[Galeria] Emakumeen sorkuntza Abisoaren sakonunetik azaleratu dute
Hitzen Lihoaren bigarren ekitaldia gaur hasi dute, parrokian. Ainara Lasak, Begoña Bergaretxek, Topa Nokak eta AMAK taldeek emanaldia eskaini dute.
Hitzen Lihoa iniziatibaren bigarren ekitaldia hasi da gaur arratsean, Done Eztebe parrokian egindako emanaldiarekin. Aurtengo ekitaldiari Ele Emez izena jarri diote, emakume sortzaileen hitza plazaratu nahi dutelako.
Begoña Bergaretxe organistaren organoak jarri du hasierako musika, eta Ainara Lasa sortzaileak performance bat egin du, gaurko ekitaldiari eta iniziatiba osoari zentzua emateko asmoz. Eskafandra vernetiar bat jantzi du, eta emakumeen sorkuntza Abisoaren sakonunetik atera eta azaleratzea irudikatu nahi izan du.
Oiartzuarraren performancearen ondoren, Topa Noka taldeko neskek ikuskizun ederra eskaini dute. Dantza —nagusiki—, kantua eta emakume zuberotarren (hangoak dira eurak) testigantzak tartekatu dituzte. Txundituta uzteko moduko ikuskizuna eman dute, eta parrokian txalo zaparrada beroa eskaini diete, barruan 11 gradu egiten zituen arren.
Emakume gazteek proiektu gazte bati leku egin diote ondoren: AMAK. Proiektu berria izan arren, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan plaza asko egindako musikariak elkartu dira: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano. Maurizia Aldeiturriagaren irudi handi batek lagunduta, kontzertua eskaini dute, trikitia eta panderoa lagun. Ikus-entzuleek emanaldiarekin gozatu dute.
Datozen ekitaldiak
Hitzen Lihoak bihar goizean jarraituko du, emakume batek euskaraz argitaratu zuen lehen eleberriaren —Zergatik panpox— irakurraldi jarraituarekin. 10:00etan hasiko da. Aldi berean, liburu horretan oinarritutako filma eskainiko dute liburutegian.
Ostegunean bueltatuko dira jarduerak. Hemen klik eginda ikus daiteke egitarau osoa.