen. Jendeak esaten dit ez dela beharrezkoa. Hori ez da egia, toki guztietan erabiltzen da musika. Interneten eraginez, musika bihurtu da zerbait banala, ematen duela merkea izan behar duela. Edo dohainik. Ez dugu baloratzen sorkuntzaren atzean dagoen lan hori guztia. Globalizazioa da; toki berean bukatzen dugu beti [barreak], baina hala da.
Herrietan denda txikiak desagertzen dira, hipermerkatuak agertzen direlako. Hasieran prezio merkea jartzen dute, baina gero, konpetentzia desagertzean, prezioa igo eta haien esklabu bihurtzen gara. Zinema eta musikarekin antzeko zerbait gertatzen da. Aukera badago filma etxean ikusteko, jendea ez da zinema aretora joaten, baina kalitatea ez da berbera.
Ez al da lana baloratzen? Gainkontsumitze bat al dago?
Ez. Ez da konturatzen duen balioan. Eta bai, badago gainkontsumo bat. Txorakeria bat irudituko zaizu, baina beti gertatzen zait, telebistan eguraldia ikusten dudanean, badagoela atzetik sintonia bat, eta momentu bat iristen da nazkatzen nauena. Horrek esan nahi du jendeak ez duela entzuten. Seguru aski, erakargarriagoa egingo du, eta horri begira gehiago egongo dela.
Merkatalguneetan jartzen duten musikarekin gertatzen denaren antzekoa da: erakarri nahi duten bezero motaren arabera jartzen dute musika, eta dendan egongo den denbora horretan ez dio erlojuari begiratuko. Sorkuntza bezala erabili beharrean, amu bezala erabiltzen da musika. Badago jende asko ez duena jasaten isiltasuna. Ni kontrakoa naiz: isiltasuna dagoen toki batera iristean esaten dut, ‘zein ongi!’.
Musika entzuna izateko da, ez aditua izateko. Batzuetan erlaxatzeko balio dezake, edo alderantziz, energia sortzeko. Isiltasuna musikaren zati garrantzitsua da; ongi egitea, behar duten luzerakoak izatea, eta horrek efektu oso garrantzitsuak sortzen ditu, baita bizitzan ere.
«Erakutsi nahi dugu hemen badagoela musika klasikoa»
Zein proiektu dituzu esku artean?
Datorren igandean [etzi], Maria Barandiaranek eta biok kontzertua emango dugu Balentziaga Museoan [12:30ean, dohainik]. Erakusketa eta gauza asko egin dira Balentziagari buruz, jostunak pinturarekin edo zinemarekin zuen harremanari buruzkoak, adibidez.
Barandiaran eta biok bikote egonkorra gara, eta hainbat kontzertu eman ditugu azken urteetan. Balentziagari buruzko kontzertua prestatu dugu: Balenciaga y la música. Aztertu ditugu joskintzaren mundua eta musikarekin zuen erlazioa. Garaiko konpositore euskaldunen —Jesus Guridiren, Aita Donostiaren eta Maurice Ravelen— lanak sartu ditugu. Badituzte puntu batzuk komunean.
Zein ezaugarri dira horiek?
Guridi Balentziaga baino hamar urte lehenago jaio zen, eta Aita Donostia are lehenago, baina garaikideak dira. Hubert de Givenchyk idatzi zuen Balentziagaren obran euskalduntasuna ikusten zela: koloretan, soiltasunean, arrantzaleen jantzietan, elizan ikusten zuen jende aberatsaren jantzietan… Gainera, isiltasuna asko baloratzen omen zuen, eta bere tailerrean nagusitzen zen.
Hor dago euskal musikagileen soiltasun hori: malenkoniatsuak izaten dira, euria, hotza… Hala ere, malenkoniaren barruan ere badago alaitasuna eta sentsibilitatea. Hor badute lotzen dituen hari bat. Gainera, laurak Parisen egon ziren, modarentzat eta musikarentzat oso garrantzitsuak baitziren.
Enrique Granados musikari katalanaren lan pare bat ere sartu ditugu errepertorioan, kontzertuaren azken parterako. Asko oinarritzen zen Francisco Goyaren koadroetan. Madrilen, garai hartan, globaltasunik ez zegoenean, segun eta zein auzotan bizi zinen, janzkera bat zenuen, eta Goyari asko gustatzen zitzaizkion Los majos y las majas, Malasañako biztanleen moda. Mitoaren arabera, La maja desnuda margolana Albako Dukesa zen… Hain modan zegoen majoen kontu hori, Dukesa hark gustuko zuela Malasañara joatea eta majek bezala janztea.
Balentziagak gustuko zuen hura, eta erakarrita sentitzen zen, batez ere hasieran, eta nabaritzen zen bere lanean. Horregatik sartu dugu kontzertuan. Kontzertu dramatizatua izango da, zarzuela bat izan gabe. Kasu honetan gazteleraz izango da, baina zergatik ez etorkizunean euskaraz eta gazteleraz egin, Ahobizi eta Belarriprest filosofia jarraituz?
Amodioaren mapa ere osatu duzu Barandiaranekin batera. Zertan datza?
Orain dela urte pare bat bueltatu nintzen Madrildik Oiartzunera. Maria Barandiaranek eta biok Amodioaren mapa emanaldia eskaintzen ari gara orduz geroztik.
Musikan, askotan, amodioa da gai zentrala, eta hartu ditugu munduan zehar dauden amodiozko kantak, Euskal Herritik hasita. Erakutsi nahi dugu Euskal Herrian badagoela musika klasikoa, badagoela kantu eta pianorako musika, eta munduan dauden musiken maila bera duela. Beharbada gutxiago, txikiagoak garelako. Lehen zatian euskal konpositoreen lanak eskainiko ditugu, Jesus Guridi eta abarrenak, baina baita Joseph Canteloubenak ere. Auverniarra izan arren, euskal musikaren kutsua nabaritzen zaio. Alemania, Frantzia, AEBtako eta abarretako egileen lanak ere eskaintzen ditugu.
Oiartzunen otsailaren 1ean egongo gara, udaletxean. Susana Alonsoren kolaborazioa izango dugu bertan. Bideo ikuskizun txiki bat egin du, ikuskizuna osatze aldera. Nabarmendu nahi dut bi ikuskizun horiek osatzeko, emakumeek bakarrik egin dugula lan.